Iparraldeko elorri zuria
Crataegus monogyna

10 m-rarteko altuera lor dezakeen zuhaixka hostogalkorra da. Adar helduetan zehar arantzak aurkezten ditu eta 3-7 gingil bitarteko hostoak ditu, gingil horiek batzutan ia erdiko nerbiorarteko sakonera lor dezaketela. Korinbo erako infloreszentzietan antolatzen diren petalo txuriko loreak garatzen ditu udaberrian. Udara aldera fruitu gorri eta mamitsuak hazten dira kalizaren arrastoak diren koro erako egitura batekin. Izaera mamitsuko fruitua izateagatik jaki preziatua da hegaztientzat, eta era berean, hegazti horiek hazien barreiaduran parte hartzen dute.

Crataegus monogyna

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Ordena
Rosales
Familia
Rosaceae
Deskribatzailea
Jacq.
Estatusa
ne

Morfologia

10 m-rarteko altuera lor dezakeen zuhaixka bada ere normalean 5-6 m-ko altuera lortzen du. Zuhaixka hostogalkorra eta arantzatsua da, eta Euskal Herriko aestifrutifeta (zuhaixkez osatutako seriea) gehienen espezie ohikoenetarikoa da. Adar bihurri eta arantzatsuak dituzten zuhaitzak dira, hosto gingildu, lore txuri eta fruitu gorrirekin.

Hostoak

Hosto erorkorrak ditu, bakunak eta txandakatuak. 1,5 cm neurtzera hel daitekeen pezioloa dute eta estipulak zerratuak edo osoak izan ditzazkete. Hostoek 2-4 cm bitarteko luzeera eta 1-3 cm-ko zabalera lortzen dute kasu gehienetan. Hostoaren oina kuneatua da eta 3-7 gingil bitarte izaten dituzte, kasu batzuetan hostoaren nerbioraino barnera daidezkeenak. Gainaldea azpialdea baino ilunagoa izateaz gain, larrukaragoa  da.

Loreak

Korinbo erako infloreszentzitan antolatzen diren lore zuri usaintsuak ditu. Horrela, lore guztiak altuera berean garatzen dira eta kopurua 5-20 bitartekoa izaten da normalean. Infloreszentzia inguratzen brakteak aurkez ditzazkete eta lorean 3 cm-rarteko pedizeloetatik (txortenak) zintzilik  egoten ohi dira. Loreak 1 cm inguruko diametrokoak izaten dira eta kaliza hiruki forma hartzen duten bost sepalo askez osatuta dago. Korola euren artean askeak diren bost petalo obatu txuriz osatzen da eta androzeoa 15-20 antera arroxa-gorri ditu. Behe ginezeoa dute, estilo txuri batekin eta estigma bitan banatuta dago.

Fruituak

Fruitua pomo (fruitu mamitsu indehiszentea) bat da. Gorri kolorekoa da, eta gainaldean, iraunkorra den koro antzeko bat ageri da loreen sepaloen aztarnek sortua. Mamia zapore gabea eta irinkara da, eta hazi bakar bat gordetzen du bere barnean.

Antzeko espezieak

Crataegus laevigata (Poir.) DC.
Crataegus laevigata

Genero bereko espezie hau nahiko antzekoa bada ere, hostoen gingilak ez dira horren sakonak. Bestalde loreetan ere desberdindu daiteke, izan ere, 2 edo 3 estilo aurkezten ditu. Fruituak era berean, 2-4 pireno dituzte, hau da, fruituaren hezurtxoak.


Crataegus x media Brechst.

Crataegus monogyna eta Crataegus laevigata-ren arteko hibrido bat da eta bere ezaugarriak, bi espezieren hostoak aurkeztea eta indibiduo berberaren baitan bat zein bi estiloetako loreak izatea dira.

Banaketa

Europa, Asia eta Afrikako iparraldean zehar hedatzen den zuhaixka espeziea da eta Euskal Herrian nonhai topatzen bada ere, hegoalderantza egin ahala ale kopurua gutxitzen doa. Lehortea altuagoa deneko tokietan ezponda hezeetan babestu ohi da, ez da oso espezie kontinentala.

Crataegus monogyna Crataegus monogyna

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Berula erecta
Berula tentea
Alnus cordata
Haltz italiarra
Salix alba
Zume zuria
Fraxinus angustifolia
Lizar hostotxikia
Ligustrum vulgare
Arbustu arrunta, Karraskiloa
Ulmus laevis
Zumar dilindaria
Barlia robertiana
Orkidea erraldoia


Ekologia

Edozein izaerako lurzoruari lotzen bazaio ere, espezie honen lurzoru optimoak pH 4-7 bitartekoak dira. Klima lehorregiak ere ez ditu gustuko, eta kasu horietako baldintzekin topo egitean ezponda epeletan babesteko joera aurkezten du. Baina klima kontinentalegietan ere ez da ondo hazten eta Euskal Herrian 0-1600 m bitarteko altitudeetan aurki daitekeen espeziea da. Sastrakadiak osatzen ditu baso eta ibai ertzetan.

Sasien artean aurkitzen den errosazeo tipikoa da, baita ibai ertz eta baso potentzialen ertzetan, azken hauetan  basoaren muga markatzen duela gehienetan.

Fenologia

Udaberrian loretzen da eta udara amaierararte fruituak aurkezten ditu.

Erabilerak

Lore lehortuak sendagai naturalen artean balio handikoak dira. Lasaigarriak eta antiestasmodikoak izateaz gain, bihotz zein zirkulazio orokorrerako egokiak diren infusioak egiteko erabiltzen dira. Guzti hori esparteina alkaloideari zor zaio. Alkaloide horrek oxitozinaren antzeko eregina ere duenez, erditze garaian ere erabilli izan da.

Bestalde fruituek duten C bitaminaren edukiagatik  jangarri onak dira, hala ere, mami gutxi dutenez eta mamiaren izaera irintsua dela eta, balio gutxikoak dira giza ikuspuntu batetik. Bestalde, hegaztientzat jaki onak dira, bien bitartean, animalia hauek hazi hauen barraiatzaile izaten dira, hots, endozookoria prozesuaren bidez haziak barraiatzen dituzte.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Querco-Fagetea klasea osatzen dute eta Rhamno catharticae-Prunetea spinosae formazioari dagokio, hots europa osoko arantzadiak osatzen duena. Clematis vitalba, Cornus sanguinea, Prunus spinosa, Prunus padus, Malus sylvestris, Ligustrus lucidum, Rubus idaeus, Rubus ulmifolius, Salix caprea, Tamus communis eta Viburnum lantala espeziekin elkarrekintzan maiz agertzen dira.

Batzutan genero bereko eta itxuraz oso antzekoa den Crataegus laevigata espeziarekin aurkitzen da. Elkarte berezi horren aestifrutifeta (aestisilvaren ordezkapen seriea non zuhaitz nagusienak zuhaixka eta sastrakadiak diren) batzuk ere Euskal Herriko txoko batzuetan topa ditzazkegu.

Kontserbazioa

Arriskurik aurkezten ez duen espezien artean sailkatzen da.

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2012/10/27 | Azken eguneraketa: 2014/01/02 | Bisita-kopurua: 2048 | Argazki nagusia: www.fourlangwebprogram.com

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...