Belatz txikia
Falco columbarius

Neguko bisitaria dugu belatz txikia, gurera hemen biltzen diren hegazti txikiak ehizatzera etortzen dena. Harrigarria da hegan egiteko duen erraztasuna, abiadura handian eta mugimendu azkarrak eginez.

Falco columbarius

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Falconiformes
Familia
Falconidae
Deskribatzailea
Linnaeus (1758)
Estatusa
lc

Deskribapena

Belatz txikia Europako belatzik txikiena da, 26-33 cm luzeera eta 55-69 cm hego-zabalera dauka (Mullarney et al. 2010), baina munduko beste belatz txikiak baino sendoagoa da berau. Hegan belatz handiaren silueta berdina dauka: bular alde sendo eta zabala, hego zabala oinarrian baina oso mutur zorrotzekoa eta luzeera ertaineko buztana. Halere, tamainagatik erraz desberdindu daitezke bi espezieok. Belatz txikiak, gainera, hegoak askoz ere azkarrago mugitzen ditu eta, zuhaitz belatzak bezala, honek ere hegan egitean mugimendu urduriak egiten ditu (Ferguson-Lees et al. 2001; Mullarney et al. 2010).

Alde dortsala urdin apal nahiko homogeneoa da ar helduetan, eta arreak orbain argi nabariagoekin eme eta gazteetan (orbanak arretan ere ikus daitezke, hauek lumak zabaltzen dituztenean batik bat). Ar helduek, gainera, buztanean banda beltz bakarra daukate (puntan), baina emeek eta gazteek buztana banda beltzez betea dute (bost bat inguru). Beheko aldetik ikusita, arretan kolore laranja da nagusi, eta eme eta gazteetan kolore zurixka. Ez dute ia biboterik. (Cramp et al. 1980; Mullarney et al. 2001).

Beste hegazti harrapari gehienetan bezala, espezie honetan ere dimorfismo sexuala agerikoa da, emeak arrak baino handiagoak eta pisutsuagaok baitira (150-210 g) (White 1994).

Antzeko espezieak

Belatz Handia (Falco peregrinus)
Falco peregrinus

Tamainagatik erraz bereiz daitezke. Belatz handia, izenak salatzen duen bezala, handiagoa da. Gainera, belatz handiaren hegakera sendoagoa da eta ez da belatz txikiarena bezain bizia.


Zuhaitz-belatza (Falco subbuteo)
Falco subbuteo

Zuhaitz-belatzak eta belatz txikiak oso antzeko kolorazioa dute, baina belatz txikiak ez du sabelaldean zuhaitz-belatz helduek duten kolore gorria. Gainera, proportzioak ere desberdinak dira, zuhaitz-belatzak proportzionalki hego meheagoak eta luzeagoak baititu.

Kantua

Nahiko isila da, baina norbait habiara gerturatzean kikikiki moduko alarma kantu bat egiten du.

Banaketa

Belatz txikia ipar-hemisferioko belatza da; Iparramerikan, Europan eta Asiako erdialdean bizi da. Negua igarotzera hegoaldera bidaiatzen du, baina ez da hego-hemisferioaraino iristen (Europako populazioak europako erdialde eta hegoaldean igarotzen du negua) (Cramp & Simmons 1980; SEO/BirdLife, interneten). Penintsulan lautada zabalak hobesten dituenez Espainiako goi-mesetan aurki daiteke batez ere, baina banaketa eremu horren mutur batek Euskal Herrira ere ukitzen du (Noval 1967; SEO/BirdLife, interneten)

Garaia

Belatz txikia gurera negua igarotzera etortzen da. Lehendabiziko aleak abuztuan iristen hasten dira, baina gehienak urrian etortzen dira. Ondoren, otsaila eta apirila artean hasten dira berriro ere Europa iparraldera alde egiten.

Habitata

Esan bezala, belatz txikiek lautada zabalak hobesten dituzte, gehienez ere zuhaixkez  osatutako inguruneak. Hori dela eta, mendialdeak ekiditen ditu eta zekale-soroetan, hezeguneetan edota mosaiko-paisaietako zuhaixka inguruetan ohikoa da. Hala ere, taigan eta gure inguruko basoetan ere ikus daiteke (White 1994).

Jakina da belatzek ez dutela habirik egiten, eta belatz txikiek habia lurreko zuloren bat probestuz egiten du, batez ere txillardien babesa bilatuz. Batzuetan beleek utzitako habiak erabiltzen ditu. (White 1994).


Elikadura

Hegazti txikiak jaten ditu batez ere: txontak (Fringilla coelebs), arabazozo beltzak (Sturnus unicolor), hegatxabal arruntak (Alauda arvensis), txirtak (Anthus sp.), buztanzuri arruntak (Oenanthe oenanthe), txolarreak (Passer sp.), mikak (Pica pica)... (Sunyer  Viñuela, 1990). Hauek hegaldi azkar eta baxuak eginez harrapatzen ditu, askotan lurretik metro eskas batera.

Ugalketa eta ontogenia

Arrautzak maiatza eta ekaina artean erruten ditu, kolore apaleko eta orbain arre-gorrixkaz beteriko 3-5 arrautza bitartean izaten dira. Arrautzok 28-32 egunetan zehar inkubatzen ditu, emeak batez ere, baina jaio ondoren arra zein emea arduratzen dira habiaraino janaria eramateaz. Heldutasuna jaio eta 30 bat egunetara lortzen dute (SEO/BirdLife, interneten).

Bizimodua

Hegazti monogamoa da, ugalketa garaian behintzat (White 1994).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Ez da espezieen arteko elkarrekintzarik deskribatu.

Kontserbazioa

Mundu mailan IUCN erakundeak mehatxurik gabe sailkatu du belatz txikia oso eremu zabalean aurki daitekeelako, populazioa nahiko handia delako eta ez delako beherakada nabarmenik ikusi. Halere, habitataren galerak eta pestiziden erabilerak espezie hau asko kaltzetzen dute (SEO/BirdLife, interneten).

Esteka interesgarriak


Egilea: | Sorrera: 2012/01/25 | Azken eguneraketa: 2013/05/31 | Bisita-kopurua: 2128 | Argazki nagusia: Craig Nash (Fotopedia Encyclopedia)

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...