Eskailera-sugea
Rhinechis scalaris

Euska Herriko suge lirain eta ederrenetakoa dugu eskailera-sugea. Oso eguzkizalea dugu eta gurean alde mediterraneoan soilik agertzen da. Alde dortsalean bi lerro paralelo ditu luzetara, eta gazteak direnean hainbat lerro perpendikularrez lotzen dira biak (banako helduetan bi lerro paraleloak bakarrik mantentzen dira); egitura honek ematen dio izena espezieari.

Rhinechis scalaris

Phyluma
Chordata
Klasea
Reptilia
Ordena
Squamata
Familia
Colubridae
Deskribatzailea
(Schinz, 1822)
Estatusa
lc

Deskribapena

Suge luzea da, normalean 1 m ingurukoa baina, 1,5 m izatera iritsi daiteke; luzeraren bostena osatzen du isatsak. Ezkata dortsalak leunak ditu, eta 27 lerro eratzen dituzte soinaren erdialdean (Aihartza, 1992). Burua nahiko txikia du eta mutur zorrotzekoa. Muturraren luzera begiaren diametroaren bikoitza da.

Burua zabala eta ongi definitua izan ohi du. Bi ezkata parietal oso nabariak ditu eta hauen aurrean ezkata frontal handia, punta zorrotza atzera begira duela. Errostral handia ere aipatzekoa da, zabal baino luzeagoa eta, internasalen artean hauen erdiraino luzatzen dena (Aihartza, 1992).





Helduek alde dortsal arre argia dute, erdi-lerroaren alde bietara bi lerro longitudinal ilunagoak izten dituzte. Ale gazteetan lerro hauek beste zeharkako batzuez lotzen dira. Buruaren alde bietara, begietatik atzerantz marra ilun bana izaten dute. Alde bentralari dagokionez berriz, helduetan zuri edo horixka izten da, baina zenbait ale gaztetan orban ilunak ager daitezke (Aihartza, 1992).

Banaketa

Banaketa ibero-okzitaniarreko sugea, Iberiar penintsularen zati handiena betetzen du, frantziar estatuaren hego-ekialdea eta, Italiako ipar-mendebaldea. Euskal Herrian alde mediterraneora mugatzen da eta, ekialdera, alde prepiriniar guztia zeharkatzen du Piriniora heldu arte; honen banaketak bat egiten du abaritzarenarekin (Quercus coccifera) (Martínez-Rica, 1983). Araban Ebro ibaiaren inguruetan aurkitzen da eta Nafarroan berriz erdi-alde eta hegoaldean (Aihartza, 1992).

Rhinechis scalaris Rhinechis scalaris

Habitata

Sastrakadi mediterraneo dentso samarrak okupatzen ditu eta entresakadun basoak edo, bien arteko ekotonoak. Oro har inguru areatsuak, eguzkitsuak eta zabalak hautatzen ditu gurean (Plegazuelos et al., 2002). Euskal Herrian sastrakaz hornitutako leku harritsuetan, larre bazterretan, baso bakanduetan, nekazal alorren arteko palaxuetan edota horma-zuloetan aurki daiteke batik bat (Aihartza, 1992).


Elikadura

Eskailera sugearen bazka ornodun endotermoak (ugaztunak eta hegaztiak) dira ia soilik; nahiko arraroak dira ornogabe eta narrastiak. Hegazti eta narrastien arrautzak jan dituzten kasu konkretu batzuk ere ezagutzen dira (Laferre, 1970; Pleguezuelos et al, 2007).

Dieta aldatuz joaten da garapen ontogenikoan zehar: suge jaioberriek eta gaztetxoek harrapakin txikienak jaten dituzte (satitsuak, arratoi jaioberriak...); hegaztiak heldutasun sexualera iritsi direnek soilik jango dituzte eta, espezie handiagoak (satorrak, arratoiak, soro-muxarrak, untxiak, erbiak...) suge handiek soilik (Pleguezuelos eta Feriche, 2006). Bere harrapakinak itota hiltzen ditu, konstrikzio bidez, gorputzaren aurrealdeko eraztun bat edo birekin eta, ahoarekin helduta mantentzen duen bitartean (Gonzalez de la Vega, 1988).

