Erreportajeak

2014ko urtarrila
Sendabelarrak: iragan edo etorkizun?

Azken hamarkadetan bizitzaren abiadura asko handitu da, besteak beste, teknologiaren aurrerapauso izugarriei esker. Honek,  naturaren ustiaketa intentsiboa ahalbideratu du, luzaroan manten ezina bihurtuko den egoeraraino. Baina azken urteotan, naturak eskaintzen duenari begiratzeko joera zabaltzen ari da gizartean, besteak beste, nekazaritza ekologikoa, produktu biologikoak eta nola ez, sendabelarren erabilpena.

Sendabelarrak: iragan edo etorkizun?

Ezaguna da landareak aspalditik erabili izan direla osatzeko, izan ere, gure arbasoak beraien inguruarekin estuki loturik bizi ziren, naturatik bizirauteko beharrezkoa zuten guztia eskuratuz. Beraz, ulergarria da, landareak elikagai modura erabiltzeaz gain gaitz desberdinak tratatzeko erabiltzea ere. Antzinako hainbat zibilizaziotan aurkitu dira horren aztarnak, esaterako, k. a. 2500. urtean Txinan biriketako gaixotasunak osatzeko edo sukarra kentzeko erabiltzen zirenaren frogak, edo Egipton papirozko pergaminoetan aurkitutako hainbat sendabelarren  aipuak. Grezian eta erromatarren garaian badaude sendabelarren inguruko aipamenak ere, eta azken hauetan ofizio bezala kontsideratzen hasita zegoen sendabelarren ezagutza eta erabilpena. Hala ere, sendabelarren benetako ezagumendua aurrerapen teknologiko baten eskutik etorri zen, inprentaren eskutik hain zuzen ere. Beraz, gaur egun dugun ezagutza, milaka urteren ondoren, leku desberdinetatik bildutakoa eta ondoren transmititutakoa da. 

Zer dira sendabelarrak?

Sendabelarrak gaitz edota ondoezak gutxitzeko edo sendatzeko propietateak dituzten landareak dira. Sendabelar hitza entzutean, oharkabean landare belarkara oso urri eta bereziak etortzen dira burura, baina garrantzitsua da jakitea gure bide, baso edo baratzetan hazten diren ia edozein landare izan daitekeela sendabelar ere. Sendatzeko gaitasuna izan arren, materia guztia ez da sendagarria. Landareek sortzen dituzten zenbait konposatu berezik ematen diete landare horiei sendatzeko gaitasuna. Konposatu hauei metabolito sekundario izena ematen zaie, eta landareak defentsa modura ekoizten dituen arren, gizakioi onurak eman diezazkiguke batzuetan.

Sendabelarren funtsa: metabolito sekundarioak

Lightbox Image

Metabolito sekundarioak metabolismoko prozesuetan (hala nola, arnasketan, fotosintesian, elikagaien xurgapenean) eragin zuzenik ez duten molekulak dira. Arrazoi honengatik denbora askoan uste izan da hauek metabolismoko hondakinak besterik ez zirela, baina XIX eta XX. mendearen hasieran medikuntzan, droga bezala zuten interesarengatik metabolitoak ikertzen hasi, eta hauen garrantzia zein handia zen konturatzen hasi ziren (Taiz & Zeiger 2011). 

Gaur egun ikusi da metabolito sekundarioek funtzio garrantzitsua dutela landareen ekologian. Ia ekosistema guztiak bakterio, birus, onddo, nematodo, akaro, intsektu, ugaztun eta beste zenbait herbiboro mota desberdinez osatuta daude, eta honengatik, naturan dauden landareak etsai potentzial askoz inguratuta bizi dira. Landareen izaera dela eta, herbiboria eta patogenoak saihesteko ezinezkoa dute lekuz aldatzea, eta ondorioz, beste mekanismo batzuk garatu dituzte honi aurre egiteko: kutikula eta peridermisa bezalako oztopo fisikoez gain, metabolito sekundarioak ekoizteko gai dira, babes kimiko moduan jokatuko dutenak. Izan ere, landareari kalterik sortu ez arren, patogeno eta herbiboroentzat toxikoak izan daitezke kontzentrazio txikietan (Taiz & Zeiger 2011).

