Erlatxoria
Merops apiaster

Hegazti ikusgarria da erlatxoria. Bere kolore biziek inguru tropikaletako hegaztia dela salatzen digute, gurera udako tenperatura goxoagoen bila hurbiltzen dena.

Merops apiaster

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Coraciiformes
Familia
Meropidae
Deskribatzailea
Linnaeus (1758)
Estatusa
lc

Deskribapena

25-29 cm luzera eta 36-40 cm hego-zabalera duen hegazti honek kolore biziz betetako lumadia dauka: eztarria horia, paparra eta sabelaldea urdina, buru-gaina eta bizkarraldea gorria, hegoen goikaldea gorria eta urdina eta besaburuetan bi orbain hori (Cramp 1985; Svensson et al. 2010). Gazteek kolore apalagoak dauzkate eta bizkarraldeko koloreak berdeagoak dira. Moko luzea dute, beherantz okertuta, hegoak oso zorrotzak dira eta buztanaren erdiko lema-lumak gainontzekoak baino luzeagoak direnez nabarmenki gailentzen dira. Dimorfismo sexuala ez da batere nabarmena, baina emeen ipurtxuntxurra (atzealdeko muturreko atal dortsal edo sakroa)  eta hegoak berdeagoak dira (SEO/BirdLife, interneten).

Hegaldian uhin luzeak egiten ditu, eta ehizan dagoenean altuago egiten du hegan, planeatzen eta noizbehinka hegazkada biziak tartekatzen dituelarik (Svensson et al. 2010).

Kantua

Pi-pi-pi-prruuut moduko soinu berezia egiten du, umeen txilibituen antzekoa. Etengabe egiten du, hegan dabilenean batez ere, eta oso urrutitik ere entzun daiteke.

Banaketa

Erlatxoria palearktikoko zona epelean ugaltzen da: Europako hegoaldeatik Asiako hegomendebalde eta Asia erdiraino (Afganistanetik India iparraldera), eta hegoaldean Namibian eta Omanen. Bestela, ugal garaitik kanpo Sahara hegoaldeko Afrikan bizi da (Cramp 1985). Iberiar penintsulan Ozeano atlantikoaren inguruan eta mendialdean izan ezik gainontzeko zonetan agertzen da, eta banaketa-eremu horren iparraldeko populazioak dira Euskal Herrian ikus daitezkeenak (Valera 2003).

Esan bezala, erlatxoria saharaz gaindiko migratzailea da, negua Afrika tropikalean igarotzen baitu.

Merops apiaster Merops apiaster

Habitata

Bere banaketa-eremuaren barnean era askotariko habitatetan bizi da. Baso dentsoak eta goi-mendiak baino ez ditu saihesten, baina habiak 1800 m arte aurkitu dira (SEO,1994). Edonola, zuhaitz gutxiko areak hobesten ditu, hala nola soroak, sastrakadiak, dehesak, ibai bazterrak eta abar (Valera 2003).

Habia batez ere ibai-bazterretako ezpondetan zulatzen du, horregatik ibaien inguruan ikustea ohikoa da, baina beste batzuetan lurrean bertan egiten du, landaretzak hala bermatzen badio behintzat (Carmp 1985). Horrelakoetan sarreran 10-12 cm duen eta apurka-apurka 7 cm arte estututzen den 50-200 cm galeria bat zizelkatzen du (SEO/BirdLife, interneten).


Elikadura

Intsektuak bakarrik jaten ditu, eta hauek hegan eginez ehizatzen ditu. Espainian egindako ikerketa baten arabera (Martinez 1984) dietaren % 80 himenopteroek osatzen dute, erleak eta liztorrak batez ere (hortik datorkio izena).

Ugalketa eta ontogenia

Apirilean habia zulatzen hasten dira, eta maiatzerako emeak 6-7 arrautz erruten ditu. Arrautza horiek bi gurasoek inkubatzen dituzte, eta txitak ekainean jaiotzen dira. Ondoren, bi gurasoek arduratzen dira habira elikagaiak eramateaz. Txitak arrautzen erruketaren arabera jaiotzen dira, ez dira guztiak aldi berean jaiotzen alegia, eta janari nahikorik ez badago txita zaharrenek ez diete gazteei elikatzen uzten (SEO/BirdLife, interneten).

Bizimodua

Hegazti monogamoa da, eta batzuetan bikoteaz gaindiko ale batzuek txiten hazkuntzan laguntzen dute. Koloniak osatzen ditu (Valera 2003).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Erlatxoriek zulatutako habia zaharrak beste espezie askok erabiltzen dituzte: argi-oilarrek (Upupa epops), etxe-txolarreek (Passer domesticus), harkaitz-txolarreek (Petronia petronia), txolarre ilunek (Passer hispaniolensis), karrakek (Coracias garrulus), edota mozoloek (Athene noctua) (Valera 2003). Halaber, intsektu ugarik ere erabiltzen dituzte utzitako habi horiek.

Bestalde, habiak azeriek (Vulpes vulpes), sugeek (ala nola Montpellierko sugeak, Malpolon monspessulanus), gardatxoek (Timon lepidus) edota txakurrek erasotzen dituztela ikusi da (Varela 2003). Erlatxoria gabiraien (Accipiter nisus), sai zurien (Neophron percnopterus), miru beltzen (Milvus migrans), arrano txikien (Aquila pennata) edota belatz handien (Falco peregrinus) harrapakina da (Mañosa & Oro 1991; Donaza-Sancho & Ceballos-Ruiz, 1988; Valverde 1967; Garcia-Dios 2006; Hereia et al. 1988). Bestalde, habiak espezie batek erabiltzetik beste batek erabiltzera igarotzen direnez haien artean parasitoen arteko trasferentzia ere ba omen dago (Valverde 2003).

Kontserbazioa

IUCN erakundearen arabera erlatxoria ez dago mehatxatuta, batez ere bere banaketa eremu zabala (20.000 km baino gehiago) delako, populazioa oso handia delako (10.000 heldu baino gehiago) eta azken hiru belaunaldietan kopurua ez delako % 30 baino gehiago murriztu (populazioa egonkorra da beraz). Hala ere, nazioartean Hegaztien 79/409/CEE zuzentarauek eta Bonn eta Bernako hitzarmenek babesten dute. Espainiako Mehatxatutako espezieen katalogoan "interes berezikoa" kontsideratzen da.

Kuantifikatzeko zaila den espeziea da erlatxoria, oso dentsitate desberdinetan biltzen baita, eta bere behaketa soilak ez duelako kopuru bat estimatzea bermatzen. Halere, egindako ikerketek Europako populazioa gainbeheran dagoela eta Espainiakoa gora egiten ari dela dioskute (BirdLife International/EBCC, 2000). Bada, gizakiak ibai bazterretako ezpondak faboratu dituen lekuetan kolonia berriak ezarri dira, baina erlezainen jazarpen zuzenak, presio urbanistikoak eta pestiziden erabilerak mehatxu handia suposatzen diote (SEO/BirdLife, interneten).

Argazkiak

Erlatxoriak
( 2012/05/04 )
Esteka interesgarriak


Erlazionaturiko artikuluak

Egilea: | Sorrera: 2012/02/08 | Azken eguneraketa: 2013/05/31 | Bisita-kopurua: 2356 | Argazki nagusia: J.M. Llavori

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...