Albisteak

Picassoren Gernikak Zilbetiko basoa hartu du

2012/11/13

Iruzkinik ez
bisita

Gaur Zilbetin egin nahi duten harrobiaren kontrako talde ekologistek Picassoren Gernika margolana margotu dute bertako pagadian. Ekimen honekin "iritzi publikoa sentsibilizatu" nahi izan dute, "hondeamakina suntsitzaileen aurrean pagadia adierazpen-tresna gisa" erabiliz.


Picassoren Gernikak Zilbetiko basoa hartu du
Gernika koadroa Zilbetiko pagadian. | Iturria: Zilbeti Bizirik

Gutxi barru urtebete beteko da hondeamakinak Zilbetiko Antzeri pagadian lehendabiziko aldiz sartu zirela. Orduan iritzi publikoak sarraskiaren kontra egin bazuen ere gaurkoan Nafar Gobernuak gizarteari entzungorrarena egin eta indusketekin jarraitzeko baimena eman dio Magna enpresari.

Alduide Mendia Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) bat da. Honen helburua biodibertsitatea kontserbatzea da eta Natura 2000 sarearen barnean dago. Eremu hauetan balore ekologikoen kontserbazioa bestelako politika sektorialen planifikazioan ezinbesteko elementutzat hartu behar da, kontserbazio-politika lurralde-antolaketaren osotasunean kokatzeko asmoz. Baina KBE honetan harrobi bat egiten ari dira, nazioarteko babes figurak agintzen duenaren gainetik. Izan ere, besteak beste bertan okil gibelnabarraren (Dendrocopos leucotos) populazio bat zegoelako izendatu zen Alduide mendiaren ingurua KBE. Hain zuzen ere momentu honetan harrobia egiten ari diren ingurunean. Horregatik eta bertako pagadi azidofiloa Europako ekosistema babestu bat delako.

Bada, gaur basoan "modu ilun eta zikinean" sartu zirela salatu nahi izan dute harrobi batek mehatxatzen dituen zuhaitzen enborrak mihisetzat hartuz, Omako basoa bailitzan. Emaitza 20 m-ko zabalera,8 m-ko altuera eta 40 m-ko sakonera duen 3 dimentsioetako Gernika irudi bat da

Lotura: Nazioarteko kontserbazio figurak - Natura2000 sarea
Lotura: Albistea Gara egunkarian
Lotura: Albistea Berria egunkarian
Lotura: "Gernika koadroak harrobi baten zentzugabekeria salatzen du Zilbetin" bideoa (Ateak Ireki)

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...