Apoarmatu korrontezalea
Mauremys leprosa

Euskal Herrian baditugu ur gezako bi dortoka, ur gezakoak izanagatik apoarmatu izena jasotzen dutenak. Apoarmatu korrontezalea dortokatxo txikia dugu Arabako, Bizkaiako, Nafarroako eta Lapurdiko eremu jakinetan soilik agertzen dena. Bere izen espezifikoa, 'leprosa' oskol gainean indibiduo zaharrek izaten dituzten alga zoofitoetik dator, itxura kaxkarra ematen diotenak. Euskal Herriko apoarmatuek, 70eko hamarkadaz geroztik Ameriketako senide batekin lehiatu behar dute, Floridako dortokarekin hain zuzen ere, animalia-dendetan saldu eta jendeak askatuta, izugarri zabaltzen ari dena.

Mauremys leprosa

Phyluma
Chordata
Klasea
Sauropsida
Ordena
Testudines
Familia
Geoemydidae
Deskribatzailea
Schweiger, 1812
Estatusa
vu

Deskribapena

Apoarmatu korrontezaleak oskol zapala du edo zertzxobait ganbila. Oskolaren ertzak obalatuak dira arretan. Eskualde dortsaleko ezkatek ornoen gainean karena jarraia dute, eta karena etena albo-plakek, adinarekin lausotzen direnak. Apoarmatu istilzaleak ez bezala, korrontezale gazteak gila nabarmena du oskolean eta helduen kasuan, oskolaren atzekaldean. Halaber, oskolean plaka inginalak izatea eta ale askok, algen infekzioren batek eraginda, higadurak agertzea bere bereizgarriak dira.

Plastroia beti da zurruna eta artikulaziorik gabea. Uzkialdeko ezkatak isatsaren aurreko aldean ebakita egoten dira. Jaioberriek, oso isats luzea dute baina garapenean zehar, isatsaren tamaina proporzionatzen doa. Burua gainera, garapenean aurrera egin ahala zabaltzen doa, alerik zaharrenek oso buru zabala dutelarik.

Tamainaz, 160-170 mm lortzen ditu gure latitudeetan baina bere banaketa eskualdeko hegoaldean 250 mm-raino haz daiteke.

Oskola grisa, marroia, gorrixka edo oliba kolorekoa da, eta ale gazteetan forma bihurriko irudi argiak agertu ohi dira ezkata bakoitzaren gainean. Oskolaren oinarria horixka da eta orban beltz zabalak ditu, garapenean zehar lausotuz doazenak ia erabat ezabatu arte. Buruaren alboak, lepoa, hankak eta isatsa arre kolorekoak dira baina lerro hori, txuriekin edo laranjekin apainduta egoten dira. Lokiko lerroak, bihurgunetsuak dira eta isolatutako orban borobildu bat inguratu ohi dute. Hala ere, apaingarri hauek ere adinarekin lausotzen dira. Azkenik, iris horia dute eta lerro ilun batek zeharkatzen du, batzuetan lerro honekiko angelu zuzenean bi orban ilun agertzen direlarik.

Banaketa

Apoarmatu korrontezalea, Afrikako iparraldetik Frantziako itsasertzera, eta iberiar penintsula ia osoan zehar aurki dezakegu, iberiar penintsulako iparraldeko eskualdean izan ezik.

Euskal Herrian, bi populazio-nukleo ezagutzen dira Araban (Tertangako baltsakoa Amurrion eta Salburuakoa), eta beste bat Bizkaian (Getxoko Bolueko hezegunean), baina euskal populazio guztien artean egoera hoberenean daudenak Nafarroa eta Lapurdi arteko eskualde batean daudenak dira (horrez gain, Pitillasko eta Las Cañas aintziretan, Bardeetan...) Gainera, lurraldeko beste hainbat lekutan aurkitu diren banako isolatuen hainbat aipamen daude, esaterako, Txingudiko badian, Donostiako Aieteko parkean, Deba ibaian Zumaian, Aixolako urtegian Elgetan eta Kilimon errekastoan Mendaron.

