Gogortxua
Viburnum tinus

Gogortxua apaingarri gisa oso erabilia den zuhaixka mediterraneoa da. Euskal Herrian landare basatia da hegoaldeko zein iparraldeko sakanetan, baina azken hauetan landatutako populazioetatik bertakotu diren aleak ere badaude. Hosto iraunkor berde ilunak ditu, eta loreak unbela itxurako infloreszentziatan bilduta agertzen dira.

Viburnum tinus

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Ordena
Dipsacales
Familia
Adoxaceae
Deskribatzailea
Linnaeus
Estatusa
ne

Morfologia

Zuhaixka hostoiraunkorra da, oinarritik adarkatua, 4 m-ko altuerara irits daitekeena. Enbor azalaren kolorea arrea da, lentizela bertikal gutxi batzuekin. Adaxkak askotan gorrixkak dira, gaztetan ilaun finaz estaliak, gerora ezaugarri hau galduz.

Hostoak

Bakunak, oposatuak (gutxitan hiruko bertizilotan) eta larrukarak dira, 65-122 x 35-68 cm-koak. Forma eliptikoa edo obatua dute eta ertz osokoak dira, berde ilun distiratsuak gainaldean eta azpialdean zurbilagoak. Punta zorrotzean amaitzen dira. Pinnatinerboak dira, azpialdeko nerbioetan ile sinpleak edo izar itxurakoak ageriz. 1-2 cm-ko pezioloa dute, eta ez dute estipularik.

Loreak

Lore aktinomorfo hermafroditak ditu, guztiak gutxi gorabehera berdinak eta emankorrak. 3,5-5,6 mm arteko neurria izaten dute, eta usaingabeak dira. Kalizak bost hortz txiki ditu, eta korolak kanpai itxura du, izar eran irekitako bost gingilekin. Zuria da barnealdetik eta kanpoaldetik arrosatua. Estamin motzak ditu, antera horiekin. Lore bakoitzaren oinaldean triangelu itxurako braktea erorkorrak ageri dira.

Loreak korinbotan elkarturik daude, eta hauek era berean infloreszentzia unbeliformea eratzen dute, 95-120 lore bilduz. Infloreszentziak bi brakteola izaten ditu.

Fruituak

Drupa erako fruitu mamitsua du. Oboidea da, hasieran urdin metalikoa eta iletsua, heldu bilakatzean beltza eta glabroa. 5,9-7 x 4-4,9 mm-ko pireno edo hezurra du barnealdean.

Banaketa

Europako eskualde mediterraneoan zehar agertzen da, baina beste zenbait lekutan (Britainia Handian kasu) bertakotu da sarrarazitako populazioetatik. Iberiar penintsulan, hego erdian eta ekialdean bereziki ugaria da, eta iparraldean esporadikoa. Euskal Herriari dagokiola, hego erdian agertzen da batez ere, baina kostaldean ere landare basatiak aurki daitezke, landatutako populazioetan jatorria duten aleez gain.

Viburnum tinus Viburnum tinus

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Pinus nigra
Larizio pinua
Ligustrum vulgare
Arbustu arrunta, Karraskiloa
Viburnum lantana
Andura, Marmaratila, Zimindurra
Pinus pinea
Pinazi pinua
Laurus nobilis
Erramua
Quercus rotundifolia
Artea, Karraska


Ekologia

Klima mediterraneoko lekuetan bizi da batez ere, 0-900 m arteko altitudean. Trokarte heze eta babestuak nahiago ditu, hotzarekiko sentikorra baita, eta edozein lurzorutan haz daiteke.

Fenologia

Udaberri hasieran loratzen da, martxo eta apiril artean, eta fruituak apiriletik urrira bitartean izaten ditu.

Erabilerak

Apaingarri gisa oso erabilia da, baita bere jatorrizko eskualdetik at ere, laboratutako aleek klima latzagoak jasan baititzakete. Horrez gain, sendabelar gisa ere erabili izan da, viburnina izeneko printzipio aktiboa du eta. Hostoekin eginiko infusioa sukarraren kontra erabiltzen da, eta alkoholaz eginiko tintura, berriz, depresioaren aurka. Fruituak ere idorreria sendatzeko erabiliak izan dira.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Batez ere baso formaziotan agertzen da. Euskal Herrian, erkametzek (Quercus faginea) edo arteek (Q. rotundifolia) osaturiko baso termofiloetan ageri da. Arbutus unedo gurbitzarekin batera sastrakadi altuak eratzen ditu azken horien ordezkapen etapa gisa.

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2014/03/12 | Azken eguneraketa: 2014/12/15 | Bisita-kopurua: 1257 | Argazki nagusia: Christophe Quintin

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...