Basakatua
Felis silvestris

Europako bigarren felido basatia da basakatua, katamotzaren atzetik. Arazo asko ditu bere kontserbaziorako. Habitat galera dago alde batetik. Gainera jazarpen gogorra jasan du gizakiaren aldetik oilategietan egindako erasoengatik, nahiz eta ikerketa batzuk etxeko katuek eta hibridoek eraso gehiago egiten dituztela argitu duten, basakatuaek gizakiaren presentziarekiko mesfidantza handia baitute. Azkenik hainbat lekutan hibridazio arazo larriak ditu eta arrazaren purutasuna galtzen ari da, Euskal Herrian kasu.

Felis silvestris

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Carnivora
Familia
Felidae
Deskribatzailea
Schreber, 1777
Estatusa
lc

Deskribapena

Tigre itxurako katu handia da basakatua, 540 mm inguruko gorputz luzeerakoa eta, 3,5 kg ingurukoa emeen kasuan eta 5 kg ingurukoa arrenean. Katu sendoa da nahiko hanka motzekoa eta buru sendokoa. Aipatzekoak dira bere bigote mardulak, aurpegi zapaldua eta haragi koloreko muturra. Ilajea arre-grisaxka du, eta lerro beltzak buru, enbor eta gorputz-adarretan. Isatsaren hasieran amaitzen den lerro nabaria du bizkarrezurraren zona zerbikaletik lunbarrera. Buztana 300 mm inguruko luzerakoa da eta punta beltzean amaitzen da, tartean 3-5 eraztun beltz izan ditzake.

Banaketa

Europa osoan banatzen da baina hutsuneekin: Iberiar penintsula osoan zehar, Frantzia ipar-ekialdean Alemaniarekin mugan, Eskozian, Italian, Grezian, Ekialdeko herrialdeetan, Turkian eta Kaukasoko mendikate osoan zehar, Itsaso beltzaren eta Kaspio itsasoaren artean. Halere hainbat lekutako populazioak ez dira ezagunak oraindik. Bestalde Afrikako kontinente osoan zehar banatzen da (Sahara gehiena eta ekuatoreko oihan hezeak kenduta). Ekialde Ertainean eta Arabian ere aurkitu daiteke, eta baita Iranetik India iparralderaino eta Txina mendebalderaino ere.

Euskal Herri osoan zehar banatzen da nahiz eta hutsunetxo batzuk agertzen diren.

Habitata

Basakatua ia edozein habitatetan aurkitu daiteke, baina baso inguruak ditu gustokoen. Hainbat ikerlarik baso mixto hostogalkorrekin erlazionatu dute basakatua, eta hauen kontserbazioa lehentasunezkotzat jo dute basakatuaren kontserbaziorako. Praktikan berriz, basakatua ia edozein habitatetan aurkitu daitekela ikusi da: sastrakadi mediterraneotan, hezegunetan eta baita nekazal ingurune eta ingurune oso degradatuetan ere.


Elikadura

Batez ere karraskariek osatzen dute basakatuaren dieta. Beste harrapakin posibleak anfibioak, narrastiak, hegaztiak eta ornogabe txikiak dira. Hauen garrantzia ordea oso txikia da karraskariekin alderatuz, oso portzentaje txikiak betetzen dituztela ikusi da eginiko hainbat ikerketetan; hegaztiak dira garrantzi dexentea izatera iritsi diren bakarrak zenbait lekutan elikaduraren % 20raino iritsi baitira. Karraskarien garrantzi ikaragarria ikusirik espeziearentzako funtsezko errekurtsotzat kontsidera daiteke.

Ugalketa eta ontogenia

Basakatuak urtarrila eta martxoa artean sartzen dira araldian, honek 2-8 egun irauten ditu baina udan, abuztu inguruan, berriro sar daitezke araldian. Bi hilabete pasatxoko irauten du ernaldiak eta gero batezbeste 3-4 kumeko kumaldiak izaten dituzte.

Hiru hilabeteko adinarekin katuak jada bere amarekin ehizatzera irteten dira eta negua iristerako independizatzen dira. Hamar hilabeterekin heldutasun sexuala lortzen dute, eta emeak lehenengo urtean ugaltzen dira. 15 urteko adinera iritsi daitezke gatibutzan behintzat.
 

Bizimodua

Araldiko garaia salbu, espezie bakartia da basakatua. Arrak (50 km²-raino) emeak (2-6 km² artean) baino azalera handiagoetan mugitzen dira. Normalean arren eta emeen lurrak gainezarri egiten dira.

Batez ere iluntzeko eta gaueko jarduera du basakatuak baina ez da arraroa egunez mugitzea ere urteko edozein garaitan. Neguan esaterako, eguraldi txarrarekin argi orduak aprobetxatu ohi ditu ehizarako. Elurte gogorren kasuan basoan barrena sartu ohi da estaldura handiko lekuetara babes bila. Beren lurrak zelatatu eta zaintzen dituzte, batez ere leku garrantzitsuenak, eta marka usaintsu eta agerikoekin seinalizatzen dituzte: adibidez gorotzak uzten dituzte bideetan zehar begi-bistako lekuetan.

Basakatuek harrapakinak jarraituz edo zelatan egon eta nahikoa gertu dagoenean erasotuz ehizatzen dute.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Basakatuaren etsai natural bakarrak felido handiagoak dira ipar-katamotza Europan eta katamotz iberiarra Iberiar penintsulan. Hegazti harrapari handi batek ere ehiza dezake basakaturen bat noizean behin.

Bestalde hainbat parasitoren eragina pairatzen du basakatuak, batez ere toxoplasmosia eragiten duen protozooarena eta hesteko hainbat helmintorena. Etxeko katuari eragiten dioten birus guztiekin ere infekta daiteke, eta baita beste zenbait agente patogenorekin ere.

Kontserbazioa

Espezie hau zorrozki babesten dute Bernako hitzarmenak eta Europako Habitaten Zuzendaritzak (92/43/CEE zuzentaraua). Nafarroan “Interes berezikoa” kategorian dago, eta EAEn “Zahurgarria” kategorian.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Lozano J.. 2007. Gato montés – Felis silvestris. En: Enciclopedia Virtual de los Vertebrados Españoles.
Egilea: | Sorrera: 2012/01/12 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 3597 | Argazki nagusia: asbimages.co.uk

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...