Nauman belatza
Falco naumanni

Garai batean Europako hegazti harrapari ugariena zen baina, populazioak asko murriztu zirenez, egun askoz ere murritzagoa da. Ziurrenik, hori da naumann belatza ezezagun egiten duena. Hori bai eta belatz gorriaren antza handia duela ere. Edonola, belatzik lirain eta ikusgarrienetarikoa dugu espezie hau.

Falco naumanni

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Falconiformes
Familia
Falconidae
Deskribatzailea
Fleischer (1818)
Estatusa
vu

Deskribapena

Naumann belatzak belatz gorriaren (Falco tinnunculus) oso antzekoa da. Halere, naumann belatza apur bat txikiagoa da: 58-72 cm-ko hego-zabalera, 29-32 cm-ko luzera eta 129-152 g bitarteko pisua (emeak arrak baino handiagoak dira). Halaber, belatz gorriak ez bezala, naumann belatzak hatzaparrak zurixkak ditu (Cramp & Simmons 1980).

Naumann belatzen dimorfismo sexuala koloreei dagokienez da nabarmena batez ere. Izan ere, ar helduek buztanaren alde dortsala, burua eta bigarren mailako arraun lema handiak urdin-grisak dituzte, bizkarra eta eskapularrak gorrixkak eta orbanik gabe, eta sabelalde gorri argia (ezaugarri hauek emeengandik eta gazteengandik ez ezik, belatz gorriarengandik bereizteko ere erabili daitezke). Gazteek eta eme helduek oso antzeko patroia daukate, eta bai beraien artean bai belatz gorriarengandik bereizteko ere eskarmentu handia behar da. Edonola, emeek, gazte zein helduek, ez dute kolore urdin-grisik eta lema lumetan zortzi marra beltz dauzkate (Cramp & Simmons, 1980; Tella et al. 1996; Mullarney et al. 2009)

Antzeko espezieak

Belatz gorria (Falco tinnunculus)

Antzekotasun morfologiko oso handia dute bi espezieek, batez ere alde dortsalean. Urrutitik emeak bereiztea ia ezinezkoa da. Belatz gorri arrek orban beltzak dauzkate hegoetako eta bizkarraldeko lumetan. 

Kantua

Chiek-ek-ek moduko dei ozen eta garratz bat egiten du. Askotan kantu hau kolonietan dagoenean egiten dute. Batzuetan belatz gorriaren antzeko soinuak ere egiten ditu.

Banaketa

Naumann belatza Europan eta Asian igarotzen du udaberria eta uda, eta Europako aleek behintzat Afrikan ematen dute udazkena eta negua (Cramp & Simmons 1980: Rodriguez et al. 2009). Iberiar penintsulan hego-mendebaldean bizi da batez ere, baina iparraldean ere aurkitu da, Gipuzkoan eta Nafarroan besteak beste (Iribarren 1971; Elosegui 1985; Noval 1967).

Gazteak jaio eta denbora gutxira sakabanatzen dira Afrikarako bideari ekin baino lehenago (Bustamante & Negro 1994). Iberiar penintsulako populazioetan sakabanatze mugimendu hauek iparraldera egiten dituztela ikusi da (Olea 2001; Garcia 2000; Bustamante & Negro 1994). Mugimendu hauen zergatia harrapakinak bilatzean omen datza (Olea 2001). Bestalde, helduak ugaltzeko leku egokien bila ere mugitzen direla ikusi da, lehiari eta predazioari ihesi (Serrano et al. 2005).

Falco naumanni Falco naumanni

Habitata

Naumann belatzak gune irekietan bizi dira, zekale landen inguruan batez ere (Atienza eta Tella, 2004). Ehiza belardietan eta landare baxuez osatutako landetan egiten dute, eta zuhaitzez osatutako guneak ekiditen dituzte (Donazar et al. 1993; Garcia et al. 2006). Halere, Iberiar penintsulako iparraldean bertan behera utzitako landak ere sahiesten dituzte eta, gehienez, hauen ertzetan baino ez dira aritzen jaki bila (Tella et al. 1998; Ursua et al. 2005).

Ehunka aletako koloniak osatzen dituzte eta hauek giza eraikinetan kokatzen dira: elizetako kanpandorretan, eraikin zaharretako teilatuetan, herrigunetan… (Elosegui 1985; Negro et al. 2000). Zenbaitetan primilladiak deitutako eraikin bereziak egiten zaizkie kokalekutzat har ditzaten. Betiere, gogoratu belatzek ez dutela habirik eraikitzen. Ondorioz, zuloak, etxeetako teilen azpia edota habi-kutxak baliatzen dituzte.