Gainera, herbiboriak izugarrizko presio ebolutiboa eragin duenez, metabolito sekundarioek izugarrizko dibertsifikazio jasan dute. Kasu askotan, molekula zehatzak landare espezie bakarrean edo estuki lotutako landare-talde konkretuetan agertzen dira. Ondorioz, oso garrantzitsua da molekulen ezagutza landareen erabilpen egokia egiteko.

Metabolito sekundarioez gain, landareak bitamina edota bestelako elementuetan (kaltzioa, burdina, …) aberatsak dira, eta azken hauek gure osasunari onurak ekar diezaieke baita ere. 

Praktikan

Goian aipaturiko onurak aprobetxatu ahal izateko, gure intereseko landareak batu, lehortu eta modu desberdinetara prestatzeko aukerak daudenez, ondorengo atalean era egokian nola egin azaltzen da:

Landareak biltzea eta lehortzea

Landareak biltzerako orduan gauza batzuk hartu behar dira kontuan:

  • Landareen ezagutza minimoa: Landare batzuk oso antzekoak izatea gerta daiteke, baina beraien eragina gorputzean oso desberdina izan. Beraz, landare espezieak ondo desberdintzen jakin behar da.
  • Babestutako landareak: Kontuan hartu behar da zenbait landare ezin direla bildu eta horiek zeintzuk diren argi eduki behar da.
  • Landareak ezin dira edozein lekutan hartu: Ez dira bide edo errepide ertzetan hartu behar, ezta industria inguru edo hirietako jardinetan ere. Toki askotako landareak ongarri kimikoz ureztatuta eta pestizidaz beteta egoten dira, eta horrelakorik pairatu ez duten landareak batzea komeni da.
  • Ez da landare osoa errotik atera behar: Bestela birsortzeko aukera kentzen zaio. Laban batez baliatuz, landare horretan behar diren zatiak soilik moztuko dira. 
  • Plastikozko poltsarik ez: Behin zati hauek moztuta, telazko poltsa batean eramango dira, plastikozko poltsetan ihartzeko aukera gehiago baitute landareek.
  • Fenologia: Landarearen zati desberdinak batzeko honen fenologia guztiz kontuan eduki behar da. Urtaro bakoitzean landarearen metabolito sekundarioak eta bestelako osagaiak organo edo toki konkretu batzuetan metatuko dira, beraz garai bakoitzean landarearen atal desberdinak izango dira baliagarriagoak: 
    • Udaberri hasieran, lorea garatu baino lehen landarearen sustrai eta hostoak dira interesgarriak. 
    • Udaberria bukaeran eta udan, loreak irekitzear daudenean edo jadanik irekita daudenean da hauek batzeko garairik egokiena. 
    • Uda bukaeran eta udazkenean haziak batzen dira, eta zenbaitetan sustraiak ere bai. 
    • Azala berriz edozein urtarotan batu daiteke, beti ere landarea guztiz garatuta dagoenean.

Gaitz batzuk sendatzeko landare freskoak erabiltzen dira, baina askotan landareak erabili aurretik lehortu egiten dira. Honetarako, egokiena ondo aireztatutako leku lehor eta itzaltsuak dira, hauts eta hezetasunik gabekoak. Landarea osorik edo zati txikitan utzi daiteke lehortzen baina prozesu hau bizkortzeko labea ere erabili daiteke, beti ere 35ºC baino tenperatura baxuagoan.

Kontserbazioa

Lightbox Image

Azkenik, landarea ondo lehortuta dagoela ziurtatuta, leku lehor eta ez oso eguzkitsuetan mantendu behar da. Gainera, ez da komeni urtebete baino gehiagoz gordetzea, izan ere, propietateak degradatu egiten dira. Hain zuzen ere, hartzidura eta oxidazio prozesuek eragin dute degradazio hori, horregatik zenbaitek kontserbatzaileak botatzen dizkiete.

