Sugegorri kantauriarra
Vipera seoanei

Tamaina ertaineko sugegorria da Vipera seoanei. Iberiar penintsulako endemismoa da, Portugaleko ipar-mendebaldeko mendietatik Pirinioen mendebalderaino zabaltzen da. Euskal Herrian aurkitzen diren beste bi sugegorri-espezieekin alderatuz eremu freskoago eta hezeagoetan egoten da kantauriarra, hau da, sasietan eta, baso- zein larre-ertzetan dauden sastrakadietan. Isurialde atlantikoan arrunta da oso eta itsas mailaraino hel daiteke.  

Vipera seoanei

Phyluma
Chordata
Klasea
Reptilia
Ordena
Squamata
Familia
Viperidae
Deskribatzailea
Lataste, 1879
Estatusa
lc

Deskribapena

Europako gainontzeko sugegorriekin aldaratuta luzera ertaineko sugea dugu sugegorri kantauriarra, orokorrean 60 cm-tik beherako tamaina duena. Halaber, emeak arrak baino handiagoak izan daitezke. Gorputz lodiak, ondo berezituriko triangelu itxurako buruak eta, borobil antzeko eta gorantz ez zuzenduriko muturrak bereizterraza egiten dute. Begi-niniak bertikalak ditu eta ez du betazalik. Bere ezkata dortsalak karenatuak dira. Bizkar hezurrean sigi-saga egiten duen lerro ilun bat izaten du. Koloreak asko aldatzen dira sexuaren arabera: arrak zuri eta grisak, beltz marka bortitzekin; emeak, berriz, arre kolorekoak edo gorrixkak izaten dira. Sabela grisa edo beltza izaten da, batzuetan orban zuriekin. Buztana horia, laranja eta azpitik gorria da, gorputzaren luzeraren % 10 - 15ekoa. Badaude oso ilunak, ia beltzak, diren ale batzuk, izan ere, sugegorri espezie hau oso polimorfikoa da ale eta kokapen geografikoaren arabera.

Antzeko espezieak

Vipera aspis eta Vipera latastei
Vipera latastei Vipera aspis

Sugegorri kantauriarrak mutur borobildua du eta ez gorantz zuzendua lataste sugegorriak eta aspis sugegorriak bezala.


Kolubridoak

Sugegorriak beste sugeetatik bereizteko ondorengo ezaugarriak begiratu behar dira: sugegorriek begi-ninia bertikala dute eta kolubridoek biribila; buruko ezkatei erreparatuz, sugegorriek ezkata txikiak dituzte buruan, guztiak neurri berekoa gutxi gorabehera, eta, kolubridoek plaka-itxurako ezkata handiak dituzte. Gainetik begiratuta, sugegorriek hiruki-formako burua dute, atzean zabala eta muturralde estuarekin; forma hori, ordea, beste zenbait sugek ere imitatzen du mehatxatuta sentitzen denenan, arriskutsua dela sinestarazteko erasotzaileari.

Banaketa

Iberiar Penintsulako endemismoa dugu Vipera seoanei espeziea. Portugaleko ipar-mendebaldeko mendietan, Espainiako iparraldeko zenbait probintzietan (Galizia, Kantabriako kostaldea eta atlantiko-klima duten Leon, Burgos, Palentzia eta Zamorako mendebaldeko gune menditsuetan), Frantziako hego-mendebaldean (Pirineotan) eta Euskal Herrian (isurialde atlantikoan eta, atlantiko-klima duten Nafarroa eta Arabako mendietan) agertzen da.

Vipera seoanei Vipera seoanei

Habitata

Baso eremu heze eta irekietan (Quercus robur eta Quercus pyrenaica), larre eta baso arteko ekotonoetan eta, landaredi basal (Erica sp., Daboecia cantabrica, Pteridium sp. eta Ulex sp.) ugariko guneetan bizi da sugegorri hau. Hauentzat, betebeharreko baldintza termorregulazioa ahalbidetzen duten habitatak izatea da.


Elikadura

Bere ahaidea den lataste sugegorriaren (Vipera latastei) antzera sugegorri kantauriarrak ehizatzeko darabilen teknika zelataritzan oinarritzen da, eta gutxitan aritzen da modu aktiboan ehizakien bila. Dieta osatzen duten harrapakin nagusiak ondorengoak dira: tamaina txikiko ugaztun karraskariak eta intsektiboroak, narrastiak (Podarcis, Lacerta, Anguis fragilis), anfibioak, nagusiki arrabioak (Salamandra salamandra) eta, aldizka, igelak. Ornogabeak, artropodoak eta abar, oso gutxitan dira sugegorri espezie honen harrapakinak.

Ugalketa eta ontogenia

Ugalketa-aldia udaberrian izaten da, martxo amaieratik maiatza hasiera arte. Arrek ziklo espermatogeniko mixtoa dute, hau da, espermatogenesia udan hasten da, hibernazioan zehar eteten da eta hurrengo urteko udaberrian osatzen da. Emeek, berriz, errunaldi osteko ziklo bitelogenikoa dute, zeinetan folikuluen garapena udan eta hibernazio hasieran hasi eta, arretan bezala, hurrengo urteko udaberrian amaitzen den. Sugekume kopurua errunaldiko 3 - 10 artekoa da, 5,95 bataz beste; kopurua emeen tamaina eta adinarekin loturik dago.

Heldutasun sexuala 4 - 5 urterekin lortzen dute, 32 - 38 cm-ko luzera dutelarik. Bizi-luzetasuna 13 urterainokoa izan daiteke.  

Bizimodua

Urteko aktibitateak martxotik urria aldera irauten du, apirila eta iraila bitartean aktibitate jarraituarekin. Eguneko jarduera izaten du eta sedentarioa da. 

Espezieen arteko elkarrekintzak

Vipera seoanei-ren harrapariak zapelatz arrunta (Buteo buteo), azeri arrunta (Vulpes vulpes), katajineta (Genetta genetta), etxe-katua (Felis silvestris catus) eta katu basatiak (Felis silvestris) dira, hauen gorotzetan sugegorri honen arrastoak aurkitu baitira.

Kontserbazioa

Espezie honen mehatxu nagusiak ondorengoak dira: gizakiaren jazarpen zuzena, habitat galera suaren eta nekazaritza-metodo intentsoagoen eraginez, bereziki, hesi-bizien galera larreen inguruan. 

Esteka interesgarriak


Egilea: | Sorrera: 2012/02/22 | Azken eguneraketa: 2012/11/13 | Bisita-kopurua: 2433 | Argazki nagusia: Ander Izagirre Egaña

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...