Landa lursagua
Microtus arvalis

Landa lursagua lurrazpian bizi den sagutxoa dugu eta basoko zenbait espezieren elikagai-iturri nagusia. Euskal Herriko populazio guztiak Piriniotan aurkitzen dira eta duela urte batzuk nekez ikuste baziren ere, landa lursaguek eztanda demografiko garrantzitsu bat pairatu dute azken 30 urteotan eta ondorioz, euren banaketa eremuak zabaltzen doaz.

Microtus arvalis

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Rodentia
Familia
Cricetidae
Deskribatzailea
Pallas, 1778
Estatusa
lc

Deskribapena

Itxura borobil eta trinkoa duen sagutxoa dugu honako hau. Belarri eta isats motzak ditu eta bi supespezie daude: Iberiar Penintsulako iparraldean bizi dan Microtus arvalis asturianus eta Microtus arvalis arvalis, Piriniotan bizi dena. Lehenengoa handiagoa da, 67-144 mm-koa muturretik isatsa hasten den lekuraino eta 18-49 mm-ko isatsarekin. Piriniotako subespeziea, aldiz, txikiagoa da eta 96-122 mm-ko neurria eta 28-42 mm-ko isatsa ditu.

Helduak kolorez hori-arreak dirak eta sabelaldea gris argia edo zurixka da. Gazteak, berriz, gris kolorekoak izaten dira. Kolorazioari edo tamainari dagokionean landa lursaguek ez dute dimorfismo sexualik aurkezten. Emeek lau pare ugatz dituzte: bi bularraldean eta bi izterraldean.

Kraneo motz eta zabala dute, arku zigomatiko nabariak eta bula tinpaniko txikiak. Baraila sendoa da eta atzealdan lodituta azaltzen da, ebakortzen sustraiak bertan txertatu daitezen. Hortzak etengabe hasten dira eta hortz formula 1.0.0.3/1.0.0.3 da.

Antzeko espezieak

Microtus agrestis
Microtus agrestis

Nekez bereizten dira espezie bi hauek. Microtus agrestisen belarrien kanpo-ertza ilez estalirik dago eta landa lursaguaren kasuan ez da ia ilerik azaltzen.

Banaketa

Europako sagutxoa dugu eta Iberiar Penintsulatik Errusia erdialderaino zabaltzen da. Iberiar penintsulan populazio isolatuak baino ez daude eta duela 30 urterarte iparraldeko mendikateetara mugaturik zegoen (mendikate Kantauriarra, Erdialdeko Sistema, Sistema Iberikoa eta Pirinioak). Hala ere 1980 urteaz geroztik landa lursaguen populazioek eztanda demografikoak pairatu dituzte 3-4 urtero eta honek, eremu berriak kolonizatzea ahalbidetu die. Ondorioz, gaur egun lehen aipatutako bi populazioak agertzen dira: Microtus arvalis asturianus subespeziea, iparraldeko meseta guztian zehar banaturik dagoena; eta Microtus arvalis arvalis Pirinioan kokatzen dena.

Microtus arvalis Microtus arvalis

Habitata

Populazioak txikiak diren sasoietan eremu irekietan bizi da, belar edo zuhaixka estaldura handia duten eremuetan bereziki. Aldiz, populazioak handiak direnean bere banaketa eremuaren barruko habitat desberdin guztietan aurki daiteke. Hala ere, landa lursaguek lurrazpiko tunelak eraikitzen dituzte eta bizitza gehiena lurrazpian ematen dute. Microtus arvalis asturianus subespeziea 500-1500 metrotan bizi da eta Microtus arvalis arvalis subespeziea Piriniotan, 900-2200 metrotan.


Elikadura

Landa lursaguak belarjaleak dira soilik eta nahiago izaten dituzte landare dikotiledoneoak.

Ugalketa eta ontogenia

Iparraldeko mesetan bizi diren landa lursaguak urte osoan zehar ugal daiteke, nahiz eta bere bizilekuetan neguak hotzak eta luzeak izan. Aldiz, Piriniotako populazioak otsailetik irailera ugaltzen dira.

21-22 eguneko ernaldiak dituzte eta epe horren ostean, emeek 2-11 kume erditzen dituzte (3-7 Piriniotako populazioek). Kumeek 1-3,1 g-ko pisua izan dezakete eta ilerik gabe eta itsu jaiotzen dira.

10-11 egunak igarota begiak zabaltzen dituzte eta 15 egunekin habitik ateratzen hasten dira. Hala ere, erabateko titi-uztea ez da 20. egunerarte gertatzen. Sagutxoen %65a soilik iristen da hilabete bat betetzera eta momentu honetan emeek heldutasun sexuala lortzen dute. Arrek, aldiz, bi hilabeterekin.

Bataz beste 4,5 hilabeteko biziraupena dute, hau da, animalia gehienak ugaldu eta gutxira hiltzen dira.

Bizimodua

Landa lursaguak lurrazpiko tunelak eraikitzen ditu, elkarren artean komunikaturik daudenak. Normalean ez dira zulo horietatik irtetzen, hauek lokomozio azkarragoa eta ziurragoa ziurtatzen baitiete. Gainera, ez dute eskalatzeko gaitasun handirik. Egunez dira aktiboen baina aktibitate polifasikoa dute.

30-40 metroko sakontasunera habi modukoak eraikitzen dituzte, elikagaiak pilatzeko, kumatzeko eta lotarako erabiltzen dituztenak. Habi hauek askotan eme desberdinek elkarbanatu eta defendatzen dituzte (gehienez 5 emeek). Hala ere, emeak nahiko lurraldekoiak dira eta gehienetan ez dituzte besteen eremuak inbaditzen.

Landa lursaguak poligamoak dira eta beraz, arrek ez dituzte lurraldeak defendatzen eta emeen eremuetan zehar mugitzen dira, ahalik eta gehiagorekin ugaltzeko. Ikusi denez, arren dituzten bataz besteko lurraldeak 1200-1500 m2-koak direla eta emeenak, aldiz soilik 300-400m2-koak.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Hontz zuriaren (Tyto alba) eta erbinudearen (Mustela nivalis) dietaren osagai nagusia da. Gainera, landa lursagu populazioak handiak direnean, beste zenbait animalik ere predatzen dituzte, esaten baterako, korbidoek, ugaztun karniboroek, narrastiek...

Landa lursaguak amorruaren birusaren eramaleak dira eta baita zenbait hantabirus anduirenak ere. Horrez gain, jatorri bakteriarreko zenbait gaixotasunek (tularemiak, leptospirosiak, lesteriosiak, borreliosiak), protozooek eragindakoek (babesiosis) eta helmintoek eragindakoek (echinococciosis) eragiten diote.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Larrañaga J. 1996. Euskal Herriko fauna (ornodun lehortarrak): anfibioak, narrastiak, hegaztiak, ugaztunak. Elhuyar Kultur Elkartea.

Perez FP. 2002. Euskal Herriko ugaztunak. ADEVE.

Palomo LJ, Gisbert J. 2002. Atlas de los mamíferos terrestres de España. Dirección General de Conservación de la Naturaleza. SECEM-SECEMU. Madrid

González-Esteban J, Villate I, Gosálbez J. 1995. Expansión del área de distribución de Microtus arvalis asturianus Miller, 1908 (Rodentia, Arvicolidae) en la Meseta Norte (España). Doñana, Acta Vertebrata, 22: 106-110
Egilea: | Sorrera: 2012/11/22 | Azken eguneraketa: 2012/11/26 | Bisita-kopurua: 1436 | Argazki nagusia: Kai Christian Raub

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...