Askorentzat hegaztirik politenetariko bat izango da martin arrantzalea. Bere kolore biziekin behintzat ezin esan txori deigarri bat ez denik.
Zorionez, gure erreken uren kalitatea asko hobetu da azken urteetan, bertako bizia ugarituz. Horren ondorioz, martin arrantzaleak ere ugaritu dira eta nire herrian (Elgoibarren) behintzat, nahiko hegazti arrunta izatera igaro da. Askotan herrian bertan ere ikusi daiteke arrantzan.
Normalean urrutira edo hegan pasatzen ikusten dira, baina aurreko batean nahiko gertu eduki nuen bat. Arrantzan zebilen lasai asko eta argazki batzuk atera ahal izan nizkion. Pare bat bideo grabatzeko aukera ere izan nuen. Nere parean egon zen bitartean, zapaburu bat, pare bat arrain eta hainbat ornogabe txiki harrapatu zituen.
Kasu honetan martin arrantzale ar bat da. Emeek orban gorri-marroiska bat izaten dute mokoaren bekaldean. Ar honi argazkiak ateratzen nenbilen bitartean emea ere handik bueltaka zebilen, beti ere nigandik urruti.
*Bideoa ikusi nahi baduzue joan hona: http://naturzalia.blogspot.com.es/2014/11/martin-arrantzalia-alcedo-atthis.html