Ardura zaitez! bloga | 2012/02/03 | Egilea: | Bisitak: 853 |
iruzkin
Zilbetin pagadi bat dago, eta pagadi horretan ehunka urteko zuhaitzak daude. Baina ez hori bakarrik. Pagadiaren baitan ehunka animalia espezie babesten dituen baso bat sortu da, milaka onddo elikatzen dituen orbel geruza daukana, eta bertan bere iluntasun isilari kolorea ematen dioten landare pila hazten dira.
Zilbetin pagadi bat dago, eta pagadi horretan hezetasuna arnastu ere egin daiteke, eta haizean dantzan dabiltzan hostoen joan-etorria eta txori bakoitza bere adar zatia babesten entzuten dira.
Zilbetin pagadi bat dago, eta pagadi horretan materia ez da sortzen ezta desegiten ere, eraldatu besterik ez da egiten; eta , horrela, milaka urtetan orekan egon den ziklo bat sortzen da. Trukean ezer eskatu gabe jatea, edatea, berotzea eta gozatzea bermatu digun ziklo bat.
Zilbetin pagadi bat dago, hiriko estresetik eta zaratatik ezkutatu zaitezkeen pagadi bat, arnasa hartzen duzun bakoitzean birikak garbitzen zaizkizula sentitzen duzun pagadi bat.
Zilbetin pagadi bat dago, eta pagadi hori Europako, Espainiako eta Nafarroako legeek babeste dute.
Zilbetiko pagadia ez dira zuhaitzak bakarrik. Zilbetin hori baino gehiago dago. Zilbetiko pagadia magnesita daukan arroka baten gainean jaio zen, hori da bere erru bakarra.
Zilbetin pagadi bat dago, eta pagadi hori enpresa batek langile batzuk ez kaleratzeko txikituko dute. Lan egiteko eskubide osoa duten langileak, baina milaka urtetako historia urratzeko eskubiderik ez dutenak.
Zilbetin pagadi bat dago, eta Nafar Gobernuak pagadi hori lehen Babes Bereziko Eremua izan zedin zedarritu zuen, orain babestea ahazten duen pagadi bat.
Zilbetin gutxi barru ez da pagadirik egongo.