Itsas txakur grisa
Halichoerus grypus

Phochidae familian itsas txakur espezie desberdin ugari aurki ditzakegu, eta hauen artea itsas txakur grisa dugu; mutur luzea eta gorputza orbainez betea duen animalia hau ozeano atlantikoaren ekialdeko eta mendebaldeko itsasertzetan bizi da, baina nahiz eta latitude altuetan aurkitu, noizbehinka espezie honen ale gazteren bat Euskal Herriko kostetan ikusteko aukera izaten dugu.

Halichoerus grypus

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Carnivora
Familia
Pochidae
Deskribatzailea
Fabricius, 1791
Estatusa
lc

Deskribapena

Animalia hauek mutur luzea dute, ezaugarri hau arretan nabarmenagoa izanik. Sudurzulo bertikal, luze eta nahiko bananduak dituzte, eta batzuetan sistema auditiboa nabaritzen da buruaren bi aldeetan. Oro har animalia nahiko handiak dira, eta arrak emeak baino handiagoak izaten dira: arrak 70-310 kg artean pisatu dezake eta emeak 100-190 kg bitartean. Bi subespezie bereizten dira: H. g. grypus, Ozeano Atlantikoaren bi aldeetan agertzen dena (baita Islandia eta Groenlandian ere) eta H. gmacrorhynchus, Itsaso Baltikoan agertzen dena. Aipatzekoa da Ozeano Atlantikoaren mendebaldeko itsas txakur grisak ekialdekoak baino handiagoak direla. Azken hauen pisua arren kasuan 400 kg-ak eta emeek 250 kg-ak gainditu ditzazkete. Tamainari dagokionez, 1,8-3,8 metro izatera hel daitezke.

Kolorazio aldakorra dute: arrak orokorrean kolorazio iluna dute, eta honen gainetik orbain argiagoak izaten dituzte; emeek berriz, kolorazio argiagoa dute eta honen gainetik orbain ilunagoak izaten dituzte. Jaio berriek ilaje berezia izaten dute, iragazkorra dena. Ile luze eta kolore argikoa, artile itxurakoa; ilaje hau jaiotzetik 4-5 astetara mudatzen da, horrela helduen ilajea eskuratuz eta uretan sartu eta igeri egiteko gaitasuna lortuz.

Banaketa

Animalia espezie hau Ozeano Atlantikoaren bi itsasertzetan agertzen da, bereziki latitude altuetan (ur epel eta subartikoetan), eta baita Itsaso Baltikoan ere.

Zehatzagoa izanez, itsas txakur grisa hurrengo herrialdeetan topa daiteke: Kanada, Danimarka, Finlandia, Suedia, Norbegia, Estonia, Letonia, Lituania, Frantzia, Alemania, Erresuma Batua, Irlanda, Islandia, Groenlandia, Errusia, eta AEB-n (Maine, New Hampshire, Massachusetts eta New Jersey).

Kumeek lehen urteetan emigratzeko joera dute, eta baliteke beraien bidean galtzea eta beste nonbaiten agertzea. 

 

Habitata

Animalia hau kosta harritsuetan aurki daiteke batez ere, harribilduak dauden guneetan eta baita labarretan ere. Bestalde, arraroa izaten da kosta hareatsuetan edota kostatik urrundutako ingurune lehorragoetan aurkitzea. Klima hotzetako tokietan, izotz blokeen gainean egoten dira.


Elikadura

Arrainez, moluskuz eta krustazeoz elikatzen dira. Arrainen kasuan, dieta  nahiko zabala da: bakailaoa, sardinzarra, faneka, etab. harrapatzen dituzte, eta  ikusi da ez dituztela edozein tamainako arrainak ehizatzen, aukeran nahiago dituzte tamaina txikiko arrainak (<40 cm-ko bakailaoa, <30 cm-ko sardinzarra) (Hammill & Stenson 1997).

Ugalketa eta ontogenia

Heldutasun sexuala emeek bost urterekin eta arrek sei urterekin lortzen dute. Ugaltze garaia azaroaren eta martxoaren bitartean ematen da, eta ar bakoitzeko eme bat baino gehiago egoten da (bi emetik hamarera aldatu daiteke balio hau). Arrak emea soinu bidez edo noizbehinka beste ar batzuekin burrukatuz eskuratzen du. Haurdunaldiak 11 hilabete irauten du, eta haurdunaldi bakoitzeko emeak kume bakarra izaten du, lehorraldean. Kume jaioberri horrek 75 cm inguru neurtzen ditu eta 15-20 kg pisatzen ditu, eta lehenago aipatu bezala ilaje berezi bat izaten du, artilearen antzekoa.

Edoskitzaroak bi aste irauten ditu, gutxi gora-behera ilajearen mudak irauten duena. Muda guztiz ematen denean kumeek igeri egiteko ilaje hobea lortzen dute, eta jaiotzatik 4-5 astetara amatik independizatu eta beraien bidea bakarrik jarraitzen dute. Muda aldatzeaz gain, edoskitzaroan daudenean kumeek hartzen duen esneari esker bere pisua laukoiztera hel daitezke, 40 kg-ko pisua lortuz; izan ere, esnea gantzetan oso abertasa da (% 50-60 lipidoak). Edoskitzaroa amaitzean emea berriro ere araldian sartzen da eta ugaltze garaiari hasiera ematen zaio.

Bizimodua

Itsas txakur grisa talde txikitan bizi da. Poligamia ematen da, arrak hainbat eme dituelarik. Lehenago aipatu bezala, itsas txakur kumeek lehenengo urtean emigratzeko joera dute, baina heltzean ez dira beraien lurraldetik mugitzen.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Itsas txakur grisaren etsai handienetariko bat (eta itsas txakur guztiena orokorrean) gizakia da; haragia eta larrua lortzeko ehizatzeaz gain arrantzaleek erabiltzen dituzten sareetan korapilatzen dira maiz, eta honen ondorioz hil egiten dira.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Hammill MO, Stenson GB. 1997. Estimated Prey Consumption by Harp Seals (Phoca groenlandica), Grey Seals (Halichoerus grypus), Harbour Seals (Phoca vitulina) and Hooded Seals (Cystophora cristata) in the Northwest Atlantic. J. Northw. Atl. Fish. Sci., 26: 1–23

Baird RW, Perrin WF, Würsig B, Thewissen JGM. 2002. Encyclopedy of marine mammals. Academic Press. San Diego

Jefferson TA, Vebber MA, Pitman RL. 2008. Marine mammals of the world. A comprehensive guide to their Identification. Academic Press Inc.

Wilson, D. E., Reeder, D. M.. 1993. Mammal species of the world. A taxonomic and geographic reference. Second edition. Smithsonian Institution Press. Washington
Egilea: | Sorrera: 2013/02/07 | Azken eguneraketa: 2013/03/15 | Bisita-kopurua: 2065 | Argazki nagusia: Andreas Trepte

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...