Zumar hostozabala
Ulmus glabra

Zumar hostozabala (U. glabraUlmus generoko hostorik handieneko zuhaitza da. Glabra hitzak latinez leuna esan nahi du, gainontzekoak baino enbor azal leunagoa duela adieraziz. Altitude handiagoetara igotzen da bere ahaideekin konparatzen badugu, esaterako U. minor-ekin. Hosto erorkorreko baso hezeetan hazten da, batez ere ibai bazter eta trokarteetan. Eskualde Eurosiberiarrean banatzen da, Asiako mendebaldeania eta Europa guztian. Espezie honen banaketa globalaren hego-mendebaldeko muga Iberiar Penintsula da, eta uste da hau dela bere jatorria, izan ere datu paleobotanikoek adierazten dutenez Tertziariotik du presentzia bertan (Rossignoli & Génova, 2003).

Ulmus glabra

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Ordena
Urticales
Familia
Ulmaceae
Deskribatzailea
Huds. (1762)
Estatusa
ne

Morfologia

Altuera handiko zuhaitza da, 40 m-raino iritsi daideke. Adaburua zabala da, obalatua. Gaztetan obala eliptikoa eta heldutasunean borobilduagoa bilakatzen da. Enborra zartatua, suberosoa eta marroi-gris kolorekoa da eta U. minor-en baino fibrotsuagoa.

Hostoak

Hosto erorkorreko zuhaitza da. Hosto bakun handiak ditu 8-17 cm luzeerakoak. Akuminatuak, eliptikoak eta ilaundunak dira, baina azpialdea ilegabea edo ile mototsekin nerbio galtzarbetan. Kolore berde ilunekoak dira, baina azpialdea argiagoa izaten da. Ertza eskabridoa eta bitan zerratua dute, hortz bereiziekin. Oina nabarmenki asimetrikoa da, izan ere hosto oineko gingil biribildua kandua bezain luzea edo gehiago da. Beste ezaugarri bereizgarria apizea trikuspidatua da. Hostoen antolamendua txandakatua da. 14-20 nerbio pare izaten ditu, paraleloak, pinatuak eta nabariak direnak. Pezioloak iletsuak dira. Periantoa 4-5 loburu berdinez osatua dago. Loburuluek 6 mm-torainoko luzera dute eta estipulak lateralak eta erorkorrak dira.

Loreak

Loreak hermafroditak dira eta hostoen aurretik garatzen dira. Inflorenszentzia biribildu ia eserietan antoltzen dira, 10-20 lore-multzo dentsoak osatuz. Periantoa monoklamideoa da ez baitu petalorik. Ginezioa bikarpelarra da eta androzeoan 4-5 kanpo estamin ditu. Kolore gorrixkakoak dira antenak eta gainontzeko atalak marroi-horixkak.

Fruituak

Samara da fruitua, 25 mm artekoa eta hegal zabal, ziliatu gabea eta fina du. Obalatua da eta punta muxarratua du, baina muxarra ez da erdian kokatuta dagoen hazira iristen. Gaztea denean kolore berde argia du eta erdian kokatua dagoen haziak kolore marroia, eta heltzean samara marroi-horia bilakatzen da.

Antzeko espezieak

Ulmus minor
Ulmus minor

Bereizten da bere enborra zilindriko eta zuzenagoa, adarrak tamaina handiagokoak eta enborraren beheko aldetik adarkatzen direlako. Zumar hostotxikiak ere oin asimetrikoa du eta hostoaren lobulu basala periantoa baino motsagoa delako bereizten da, baita fruitua samararen goiko lehen herenean kokatua duelako ere.


Ulmus americana

Zumar amerikarra edo zuria Ipar Amerikan jatorria duen espeziea da. Oso zuhaitz gogorra da, -42ºC-ko tenperaturak jasan ditzakena. Heldutasun sexuala 150 urterekin garatzen du, nahiz eta gaur egun hori oso zaila izan grafiosia dela eta.


Ulmus laevis
Ulmus laevis

Zumar dilindaria, edo zuri europearra, baso alubialetako zuhaitz handia da. Zaila da aurkitzea 400 m-tatik gora, normalean ibaien ertzetan ageri da; gune anoxikoak jasateko gaitasuna duen zumar bakarretakoa da. Ulmus americana espeziearen alogamoa da, estuki ahaidetuak egonez.

Gainontzeko zumarretatik bereizten da lore eta fruitu zintizlikariak dituelako hostoko kandu luzeetan, samarako ertzak ziliatuak direlako eta hosto azpialde guztia ilaunduna delako.