Mauremys leprosa Mauremys leprosa

Habitata

Izenak dioen bezala, apoarmatu korrontezalea ur mugikorretan bizi ohi da: emari txiki edo tamaina handiko ibilguak, aintzira eta urmaelak, eta itsasertzeko urtegi eta hezeguneak habitat egokiak dira penintsulan espezie honentzat, baina baita zingira eta putzuetan ere. Zonalde lasaiak nahiago ditu eta landaredia ugariko ur-masak, bertan ezkutatu ahal izateko.

Euskal Herrian hare xehea metatzeko guneetan eta ibaiertzeko landarediaren estaldura nahiz intsolazio-baldintza egokiak dituzten ibai-ohe arrokatsuetan topatu da.


Elikadura

Apoarmatu korrontezalea batik bat karniboroa da baina bere dieta, eskura dituen baliabideen araberakoa da. Ehiztari fina, hortzarik ez duen arren moko sendoaz baliatzen dena, eta bere presa nagusiak ornogabeak izaten dira: intsektuak, araknidoak, zizareak, molusku heldu eta larbak... Soilik ahul edo gaixo dauden ornodunak jango ditu (bereziki arrain eta anfibioak). Bere dietak, hala ere, baditu baita osagai begetalak, gehienetan algak.

Ugalketa eta ontogenia

Udaberri hasieran arrak emeengana hurbildu eta uretan parekatzen dira. Nahiz eta zeregin honetarako gorputz zurrunak erraztasun handirik eman ez, arraren oskolaren azpialdea arinki ahurra izaten da emearen bizkar ganbilera igo ahal izateko. Udaberri bukaeran edo udan, emeak ibai-bazterrean hanketako azkazal sendoak erabiliz zulo bat egiten du eta bertan 5-10 arrautz erruten ditu. Ondoren, erruketa kontu handiz lurrez estaltzen du eta honekin batera amaitzen dira gurasoen ugalketa-lanak. Arrautzak lurpean txitatzen dira eta hilabetearen buruan, muturraren puntan duten konkorra erabiliz, 5-6 gramoko pisua eta 3 cm inguruko luzerako kumeek arrautzaren oskola puskatzen dute. Munduratzen direnetik inoren laguntzarik gabe moldatu beharko dute hauek. Animalia hauek biziraupen luzekoak dira oso. Ikusi ahal izan denez, bakar batzuk 70 urte betetzera hel daitezke, baina batezbestekoa askoz ere txikiagoa da, 25 urte ingurukoa edo.

Bizimodua

Jakina denez, narrasti hauek uretatik kanpo motel samarrak dira eta aurreko hankekin tira eta atzekoekin bultza eginez ibiltzen dira. Uretan, ordea, arras aldatzen da ibilera hau. Hanka palmatu luzeak arraunen gisara erabiliz, igerian zein urpean ezinhobe eta bizi-bizi mugi daitezke. Izan ere, apoarmatu hauek ia erabat urtarrak dira baina egunez uretatik ateratzen dira eguzkia hartzeko eta termoerregulatzeko.

Neguan zehar putzu edo aintziren sakoneran hibernatu dezakete: elikatzeari uzten diote, ez dira ia mugitzen eta haien arnasketa izugarri murrizten da. Lehorte-garaietan ere antzeko jokaera izan dezakete.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Apoarmatu korrontezaleak apoarmatu istilzalearekin (Emys orbicularis) elkarbanatzen du maiz habitata (Segurado eta Araújo, 2008). Izenak dioen bezala, apoarmatu istilzaleak nahiago izaten ditu ur-masa tenporal eta bareak eta korrontezalea, aldiz, generalistagoa da eta ondo moldatzen da ere ur korrontedunetan. Hala ere, apoarmatu istilzalea, korrontezalearekiko desabantailan dagoela uste da eta beraz, habitat suboptimoak betetzen ditu (Araujo et al., 1997; Keller, 1997). Bi espezieen arteko estaltze saiakerak ikusi izan dira gainera, baina ezpezie bi hauek ezin dira hibridatu (Ayres eta del Pozo, 2005).

Apoarmatu, korrontezaleak, gainera, predatzaile ugari ditu gaztetan, heldutan ia jangaitza baita bere oskol eta plastroi gogorra direla eta. Bere predatzaile nagusien artean Micropterus salmoides arrain exotikoa, azeriak, basurdeak, azkonarrak, igarabak, mangostak eta hegazti urtarrak daude (Andreu eta López Jurado, 1998; Salvador eta Pleguezuelos, 2002). Emeek ere arrisku handia dute migrazioan zehar eta arratoiek, apoarmatuak jaten dituzte hibernazioan zehar edo habietan daudenean. Azkenik, apoarmatu jaioberriak ibai-karramarro amerikarrak, Procambarus clarkiik, jan ditzake.

