Onddoak

Agaricus arvensis
Elurbola

Euskal Autonomi Erkidegoko belardietan, udazkenean, errez aurkitzen den espeziea da Elurbola. Euskarazko izenak adierazten duen bezala espezie hau gaztea denean eta zabaldu gabe dagoenean elur bola bat ematen du. Ale helduek 15 cm-tako diametroko pileoa gara dezakete. Onddo hau preziatua da, anisaren zapore gozoa eta usain fina daukalako. Eskuaz txapela igurzten bada kolore hori apala hartzen du. 

Argazkia: Mycowalt
Agaricus arvensis

Artikuluari buruz
Egilea:
Sorrera: 2013/12/31
Azken eguneraketa: 2014/01/04
Bisita-kopurua: 1873

Motzean
Taxonomia
Dibisioa: Basidiomycota
Klasea: Agaricomycetes
Ordena: Agaricales
Familia: Agaricaceae
Deskribatzailea: Schaeff.
Sinonimoak
Psalliota arvensis
Agaricus exquisitus
Psalliota leucotricha
Ekologia
Saprobio humikola
Jateko balioa
Jangarria
Perretxiko-garaia
Perretxikorik ez
Perretxikoak bai

Makromorfologia

Pileoa

8-15 cm-ko diametroa duen txapela garatzen duen onddoa da Elurbola, generokideak diren espezie asko baino handiagoa da beraz. Pileoa, hasieran hemisferikoa da eta alea heltzen doanean zabaltzen doa, laua izan arte. Kutikulako koloreari dagokionez, hau zuria edo marfil distiratsua da, kolore ilunagoko ezkata haritsuak izaten dituzte. Ezkata hauek horitzeko joera daukate. Kutikula, eskuaz igurtziz gero berehala horitzen da. Kutikula errez bereizten da mamitik. Hertza mehea da.

Estipea

8-16 x 2-4 cm-tako hanka garatzen du. Estipea zuzena eta zilindrikoa da, oinarrian loditzen dena. Hanka leuna da, baina oinaldean ezkata leun batzuk izan ditzake. Eraztunaren goi aldean kolore zuria nagusitzen da, gero eta oinarritik gertuago kolore horiak nagusitzen dira. Eraztun zabal eta bikoitza garatzen du. Hau, kolore zurikoa izaten da.

Orriak

Himenioforo laminarra, orriak libreak eta hertsiak dira. Laminak bata bestetik gertu kokatze dira. Hauen kolorea aldakorra da, ale gaztetan zuria izaten da, heldutan arrosa kolorekoa eta zaharretan beltza. 

Mamia

Mamiak kolore uniformea du, ale osoan zehar. Hasieran zuri-horia izaten da, baina denborarekin eta airearekin kontaktuan horitzen joaten da. Anisaren usain eta zapore gozoa dauka.


Mikromorfologia

Esporak

6,5-8 x 4,5-5,5 µm-ko espora obalatu-eliptikoak. Esporak, kolore marroi-purpura daukate. Esporada marroia izaten delarik. Espora hauek bi olio tanta dituzte. 


Ekologia

Habitata

Talde handiak osatuz hazten da aziendak bazkatzen diren belardietan. Gure inguruko belardietan espezie arrunta da.


Habitat bereko espezie batzuk:
Galanperna puntaduna
Macrolepiota mastoidea
Astaputz perladuna
Lycoperdon perlatum
Susa
Calocybe gambosa
Urbeltz gorritzailea
Coprinopsis atramentaria
Etsai eztena
Phallus impudicus


Perretxiko-garaia

Udaberritik hasita udazken arte aurkitzen den espeziea da, batez ere azken urtaro honetan.

Jateko balioa

Jateko espezie ona da, zapore gozoa eta usain atsegina baitauka. Ala ere, ale gazteak jatea gomendatzen da. Behin orriak belzten direnean ez jatea gomendatzen da, zenbait konposatu basikoen kopurua asko emendatzen baita.

Antzeko espezieak
Agaricus xanthodermus

Agaricus xanthodermus-kin errez nahas daiteke, hau toxikoa izanik. Espezie honek usain txarra izaten du, tinta edo fenolarena, usaina nabarmenagoa egiten da prestatu ostean. Desberdintzeko beste ezaugarri bat estipearen kolorea da, A. xanthodermaus onddoa mozterakoan berehala hartzen du kolore hori bizia.

Azpibeltz tinta usain-argia ( Agaricus xanthodermus )

Amanita verna

Amanita verna eta Amanita phalloidesen alba barietatearekin kontu handia izan behar da, hauek hilgarriak baitira. Ezberdintzeko orriak begiratu behar dira, bi amanitek txuriak izaten baitituzte.

Hiltzaile berdea ( Amanita phalloides )
Hiltzaile goiztiar ( Amanita verna )

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...