Banaketa

Europako hainbat herrietan eta Asiako mendebaldean du banaketa, baita Europako ipar-ekialdean eta eskualde mediterranearrean ere, nahiz eta urriagoa izan.

Espainian azken urteotan atzera egin du, izan ere espezie honek gune zabal eta dibertsoak behar ditu eta gero eta zailagoa zaio  beharrezko baldintza hauek aurkitzea. Gainera, grafiosia gaixotasunak asko murriztu du bere banaketa area.  Dentsitate handieneko guneek ia jarraia den zinta bat osatzen dute Iberiar penintsulan zehar; Kantauriar mendikateen ekialdetik hasi eta ekialdetiko Pirineoetatik hego-mendebalderantz luzatuz Zamora eskualderaino iristen da. Bertatik, hego-ekialdera jarraitu, mendikate katalan prelitoraletan murgildu eta Castelloneko Maestrazgo mendietara iristen da.

Euskal Herrian nagusiki isurialde kantauriarrean aurkitzen da, baina isurialde mediterraneoan ez da falta,  ibarbaso eta zumardietan parte hartzen baitu ibai handien ertzetan.

Ulmus glabra Ulmus glabra

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Cornus sanguinea
Zuhandorra
Tilia platyphyllos
Ezki hostozabala
Viburnum opulus
Gaukarra, Andorra
Ligustrum vulgare
Arbustu arrunta, Karraskiloa
Taraxacum officinale
Txikoria-belarra, Sorgin-belarra edo Mando-belarra
Ulmus laevis
Zumar dilindaria
Alnus cordata
Haltz italiarra


Ekologia

Zoru emankor eta sakona duten ibarretan eta baso misto hostozabaletan bizi da. Kareharrizko zoruak ongi jasaten ditu, eta lur-eremu arin eta freskoetan bizi da. Hezetasun erdi-altuko guneak nahiago ditu, hain zuzen urte sasoi lehorrik gabekoak.

Fenologia

Loraketa martxo eta apirila artean ematen da, polinizazio anemofiloa dute eta haziak maiatza ekaina bitartean heltzen dira. Beraz, loraketa eta fruituen barreiapena hostoak garatu baino lehen ematen da.

Erabilerak

Bere egurra ez da zumar arruntarena (U. minor) bezain estimatua. "Zumar zuria" deitzen zaio eta altzarigintzan eta batez ere untzigintzan erabiltzen da, izan ere egurra gogorra eta baldintza hezeetan usteldurarekiko erresistentea da.

Hostoekin aziendak elikatu daitezke eta enborraren azala taninoetan aberatsa denez astringente gisa erabili izan da, U. minor-en moduan.

Garai batean zumarra hiri eta herrietako jardinetan jartzen zen maiz, baina gero eta gutxiago landatzen dira grafiosi gaixotasunak eragiten dituen kalteak direla eta.

Espezieen arteko elkarrekintzak

U. minor espeziarekin batera bizi den lekuetan, bereziki isurialde atlatiarrean, bien arteko hibridoa azaltzen da, Ulmux x hollandica Mill. izendatua. Bi espezieen arteko ezaugarri morfologikoen nahasketa duelako bereizten da.

Halaber, onddo batek zoltzen du zumarra, alegia grafiosia izeneko gaixotasuna eragiten duen Ophistoma ulmi askomikotoak. Scolytus scolytus kakalardo eskolitido zulatzailea da bektorea esporen sakabanaketan, izan ere zumarraren hostoez eta egurrez elikatzen da. Onddoa zuhaitzaren sisteman sartzen da, osoa kutsatuz eta garraio sistemaren kolapsoa eraginez. Hostoak zimeldu eta horitzen hasten da eta azkenean, landarea lehortu egiten da, zuhaitza hilabete gutxitan hilez. Uste da jatorriz Asiaren ekialdean sortu zela, izan ere bertako zumarrak erresistenteagoak dira eta ez dira kaltetzen.  Gaixotasuna Asira, Europara, Estatu Batuetara, Kanadara eta Zelanda Berrira barreiatu da.

Bestalde, zumar hostoen gainean Platychora ulmi  onddo saprobioa hazten da.

Kontserbazioa

Europan nahiko zabalduta dagoen espeziea den arren, grafiosi gaixotasuna dela eta atzerakada handia jasan du bere habitateko ia gune guztietan.

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2012/11/13 | Azken eguneraketa: 2014/01/02 | Bisita-kopurua: 2340 | Argazki nagusia: Hans Cees Speel

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...