Elikadura

Naumann belatza haragijale harraparia da, baina bere dieta nahiko generalista dela esan daiteke (Cramp & Simmon 1980). Gehien bat ornogabeak jaten ditu, eta hauen artean ortopteroak (matxinsaltoak, etab.) dira maizen aurkitzen zaizkion ehizakinak. Koleopteroak (kakalardoak), lepidopteroak (tximeletak, etab.), ugaztun txikiak (saguak, saguzarrak, satitsuak…), txori txikiak (karnabak, tarinak, txolarreak, enara azpizuriak…) narrastiak (sugandilak, suge txikiak…) eta anfibioak ere jaten ditu (Franco & Andrada 1977; Tejero et al. 1982; Rocha 1998; Rodriguez et al. 2006).

Elikagaia lortzeko hainbat estrategia erabiltzen ditu. Batzuetan belatz gorria bezala airean geldirik dagoela ehizakinen bila aritzen da baina, beste batzuetan (egunean zehar harrapakin gutxi daudenean batik bat), argi iturri artifizialetara hurbiltzen da bertako intsektuak jateko asmoz (Garzon 1974; Franco 1980). 

Ugalketa eta ontogenia

Esan bezala, naumann belatzak otsaila aldera iristen dira gurera. Arrak izaten dira iristen lehenak eta habiak aurkitu bezain laster beste arrekin lehiatzen hasten dira. Emeak arra aukeratzen duenean habia babesten laguntzen dio eta estalketak hasten dira (kopula ugari egiten dituzte). Maiatzaren hasieran 4-5 arrautza erruten dituzte. Arrautzok 26-28 egun inguruz inkubatzen dira eta lan horretan arrek nahiz emeek parte hartzen dute (Elosegui 1985). Halere, arrek egunean zehar inkubatzen denboraren erdia ematen badute ere, gauetan lan hau emeen ardurapean uzten dute eta haiek lo-lekuetara beste arrengana joaten dira (Donazar et al. 1992).

Naumann belatza espezie monogamoa den arren, zenbaitetan bi emez eta ar batez osatutako hirukote poliginikoak ere ikusi dira (Hiraldo et al. 1991). Edonola, hirukote guztiak deusezten dira emeetako batek taldea uzten baitu kolonia berdineko beste ar batekin elkartzeko (Hiraldo et al. 1991; Tella et al. 1996). Halaber, bikotez kanpoko kopulak ere ohikoak dira, eta beste bikoteen txitak onartzen dituzte (Ortego 2010).

Txitak ekainaren hasieran jaiotzen dira. Jaiotzak ez dira guztiak aldi berean gertatzen, izan ere, lehena jaiotzen den txitaren eta azkenaren artean 5 egun igaro daitezke (Aparicio 1997). Jaiotza arrakasta % 80-90 ingurukoa da (Ortego et al. 2010), eta sexu banaketa 1:1 izaten da (Tella et al. 1996).

Jaio eta lehendabiziko egunetan emeak txitei arrak ekarritako harrapakinekin jaten ematen die. Gero, emeak nahiz arrak ibiltzen dira ehizan (Ortego 2010). Gazteak 30-37 egun dauzkatenean ateratzen dira habietatik (Elosegui 1985; Bustamante & Negro 1994).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Nauman belatzek haien artean bai eta beste hegazti batzuekin ere osatzen dituzte koloniak. Besteak beste bele txikiarekin (Corvus monedula), haitz usoarekin (Columbia livia) edota belatxinga mokogorriarekin (Pyrrhocorax pyrrhocorax) (Garzon 1968; Forero et al. 1996; Blanco & Tella 1997). Bestalde, zenbait bele txiki naumann belatzen habiak erasotzen ikusi dira gero beraienak bertan eraikitzeko (Blanco & Tella 1997).

Bestalde, naumann belatza bizi den guneetan beste predatzaile batzuk ere bizi direla ikusi da. Hauek, batez ere, habiak erasotzen dituzte (Blanco & Tella 1997).

