Mazopa arrunta
Phocoena phocoena

Bizkaiko golkoko zetazeo txikiena da eta kostatik gertuen bizi dena. Bizkar-hegatsak triangelu-forma du eta ez du moko-itxurako muturrik. Aitzinean gure portu eta kostaldean espezie arrunta zen, baita badia eta estuarioetan ere, baina azken 50 urteotan ia guztiz desagertu da gure itsasoetatik.

Phocoena phocoena

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Cetartiodactyla
Familia
Phocoenidae
Deskribatzailea
(Linnaeus, 1758)
Estatusa
lc

Deskribapena

Portuko izurdea edo mazopa arrunta, Phocoena phocoena, Europako itsas-ugaztunen artean txikienetarikoa da. Espezie honetako helduen batez besteko luzera 1,50 metro ingurukoa da arretan eta 1,70 ingurukoa emeetan. Hala ere batez besteko tamaina hau erlatiboa da mazopen  populazio desberdinen artean; Ipar Itsasoan 1,90 metroko luzera duten mazopak aurkitu dira eta Baltikoan eta Europako mendebaldeko kostetan 2 metroko indibiduoak ere aurkitu dira.

Era berean, pisua ere aldakorra da mazopen artean 30 kg-koa izanik bere batez bestekoa Ipar Itsasoan, 52 kg Europako ipar eta mendebaldetako itsasoetan , 90 kg-ko pisu maximoa hartzen dutelarik ere. Oro har, emeak arrak baino apur bat handiagoak izaten dira, hau delarik erakusten duten dimorfismo sexual mota bakarra.

Gorputz mehe eta trinkoa du, baina luzea ez denez, ia zilindrikoa eta proportzioan lodia dirudi. Burua oso txikia da, mokorik gabea, eta putz egiteko organoa, erdizirkularra dena, buruaren erdialdean du. Erdi-baraila bakoitzean 22-27 hagin bitartean dituzte. Hegats dortsala, erdialdeko partetik apur bat atzerago kokatzen dena, itxura triangeluarra du familiako beste espezieen antzera, baina atzeko ertza erabat zuzena edo apur bat ahurra delarik. Bular-hegatsak aldiz, txikiak eta nahiko zabalak izan ohi dira, kolore oso ilunekoak, buruaren atzealdean daudenak.

Kolorazioari dagokionez, eta adinarekin alda daitekeen arren, alde dortsalean oso iluna da, ia beltza eta alde bentralean berriz zuria da oso. Alboetako kolore grisa ilunduz edo argituz doa alde dortsalerantz edo bentralerantz hurbildu ahala. Isats-hegala iluna da alde bietan, atzeko ertzak ahurrak dira eta gutxi markaturiko erdiko hozka bat du.

Banaketa

Espezie honek banaketa anfiboreala erakusten du, hau da, ipar hemisferioan baino ez da agertzen. Atlantikoan, Islandiatik (Barents itsasoan eta Itsaso Zurian) Mauritaniako iparraldeko kostaraino. Mazoparen kontzentrazio nagusiak Itsaso Baltikoan aurkitzen dira, eta espezie arrunta da Eskandinabiar kostetan. Zetazeo hau ia desagerturik dago, eta “arraroa” da Frantziako kostalde atlantikoan eta iberiar penintsulako iparraldeko kostan. Gibraltarreko itsasarteko inguruan ia desagerturik dago, eta Meditarreneoan Atlantikoko itsaslasterrari loturik dago bakarrik. Zona subpolarretako eta hotzetako kostetan daude populazioak, badietan eta estuarioetan bizi da.

Habitata

Normalean, behaketak kontinente-plataformako uretan egin dira kostatik 10 km ingurura eta sakonera txikiko uretan (100 m), baina ur sakonagoetan ere ikus daitezke. Mazopak normalean kostaldetan bizi diren arren, maiz estuarioetan barrena sartu egiten dira eta erreketan gora egiten dute, batzuetan kilometro askotan zehar. Bitxikeri moduan, aitzinean Pariseko Sena ibaian Mazopen populazio bat ikusi zitekeen.


Elikadura

Zefalopodoak eta arrainak (sardinzarrak, berdelak, ikazkinak, ijito-sardinak eta legatzak) jaten dituzte oro har, non dauden eta eskura zer dutenaren arabera. Arrainak normalean, alde bentikoan harrapatzen  ditu, eta espezie pelagikoak udaberri eta udazkenean kontsumitzen ditu.

Ugalketa eta ontogenia

Heldutasun sexuala 3 edo 4 urte dituztenean hartzen dute, 153 cm inguruko luzera edukiz arrak eta 145 cm-ko luzera emeak. Estalketak ekainetik urrira ematen dira, frekuentzia maximoa abuztuan delarik. 9-11 hilabete bitarteko haurdunaldiaren ostean, jaiotza denboraldia apirila eta abuztuaren artean kokatzen da. Mazopa jaioberriak  75 cm-ko batez besteko luzera dute, eta beraien pisua 3 kg-tik 8 kg-ra joan daiteke. Edoskitze aldia 4 hilabete inguru irauten du. Espezie hau 16 urte baino gehiago bizitzera hel daiteke.

Bizimodua

Poliki igeri egiten du, kulunkak eginez, eta gutxi gora behera minutuan behin ateratzen da arnasa hartzera. Ez dute saltorik egiten ur gainazaletik gorantz. Putza ez da erraz ikusten, baina bai entzun, soinu zorrotza egiten baitu, doministikuaren antzekoa. Normalean 2-10 indibiduoko taldeak eratzen dituzte, edo bakarrik bidaiatzen dute.  Zona batzuetan, populazio desberdinak bat eginda, 100 indibiduotik gorako mazopa kontzentrazioak aurkitu dira, eta horrelakoetan sexu bidezko segregazioa antzematen da, non, ar zaharrenak azpitalde bat osatzen duten eta emeak eta gazteak batera beste azpitalde bat. Oso lotsatiak dira eta ez dira itsasontzietara hurbiltzen, ezta olatuekin jolasteko ere, familiako beste espezie batzuk ez bezala.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Ikusi da mazopen hilkortasuna Tursiops truncatus izurdearen erasoak direla eta areagotzen ari dela. Bere harraparien artean Cetacea ordeneko beste espezie batzuk daude, hala nola orkak (Orcinus orca). Marrazoak ere mehatxu bat izan daiteke, batez ere Somniosus macrocephalus, Lamna nasus eta Carcharodon carcharias espezieak.

Kontserbazioa

Kaltebera gisa dago sailkatuta Arriskuan dauden Espezieen Katalogo Nazionalean eta NKNBren Zerrenda Gorrian. Frantziako legeek, Habitat Arteztarauak eta CITESek eta Bernako Hitzarmenak babestu egiten dute.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


. . Arkive. http://www.arkive.org/ (2013/01/30)

. . Enciclopedia virtual de los vertebrados españoles. http://www.vertebradosibericos.org/mamiferos.html (2013/01/30)

. . MarineBio. http://www.marinespecies.org/ (2013/01/30)

Castro R, Uriarte A. 2006. Bizkaiko Golkoko Itsas Biodibertsitatearen Gida. Jaurlritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia. Gasteiz

Duguy R, Robineau D. 1987. Guía de los mamíferos marinos de Europa. Omega. Barcelona

Baird RW, Perrin WF, Würsig B, Thewissen JGM. 2002. Encyclopedy of marine mammals. Academic Press. San Diego
Egilea: | Sorrera: 2012/11/12 | Azken eguneraketa: 2013/01/30 | Bisita-kopurua: 1591 | Argazki nagusia: Solvin Zankl

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...