Kontserbazioa

Euskal Herrian babesturiko espeziea da, EAEko katalogoan jasoa 'kaltebera' kategorian. Espainiako Liburu Gorrian Levante aldeko eta Ebro Ibarreko populazioak (eta gure apoarmatuak hor barruan sartuta egongo lirateke), 'Arrisku handian' kategorian agertzen dira.

Gainera, 70eko hamarkadaz geroztik, Amerikako senide bat, Floridako dortoka, haren lurraldea inbaditzen ari da. Masail gorriko narrasti hori jatunagoa eta agresiboagoa denez, arriskuan jar ditzake bertoko apoarmatu populazioak.

Orain arte, Europako iparraldeko herrialdeetan, Floridako dortokaren zabaltzea mantsotzea lortu da. Izan ere, hango urak hotzegiak dira enbrioiak ongi garatzeko. Baina klimaren aldaketak oztopo hori desagerraraz dezake, ibaietako eta istiletako uren tenperatuta pixkanaka igotzen ari delako kontinente osoan.

Apoarmatu istilzale populaziorik onenak Nafarroa erdialdean eta Erriberan ditugu; hor oso ikerketa zorrotzak egiten ari dira Eder Partzuergoaren laguntzari esker eta Leader Plus programaren bitartez. Irrati-transmisoreak jarri zaizkie Erriberako populazio baten 10 aleri, apoarmatu horien jokabidea, ugalketa-ohiturak, e.a. ezagutzeko.

Hiru populazio-nukleo ezagutzen dira. Handienak Nafarroa eta Lapurdi artekoak eta Salburuako hezegunekoak dira. Azken honetan, 36 ale identifikatu dira, baina seguraski askoz ale gehiago izango ditu. Banaketa naturalaren eremuan ez da erregresio-joera zehatzik nabaritu, baina habitat naturala aldatzeak ale kopurua murrizten du. Euskal Herrian, populazio ezagunetatik aleak ateratzeak eragin zuzena izan dezake

Bibliografia


Tejado C, Potes ME. 2008. Ampliación del conocimiento distributivo de la herpetofauna en el territorio histórico de Álava y Condado de Treviño (Burgos). Boletín de la Asociación Herpetológica Española, 19: 67-71

Buenetxea X, Paz-Leiza L, Larrinaga AR. 2009. Caracterización de tres poblaciones de galápago leproso en Araba. Ihobe, Sociedad Pública de Gestión Ambiental. Bilbo

Buenetxea X , Paz-Leiza L. 2010. Búsqueda y localización de galápagos autóctonos en la provincia de Bizkaia. Bizkaiko Foru Aldundia, :

Buenetxea X, Paz-Leiza L, Larrinaga AR. 2010. Identificación de galápagos autóctonos y extracción de galápagos exóticos en el territorio histórico de Araba. Arabako Foru Aldundia, :

Buenetxea X, Zugadi I. 2001. Estudio de la distribución de las poblaciones de galápago europeo (Emys orbicularis) y de galápago leproso (Mauremys leprosa) en la Provincia de Araba. Arabako Foru Aldundia, :

Crespo-Díaz A, Tamayo I. 2007. Áreas importantes para los Anfibios y Reptiles en el País Vasco. Aranzadi Zientzia Elkartea. Donostia

Pleguezuelos JM, Márquez R, Lizana M. 2002. Atlas y Libro Rojo de los Anfibios y Repitles de España. Organismo Autónomo Parques Nacionales. Madrid

Blanco JC , González JL. 1992. El libro rojo de los vertebrados de España. ICONA, Ministerio de Agricultura Pesca y Alimentación. Madrid

Bea A. 1999. Arriskuan dauden EAEko ornodunak. Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzua. Gasteiz

Álvarez J, Bea A, Castien E, Faus JM, Mendiola I. 1985. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ornodun Kontinentalen Atlasa (Chiroptera ezik). Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzua. Gasteiz
Egilea: | Sorrera: 2012/02/23 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 2590 | Argazki nagusia: Ander Izagirre Egaña

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...