Albisteak

Zorrak tarteko, Espainiako zientzia jokoz kanpo
Europako Zientziaren Fundazioak (ESF) Espainiarentzako diru-laguntzak bertan behera utziko ditu 2013ko uztailetik aurrera

2013/03/15

Iruzkinik ez
bisita

ESF Europako 29 herrialdetan zientzia jorratzen duten 72 erakundek osatutako elkartea da. Gobernuz kanpoko elkarte independente horrek Europako ikerkuntzan elkarlana sustatzea du helburu. Espainiak bi ordezkari ditu elkarte horretan, Zientzia-Ikerketarako Kontseilu Gorena (CSIC espainierazko sigletan) eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioa. Erakunde bi hauek ESFko kide gisa dagozkien kuotarik ordaindu ez dutela argudiatuz, Espainiako zientzia-aktibitateak, batez ere, mintegi eta kongresuak, sustatzeko diru-laguntzak behin-behinean bertan behera uztea erabaki du ESFk.


Zorrak tarteko, Espainiako zientzia jokoz kanpo
Europako 500 euroko bileteen %20 Espainian dabilen arren, zientziara ez dira asko iristen

CSICen diharduen Saúl Ares ikerlariak jakinarazi zuen bere blogean diru-laguntzen etetea. Bartzelonako Zientzia-Parkeko Javier Bucetarekin batera Aresek ESFri diru-laguntzak eskatu zizkion nazioarteko mintegi bat antolatzeko. Joan den astean, ordea, ESFk jakinarazi zien elkarteak 2013ko uztailetik aurrera Espainian egingo diren aktibitateentzako finantzazioa bertan behera utzi zuela, hain zuzen ere, ESFko bi kide espainiarrek euren bazkidetzari dagokion kuota ordaindu arte.

Ministerioak afera honen inguruan isiltasunarekin erantzun duen bitartean, CSICeko zientzia-programetarako lehendakariorde adjuntu eta, aldi berean, erakundeak ESFrekin duen lotura den Eusebio Jiménezek baieztatu du CSIC prest dagoela bere bazkidetzari dagokion kuota (700.000 euro ingurukoa) ordaintzeko ministerioak zor dion dirua jaso bezain laster. ESFk 52 milioi euroko aurrekontua du eta ez du argitu izan nahi ez Espainiako bi erakundeek zenbateko zorra duten eta ezta ere Espainiako zenbat ikerlarirengan eragingo duen diru-laguntzen etete horrek. ESF, CSIC eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioa negoziazioetan dira eta, ongi bidean, apirilerako diru-laguntzen blokeo horrekin amaitzeko adostasuna lortzea espero dute.

Aresek bere blogean azaldu bezala, ordainketetan gertatu diren atzerapenak ez datoz bat otsailean Espainiak onartu zuen zientziarako estrategia nazional berriarekin, zeinak Europar Batasuneko programetan parte hartzeko diru-funtsak handitzea erabaki zuen. Espainia marka inoiz baino gehiago ezbaian den honetan, baina, panorama iluna da oso. Esate baterako, Espainiak 2011 urteari zegokion Ikerketa Nuklearretarako Europako Kontseiluaren (CERN) kuota 2012ko abenduan ordaindu zuen, urtebeteko atzerapenagatik erakunde horretan duen boto eskubidea arriskuan jarriaz horrela. Nazioarteko Matematikarako Elkarteari egin beharreko ordainketetan, berriz, bi urteko atzerapena du Espainiak.

Iturria: Science Insider

Estekak

Saúl Aresen bloga

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...