Lizarra
Fraxinus excelsior

Lizarra, Euskal Herrian begirune bereziko zuahaitza izan da aspaldidanik eta oraindik ere urtero San Juan egunean (udako solstizioan) lizar-adarrak ipintzen dira baserri eta etxeetako ateburuaren alde banatan, etxe-babesle gisa. Gainera, euskal toponimian eragin handiko zuhaitza izan da eta horren adierazle ditugu Lizardi, Lizarraga... bezalako abizenak, baita Lizarra herria bera ere.

Fraxinus excelsior

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Asteridae
Ordena
Lamiales
Familia
Oleaceae
Deskribatzailea
Linnaeus (1753)
Estatusa
ne

Morfologia

20-30 metroko altuera lortzen duen zuhaitza dugu. Enbor zuzena du eta enbor-azal gris-zurixka, urteekin batera zimurtzen eta zertxobait zartatzen doana. Adakera obalatua du, adar askorik gabea. Adarrak tenteak dira eta azal berde-grisa dute. Adartxo berriak sendoak dira eta ernamuin lodi eta ezkatatsuak dituzte, oboideoak eta beltz kolorekoak. Kimu berriak gorrixkak dira eta lentizela ilunak dituzte.

Hostoak

Lizarraren hostoak 20-35 cm-koak dira, erorkorrak, oposatuak eta konposatu inparipinnatuak. 9-13 foliolo sesilez osatuta daude, 5-11 x 2,5-3,3 cm-koak, forma lantzeolatu edo obalekoak eta oinarri kuneiformekoak. Mutur zorrotza dute eta ertz zerratua. Gainaldean glabroak dira baina batzuetan azpialdean zertxobait iletsuak izan daitezke. Lizarraren hostoek ez dute estipularik.

Loreak

Lizarrak unisexualak edo hermafroditak izan daitezke, eta zuhaitz bera urte batetik bestera sexuz alda daiteke. Lizar honen loreek ez dute ez korolarik eta ezta kalizik ere. Hostoen aurretik agertzen dira, aurreko urteko adarretako galtzarbeetan, luku moduko multzoetan. Androzeoak bi estamin ditu, antera purpureoekin, eta ginezeoak bi kabitate dituen obario askea du.

Fruituak

Lizarraren fruitua samara motakoa da. Oblongo-lanteolatua da, 3,5 cm ingurukoa, glabroa eta mutur kiribildua izan ditzake. Bere baitan hazi oblongo bakarra darama.

Antzeko espezieak

Fraxinus ornus
Fraxinus ornus

Lizar loredunaren loreak askoz garatuagoak daude eta gainera, adar berrien puntan ateratzen dira (lizar arruntean adar zaharren galtzarbean). Gainera, lizar arrunta denetan handiena da (bere izen espezifikoak, 'Excelsior' dioen moduan), baita arruntena ere.

Banaketa

Lizarra jatorri Europarreko zuhaitza da baina ez da agertzen Eskandinaviako ipar-ekialdean, ezta Europa mediterranearreko hego-ekialdean ere. Euskal Herrian nahiko arrunta da, ugariagoa isurialde mediterranearrean, baina lekurik aridoenetan eta erriberako basoetan babesten da. Mendi garaienetan falta da.

Fraxinus excelsior Fraxinus excelsior

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Tilia platyphyllos
Ezki hostozabala
Sorbus aria
Hostazuria
Tilia cordata
Ezki hostotxikia
Ulmus glabra
Zumar hostozabala
Sorbus aucuparia
Otsalizarra
Basagurbea
Erica cinerea
Ainar purpura


Ekologia

Baso mistoetan hazten da, ibaien ertzean eta lur heze eta aberatsetan. Lur basiko edo neutroak gustuko ditu (pH 5,58) eta itsas mailatik 1.400 metrora aurki daiteke. Itzala gustuko du eta tenperatura beroak (ez ditu izozteak jasaten).

Fenologia

Hogei urteko adinetik aurrera loratzen dira. Loreak udaberrian garatzen dira, hostoak baino lehenago. Gehienetan fruitua zuhaitzean mantentzen da neguan zehar ere.

Erabilerak

Lizarra euskal kulturako landare magikoetako bat izan da aspaldidanik eta San Juan gauean lizar adaska bat jarri izan da baserri eta etxeetako atarietan, etxe-babesle gisa, aurreko urtekoa sutan errez. Mitologia germanikoan sakratutzat hartzen zuten Yggdrasill izeneko lizar bat, jakinduriaren arbolatzat baitzuten. Autore batzuen arabera, izen gererikoa grekotik dator, 'phraxis' (hesia) hitzetik, garai batean hesi moduan erabili izanari erreferentzia eginez. Beste batzuen arabera, berriz, latinezko 'fraxinus' (gezia) hitzetik dator, zuraren antzinako erabilerari erreferentzia eginez.

Egun, lizarraren hosto eta adaskak abereentzako elikagai modura erabiltzen dira. Bere egurretik oso kalitate oneko ikatza lor daiteke. Gainera, erreminten kirtenak egiteko erabili izan da. Lizarraren zura oso elastikoa da, zuntz luze eta gogor asko ditu.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Lizarra zuhaitz arrunta izanik, nahiko ondo ezagutzen dira parasitatzen duten zenbait organismo. Onddoen artean, esate baterako, arruntak dira Bjerkandera fumosa, Sarcodontia spumea, Cerrena unicolor, Physconia grisea eta Chrysothrix candelaris. Aldiz intsektuei dagokionean, lizarren hostoetaz elikatzen dira Callimorpha dominula, Lymantria monacha eta Epirrita dilutata tximeleten larbak; eta Agrilus cyanescens, Clytra laeviuscula, Crepidodera aurata eta Polydrusus marginatus kakalardoen larbak.  Era berean, lizarraren sapaz elikatzen dira Pentatoma rufipes, Blepharidopterus angulatus eta Pinalitus cervinus intsektuak. Azkenik, lizar xilofago arrunt bat Otiorhynchus coecus intsektuaren larba dugu.

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2012/01/30 | Azken eguneraketa: 2013/12/30 | Bisita-kopurua: 3464 | Argazki nagusia: Bob Osborn

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...