 

Kontserbazioa

IUCN erakundeak “zahurgarritzat” jotzen du naumann belatza bai mundu mailan bai espainiar estatuan ere (Atienza & Tella 2004; BirdLife 2010). Antza denez, naumann belatza Europako hegazti harrapari ugariena izan zen garai batean (Bijleveld 1974), baina atzerakada itzela jasan zuen 20. mendetik aurrera eta herrialde askotan desagertu ere egin zen, Austrian, Hungrian eta Polonian kasu (Cramp & Simmons 1980; Biber 1990). Iraun zuen herrialdeetan populazioak asko murriztu ziren. Atzerakada hori honako faktore hauek eragin zutela uste da:

  • Zekaleen laborantza tradizionalak atzera egin du eta egungo jarduerak bai eta landatutako espezieen aldaketak naumann belatzaren ehiza asko mugatu du (Donazar et al. 1993; Tella et al. 1998).
  • Intsektizidek eta pestizidek harrapakinak murriztu dituzte eta, gainera, biometaketak ale ahulagoak jaiotzea eragiten du (Garzon 1968; Negro et al. 1993).
  • Beste espezieekin habiengatik duen lehia (Garzon 1968).
  • Euri eskasiak kolonien iraungitze probabilitatea emendatzen du (Bustamante 1997).
  • Landagunetan bertan behera utzitako eraikinak konpontzean naumann belatzak habitzat hartzen dituen txoko asko galtzen dira (Atienza & Tella 2004).
  • Azpiegituren kontrako talkak eta elektrokuzioak (eragin baxuko fatoreak) (Ortego 2010). 

Espainiar estatuan, 100.000 bikote estimatu ziren 60. hamarkadan, baina 50.000 bikotera jeitsi zen 70. hamarkadan (Bijleveld 1974; Garzon 1977). Euskal Herriari dagokionez, Nafarroan egindako ikerlanen datuak besterik ez dauzkagu. Horien arabera, 30-37 bikote estimatu ziren 2003. urtean eta, geroztik, populazioak gora egin du pixkanaka; egun 50 bat bikote daudela uste da (Tella 2004; Onrubia 2009).

Argazkiak

Cacyreus marshalli
Antton Alberdi ( 2011/10/11 )
Physeter macrocephalus
Antton Alberdi ( 2011/10/16 )
Aporia crataegi
Antton Alberdi ( 2011/10/16 )
Hesperia comma
Antton Alberdi ( 2011/10/16 )
Marmota marmota
Antton Alberdi ( 2011/10/16 )
Ischnura elegans
Antton Alberdi ( 2011/10/16 )
Boletus edulis
Antton Alberdi ( 2011/10/16 )
Esteka interesgarriak


Bibliografia


Ortego, J., Cordero, P. J., Aparicio, J. M., Calabuig, G.. 2010. Parental genetic characteristics and hatching success in a recovering population of Lesser Kestrels. Journal of Ornithology, 151: 155-162

Aparicio, J. M.. 1997. Costs and benefits of surplus offspring in the lesser kestrel (Falco naumanni). Behavioral Ecology and Sociobiology, 41: 129-137

Garzón, J.. 1968. Las rapaces y otras aves de la Sierra de Gata.. Ardeola, 14: 97-130

Hiraldo, F., Negro, J. J., Donázar, J. A.. 1991. Aborted polygyny in the lesser kestrel Falco naumanni. Ethology, 89: 253-257

Donázar, J. A., Negro, J. J., Hiraldo, F.. 1992. Functional-analysis of mate-feeding in the lesser kestrel Falco naumanni. Ornis Scandinavica, 23: 190-194

Rodríguez, C., Johst, K., Bustamante, J.. 2006. How do crop types influence breeding success in lesser kestrels through prey quality and availability? A modelling approach. ournal of Applied Ecology, 43: 587-597

Garzón, J.. 1974. Contribución al estudio del status, alimentación y protección de las Falconiformes en España central. Ardeola, 19: 279.329

Franco, A.. 1980. Biología de caza en Falco Naumanni. Doñana Acta Vertebrata, 7: 213-227

Forero, M. G., Tella, J. L., Donázar, J. A., Hiraldo, F.. 1996. Can interspecific competition and nest site availability explain the decrease of lesser kestrel Falco naumanni populations?. Biological Conservation, 78: 289-293

Blanco G, Tella JL. 1997. Protective association and breeding advantages of choughs nesting in lesser kestrel colonies. Animal Behaviour, 54(2): 335–342

Garzón, J.. 1977. Birds of prey in Spain, the present situation.. Proceeding of the World Conference on Birds of Prey, Vienna 1975. International Council for Bird Preservation, : 159-170