Ugalketa eta ontogenia

Ugal-zikloa urtaroka doa. Arretan barrabilen indarberritzea maiatzaren erdialdera hasten da, bolumen maximoa uztailean eta abuztuan lortzen dute eta, udazkenean beheraka hasten dira; azkenik neguan izaten dute bolumen minimoa. Azterketa sakonagoen faltan barrabilen bolumena espermatogenesiaren zikloaren adierazle ona dela uste da (Blázquez, 1994). Araldia udaberriaren bukaeran hasten da, maiatza eta ekaina bitartean. Ernalketatik 3 - 4 astera 6 - 24 arrautza luze horixka erruten ditu emeak. Bertatik uda bukaeran jaioko dira sugetxoak (Aihartza, 1992).

20 cm-rekin jaiotzen dira sugetxoak. Une horretatik beren bizimodua egiteko gai izango dira, hasieran mantxinsaltoak eta abar ehizatuz eta, hazi ahala, pixkanaka gero eta harrapakin handiagoak harrapatuz; beren gurasoak bezain ehiztari bikain izatera iritsi arte (Aihartza, 1992). Heldutasun sexuala neurriaren arabera hartzen dute, arrek beren luzera maximoaren % 40an eta emeek % 48an (Plequezuelos eta Feriche 2006).  

Bizimodua

Gure latitudean, bere jarduera martxoan hasi eta urrian bukatzen da. Bizilekuaren arabera jarduera tarte desberdinak ditu. Jarduera-aldia antzekoa da ar zein emeetan (Feriche, 1998). Egunez, iluntzean nahiz gauez aurkitu daiteke aktibo. Iberiar penintsulako kolubridorik gautarrena dugu.

Beti egiten dute muda bat araldia baino lehen. Muda garaian (8 - 9 egun), sugeak untxienen antzeko ezkutaleku sakonetan egoten dira, horrela gorputzeko tenperatura nahiko konstante mantentzen dute. Jaioberriek ez dute habia uzten muda bat egin arte (Blázquez, 1993).

Egunero distantzia luzeak egiten ditu, Iberiar penintsulako ofidioen artean luzeenak. Gainera ez dira azalera jakinetan mugitzen eta ez dira beti ezkutaleku berdinetara itzultzen (Blázquez, 1993).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Lehen aipatu bezala hainbat ehizaki harrapatzen ditu. Baina ehiztari izateaz gain harrapakina ere bada eta, ez soilik arrano sugezalea eta beste harrapariena; izan ere bere okela oso preziatua izan da gizakiarentzat eta garai batean jan egiten zen. Bestalde, Erriberako zenbait herritan bere gantzei sendatzeko ahalmena atxekitzen zaie (Aihartza, 1992).

Kontserbazioa

Euskal Herrian gero eta ikusgaitzagoa da espezie hau. Urritze prozesu honen arrazoiak bere habitaten eraldaketak dira bereziki. Izan ere, nekazal alorrek landaredi naturala ordezkatu dute eta, nekazaritza estentsiboen ondorioz alorren arteko palaxuak eta baso eta sastrakadi txikiak gero eta urriago dira. Espezie honen babesak, beste askorenak bezala, ingurunearen babesa eskatzen du (Aihartza, 1992). 

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Blázquez M.C.. 1994. Notes on the reproduction of Elaphe scalaris (Schinz, 1822) in Southern Spain. Herpetological Journal, 4: 109-111

Pleguezuelos JM, Márquez R, Lizana M. 2002. Atlas y Libro Rojo de los Anfibios y Repitles de España. Organismo Autónomo Parques Nacionales. Madrid

Aihartza J. R.. 1992. Eskailera-sugea, eguzkizale liraina. Elhuyar, 55:

Laferre M.. 1970. Observations érpetologiques. Riv. Sicient., 1970: 89-90

Feriche M.. 1998. Ecología de la reproducción en colúbridos del sureste de la Península Ibérica. Tesis Doctoral, Universidad de Granada, :

González de la Vega J. P.. 1988. Anfibios y Reptiles de la provincia de Huelva. Ertisa. Huelva

Martínez-Rica J.P.. 1983. Atlas herpetológico del Pirineo. Munibe, 35: 51-80

Pleguezuelos J.M., Feriche M.. 2006. Reproductive ecology of a Mediterranean ratsnake, the ladder snake Rhinechis scalaris (Schinz, 1822). Herpetological Journal, 16: 177-182

Blázquez M. C.. 1993. Ecología de dos especies de colúbridos Malpolon monspessulanus y Elaphe scalaris en Doñana (Huelva). Tesis Doctoral, Universidad de Sevilla, :
Egilea: | Sorrera: 2012/02/29 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 1502 | Argazki nagusia: Benny Trapp

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...