Erabilerak

Infusioak

Lore eta hostoak erabiltzen dira batez ere. Bestalde, hazi, sustrai eta landareen zati gogorrak infusioa egin aurretik egostea komeni da. Infusioen erabilera ohikoena zuzenean edatea den arren, beste zenbait aplikazio ere baditu:

  • Gargarak: Eztarri eta ahoko gaitzen aurka.
  • Gorputzeko bainuak: Azaleko gaitzen aurka. 
  • Konpresak: Min lokaletarako; gasa infusioan busti eta mindutako tokian jarriz.
  • Begietako bainuak:  Begietako gaitzetarako; infusioa ur destilatuarekin egin eta tantak zuzenean begira bota edo gasa batekin begia garbitu.

Kataplasmak

Landare zati freskoak edo lehenago egositakoak bi gasen artean kokatu eta mindutako tokian ordu batzuetan mantentzean datza.

Olioak

Olioak prestatzeko orduan kontuan hartu beharrekoak erabiliko diren olioak disolbatzaile kimikorik ez izatea eta tenperatura altuetan tratatuak izan ez izana dira. Mota desberdinetako olioak erabil daitezke, oliba, arto, ekilore edo almendra olioa, besteak beste.

Landarea (freskoa ahal izanez gero) txikitu eta oliotan sartu behar da, gutxi gorabehera hilabete batez bertan mantenduz. Gero, olioa iragazi eta botila txikietan gordetzea komeni da, beti ere leku ilunetan. Olioak masajeak emateko edo tratamendu lokaletarako erabiltzen dira. 

Tinturak (Alkohol sendagarriak)

Tinturak egiteko, aukeratutako landarea lehortuta dagoenean, botila batean sartu eta hau alkoholaz bete behar da. 15 egunez beratzen utzi (egunero astintzea komeni da) eta leku ilunetan gordetzea komeni da, argiarekiko oso sentikorrak baitira. Landarearen gogortasunaren arabera aldatuko da alkoholaren graduazioa.

Landare interesgarriak

Tratatu nahi den gaitzaren arabera landare espezie jakin bat hartu, azaldutako urratsak jarraituz lehortu, eta behin landarea lehorra dagoela edozein erabilera eman ahal izango zaio. Lehenago aipatu bezala, gure inguruan dauden landare asko eta asko erabil daitezke sendabelar modura, baina erreportaje honetan gutxi batzuk aipatuko dira:

Pasmo-belarra

Anagallis arvensis

  • Espektorantea eta infekzioen aurkakoa: infusioan hartzea gomendatzen da.
  • Zikatrizantea: Azaleko arazoak, hala nola, gangrena edo ekzemak, zikatrizatzen laguntzen du, kataplasma edo konpresak zauritutako tokian ezarriz.
  • Eztarriko infekzioak: osatzen laguntzen du eta anti-inflamatorioa da baita ere. Ahorako hoberena infusioarekin garagarak egitea gomendatzen da.
  • Garatxoen aurka: Lore freskoak garatxoen gainean igurtziz hauek ezabatu egiten dira.

Arnika

Arnica montana

  • Kirol-lesioen aurka: Bihurritu, kolpe, muskulu urratu edota tiroien aurka Arnikaren tinturak oso onuragarriak dira.
  • Eztarriko edo ahoko gaitzak: Arnika infusioaren gargarak egitea gomendatzen da. Kontuz! irenstea ez da gomendatzen.

Urkia

Betula pubescens

  • Diuretikoa eta depuratiboa da.
  • Azaleko gaitzak sendatzeko ere erabiltzen da.
  • Zelulitisa ezabatzeko infusioak hartzea gomendatzen da.
  • Urkiaren hostoekin lozioak egiten dira, ilearen erorketa ekiditeko.
  • Ganglio linfatikoen inflamazio edo handipenaren aurka ere hartzen da.
  • Gernu-bidearen inflamazioaren aurka.
  • Izerdiarazle bezala erabiltzen da.
  • Hosto edo enbor zatiekin zauriak igurtziz hauen zikatrizazioan laguntzen du.