Tella, J. L.. 2004. Situación de las poblaciones de Cernícalo Primilla: pasado, presente, y necesidades para el futuro.. Actas del VI Congreso Nacional sobre el Cernícalo Primilla. Departamento de Medio Ambiente del Gobierno de Aragón, : 26-34

Onrubia, A.. 2009. Situación del Cernícalo Primilla en Navarra.. Actas del VII Congreso Internacional sobre el Cernícalo Primilla., : 187

Bustamante, J.. 1997. Predictive models for lesser kestrel Falco naumanni distribution, abundance and extinction in southern Spain. Biological Conservation, 80: 153-160

Biber, J. P.. 1990. Action plan for the conservation of western lesser kestrel Falco naumanni populations. ICBP. Cambridge

BirdLife. 2010. Falco naumanni. IUCN Red List of Threatened Species, :

Bijleveld, M.. 1974. Birds of prey in Europe. MacMillan Press. London

Rocha, P. A.. 1998. Dieta e comportamento alimentar do Peneireiro-de-dorso-liso Falco naumanni. Airo, 9: 40-47

Tejero, E., Soler, M., Camacho, I., Ávila, J. M.. 1982. Contribución al conocimiento del régimen alimenticio del cernícalo primilla (Falco naumanni Fleisch., 1758). Boletín de la Estación Central de Ecología, 11: 77-82

Elosegui, J.. 1985. Navarra: Atlas de aves nidificantes.. Caja de Ahorros de Navarra. Iruñea

Noval, A.. 1967. Estudio de la Avifauna de Guipúzcoa. Munibe, 1: 5-78

Atienza, J. C., Tella, J. L.. 2004. Cernícalo primilla. Falco naumanni. Libro Rojo de las Aves de España., : 161-163

Iribarren, J. J.. 1971. Datos ornitológicos sobre los valles de Salazar y Roncal (Navarra-Zaragoza). Ardeola, especial 1971: 181-190

Rodríguez, A., Negro, J. J., Bustamante, J., Fox, J. W., Afanasyev, V.. 2009. Geolocators map the wintering grounds of threatened lesser kestrels in Africa. Diversity and Distributions, 15: 1010-1016

Tella, J. L., Donázar, J. A., Hiraldo, F.. 1996. Variable expression of sexually mosaic plumage in female lesser kestrels. Condor, 98: 643-644

Svensson, L., Mullarney, K., Zetterstrom, D.. 2010. Guía de aves de España, Europa y región mediterránea. Omega.

Bustamante, J.. 1994. The postfledging dependence period of the lesser kestrel (Falco naumanni) in Southwestern Spain. Journal of Raptor Research, 28: 158-163

Olea, P. P.. 2001. Sobre la dispersión premigratoria del cernícalo primilla Falco naumanni en España. Ardeola, 48: 237-241

Ursúa, E., Serrano, D., Tella, J. L.. 2005. Does land irrigation actually reduce foraging habitat for breeding lesser kestrels? The role of crop types. Biological Conservation, 122: 643-648

Negro, J. J., Bustamante, J., Melguizo, C., Ruiz, J. L., Grande, J. M.. 2000. Noctural activity of lesser kestrels under artificial lighting conditions in Seville, Spain. Journal of Raptor Research, 34: 327-329

Franco, A., Andrada, J.. 1977. Alimentación y selección de presa en Falco naumanni. Ardeola, 23: 137-187

Tella, J. L., Forero, M. G., Hiraldo, F., Donázar, J. A.. 1998. Conflicts between lesser kestrel conservation and European agricultural policies as identified by habitat use analyses. Conservation Biology, 12: 593-604

Donázar, J. A., Negro, J. J., Hiraldo, F.. 1993. Foraging habitat selection, land-use changes and population decline in the lesser kestrel Falco naumanni. Journal of Applied Ecology, 30: 515-522

Garcia, J.. 2000. Dispersión premigratoria del cernícalo primilla Falco naumanni en España. Ardeola, 47: 197-202

Serrano, D., Oro, D., Esperanza, U., Tella, J. L.. 2005. Colony size selection determines adult survival and dispersal preferences: Allee effects in a colonial bird. American Naturalist, 166: E22-E21

Cramp, S., Simmons, K. E. L.. 1980. Handbook of the Birds of Europe the Middle East and North Africa. The Birds of the Western Palearctic. Vol. II. Hawks to Bustards.. Oxford University Press. Oxford
Egilea: | Sorrera: 2011/09/29 | Azken eguneraketa: 2013/06/23 | Bisita-kopurua: 3042 | Argazki nagusia: Julian Hough

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...