Onddoak

Lycoperdon perlatum
Astaputz perladuna

Tamaina ertaineko astaputz arrunt eta ezaguna da. Fruitu-gorputz zirkular eta oindunak eratzen ditu hainbat habitatetan, neguan salbu, urteko gainerako garai guztietan, nahiz eta ugaritasun maximoa udazkenean lortzen den. Heldu aurretik bilduz gero jangarria da, nahiz eta ez oso estimatua. Gleba zuria eta gogorra da eta txortentxo bereizgarriak ditu. Hainbat generokiderekin eta bestelako astaputzekin nahas daiteke, hala ere.

Argazkia: Christian Pourre
Lycoperdon perlatum

Artikuluari buruz
Egilea: erabiltzailea
Sorrera: 2012/01/05
Azken eguneraketa: 2023/02/04
Bisita-kopurua: 1769

Motzean
Taxonomia
Dibisioa: Basidiomycota
Klasea: Agaricomycetes
Ordena: Agaricales
Familia: Agaricaceae
Deskribatzailea: Pers. (1796)
Sinonimoak
Lycoperdon gemmatum
Ekologia
Mikorrizikoa
Jateko balioa
Arretaz
Perretxiko-garaia
Perretxikorik ez
Perretxikoak bai

Makromorfologia

Fruitu gorputza

Bonbilla-formako tamaina ertaineko karpoforoak eratzen ditu onddo-espezie honek, eta oina eta burua ondo bereizi ohi dira, ale handienetan, batez ere. Fruitu-gorputzek 8 cm-ko altuera lor dezakete, eta 5 cm-ko zabalera; hala ere, normalean, txikiagoak izan ohi dira. Garapenaren hasieran ezten koniko ugari eta pilota-forma izan ohi du, baina oina luzatu ahala, bonbilla forma eskuratzen du. Karpoforoa heltzean, ezten konikoak erori egiten zaizkio apurka-apurka. Karpoforoa zuria edo krema-kolorekoa izan ohi da, eta eztenen kolorea ilunagoa. Esporak askatzeko poro borobil bat irekitzen da karpoforoaren goiko muturrean. 

Peridioa

Exoperidioa zuria edo krema-kolorekoa izan ohi da, eta eztenen kolorea ilunagoa. Esporak askatzeko poro borobil bat irekitzen da karpoforoaren goiko muturrean. Endoperidioak papiro-itxura du.

Gleba

Gleba gogorra eta zuria edo krema-kolorekoa da gaztetan, eta, heldu ahala, okre edo arre tonuak hartzen ditu, esporen kolorea dela eta.

Estipea

Exoperidioaren oinarrian hanka nabarmena izaten dute perretxiko hauek.


Mikromorfologia

Basidioak

Klabiformeak dira, 7–9 x 4–5 μm bitartekoa. 5–10 μm luze diren lau esterigma dituzte muturrean, eta horien puntan basidiospora bana sortzen da.

Kapilizioak

Kapilizioak hori-marroixkak dira, ez dute septurik eta 3–7.5 μm bitarteko diametroa dute.

Esporak

Esporak kolore arre-berdexka dute. Globo-forma dute, garatxo ugariz apainduak izan ohi dira, eta pedizeloa izaten dute. Tamaina, berriz, 3,5 x 4,5 μm ingurukoa da.


Ekologia

Habitata

Ingurune oso ezberdinetan aurki daitekeen onddo saprobioa da astaputz perladuna. Hostozabalen eta koniferoen basoetan arrunta da, baina larreetan ere ager daiteke. Perretxikoak, neguan salbu, gainerako urte-sasoi guztietan sortzen dituen arren, udazkenean lortzen da ugaritasun handiena. Taldetan garatu ohi dira perretxikoak, eta erdikoak ingurukoak baino handiagoak izan ohi dira, normalean.


Habitat bereko espezie batzuk:
Orri zurbileko lakaria arrunta
Laccaria laccata
Kanpaitxo arbiusaina
Mycena pura
Gibelurdina
Russula virescens
Lakaria ubela
Laccaria amethystina
Ezko gibelgorria
Hygrophorus russula
Ganoderma pfeifferi
Lanperna horia
Amanita citrina
Kukuma
Amanita ovoidea


Jateko balioa

Astaputz perladuna heldu gabe dagoenean soilik da jangarria, gleba zuri mantentzen den bitartean; esporak garatu bitartean, alegia. Hala ere, sukaldaritzan ez dira oso preziatuak.

Antzeko espezieak
Lycoperdon pyriforme

Antz dezente duen arren, astaputz udarekararen goialdea puntazorrotza da, eta, gainera, hostozabalen egur hilean hazten da; hau da, saprofitoa da. Perretxikoa kenduz gero, mizelio-kordoi zuriak ikus daitezke.


Lycoperdon echinatum

Trikuputza haren ezten luzeegatik bereizten da astaputz perladunetaik. Antzeko forma duten arren, trikuputzaren eztenak dezente luzeagoak dira.


Lycoperdon pratense

L. perlatum-ekin alderatuta, ez du apenas oinik, eta, askotan, altuera baino zabalera handiagoa izan ohi du. Perlak txikiagoak izan ohi dira, eta leheneago galtzen dit.


Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...