Hurritza

Corylus avellana

  • Sukarra kentzeko urritzaren loreen infusioak erabiltzen dira.
  • Beherakoen aurka ere erabiltzen da.
  • Urrak jatea oso onuragarria da, mineraletan aberatsa baita.
  • Diuretiko eta depuratiboa da baita ere.

Elorri zuria

Crataegus monogyna

  • Hipotentsore eta hipertentsorea da: tentsio erregulatzeko erabili ohi da.
  • Urduritasunaren eta insomnioaren aurka erabiltzen da, hainbat astetako tratamentua aplikatuz.
  • Odolaren zirkulazioa hobetzen du ere.
  • Propietate antioxidatzaileei esker hainbat onura ematen ditu, arterien elastizitatea hobetzen laguntzen du, besteak beste.
  • Fruituak beherakoaren aurka erabiltzen dira.

Lizarra

Fraxinus excelsior

  • Idorreria osatzeko honen infusioak gomendatzen dira.
  • Diuretiko eta depuratiboa da.
  • Sukarra jaisteko eta izerdiarazteko erabiltzen dira landare honen hosto eta enborraren azala.
  • Barne-belarriko minaren aurka lizarraren izerdia (savia) erabiltzen da, belarrian honen tantak aplikatuz.

Biribelarra

Pulmonaria longifolia

  • Espektorantea: bronkitis, asma edo eztularen aurkakoa.
  • Idorgarria: Zaurietan kataplasma edo konpresak jarri, berau lehortzeko.
  • Ahots-korden inflamazioaren aurkakoa: Inflamazioa gutxitzeko gargarak egiten dira.
  • Honetaz gain, beherakoak, hemorroideak eta gernu-bide narrituak osatzen ditu ere.

Txixalorea/Gardabera

Taraxacum officinale

  • Digestio-sistemako gaitzen aurkakoa: organismo depuratzaile bezala erabiltzen da.
  • Honetaz gain, landare hau oso onuragarria da azal, ile, azazkal eta ehun konjuntiboko gaitzak sendatzeko.

Asuna/Osina

Urtica dioica

  • Desintoxikatzailea: Asunak gorputzari toxinak kanporatzen laguntzen dio.
  • Ile eta azazkalen hazkuntza:  Azido silizikoaren kontzentrazio altuaren ondorioz ile eta azazkalen hazkuntzan laguntzen du.

Berbena/Belagorria

Verbena officinalis

  • Katarroak, beherakoak, sinusitisa, hileroko mingarriak eta gibeleko gaitzak osatzeko erabili izan da. 
  • Eztarriko gaitzak, orkatila bihurrituak edo, besteak beste, lunbagoak osatzeko erabiltzen da. Infusio edota kataplasmak egiten dira landarearekin gaitz hauek sendatzeko.
  • Mukien aurkakoa: Arrautzaren zuringoarekin eta berbenarekin egiten den tortilla.

Larreetan zein mendian oso ohikoak eta guztiongandik ezagunak diren landareek gaitz asko sendatzen laguntzeko konposatu aktibo asko dituzte. Beraz, natura sendagai biltegi handi baten moduan uler daiteke. Sendabelar guztiak aipatuz gero, zerrenda amaigabea izango litzateke; baina lan honen helburua ez da senda-gida bat egitea, sendabelarren inguruko jakin-mina piztea eta gertuko landareek eman diezaguketen onura ikustea baizik.

Bibliografia

Schmidt I. Diccionario de las Plantas Medicinales. KOMET Verlag GmbH

Taiz L. & Zeiger E., 2011. Plant Physiology. Sinauer, Fifth Edition.

Vázquez Molina G., 2013. Plantas Medicinales. Txertoa argitaletxea, 3ª Edición.

Leave a comment

You are commenting as guest.

Irakurrienak

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...