Onddoak

Rhodocollybia butyracea
Kolibia gurinkara

Rhodocollybia butyracea onddoa Euskal Herriko basoetan  uda bukaeran eta udazkenean aurkitzea oso ohikoa da, bai hostozabalen, bai koniferoen basoetan. Tamaina ertaineko onddoa da, 9 cm asko jota. Kolore arreko onddo honek ez dauka inongo balio gastronomikorik, ez dauka ehundura atsegina eta zapore gozoa dauka. Onddo hau ez da jan behar, intoxikazioak eragiten dituela uste baita.

Argazkia: Asier Uribeetxebarria
Rhodocollybia butyracea

Artikuluari buruz
Egilea:
Sorrera: 2014/04/10
Azken eguneraketa: 2014/05/19
Bisita-kopurua: 1635

Motzean
Taxonomia
Dibisioa: Basidiomycota
Klasea: Agaricomycetes
Ordena: Agaricales
Familia: Omphallotaceae
Deskribatzailea: (Bull.: Fr.) Lennox
Sinonimoak
Agaricus asemus
Agaricus butyraceus
Collybia butyracea
Ekologia
Saprobio humikola
Jateko balioa
Baliogabea
Perretxiko-garaia
Perretxikorik ez
Perretxikoak bai

Makromorfologia

Pileoa

Tamainari dagokionez Rhodocollybia generoko onddo hau ertaina da, bere pileoak 3-9 cm izan baitezake. Hala ere, onddo fin eta hauskor bat dela dirudi. Alea gaztea denean txapela ganbila izaten da eta erdialdean mameloi, titi, bat izaten du. Zahartzen doanean txapela, lautzen joaten da eta mameloiak prominentzia galtzen du, kasu batzuetan mameloiaren ordez sakonune bat azalduz. Hezetasunik ez dagoenean txapelak kolorea galtzen du, hau higrofanoa baita. Kutikula laua, ukituz gero distiratsua eta koipetsua dela igartzen da. Koloreari dagokionez gris-arrea da, erdialdean ilunagoa izanik.

Estipea

Nahiko handia izatera irits daitekeen estipea garatzen du, 4-8 x 0,5-1,5 cm. Ehundurari dagokionez hau harikara da eta barrutik hutsa. Hanka zilindrikoa, azpialdean goi aldean baino zabalagoa izaten da. Kutikularen kolore berdina izaten du hankak, kolore argiagoko zuntzak bereiz daitezke estipean.

Orriak

Himenoforo laminarra. Laminak meheak eta hertsiak dira.  Bata bestearekiko estuki kokatzen dira. Gaztetan kolore zuria badute ere, heldutan kolore arrosa hartzen dute.

Mamia

Pileokoa biguna eta hauskorra den heinean estipekoa gogorragoa eta elastikoagoa da. Koloreari dagokionez zuri-kremakoa dauka. Ez dauka usain bereizgarririk eta zaporea gozoa da.


Mikromorfologia

Esporak

Kolore gardeneko esporak esferiko-elipsoidalak dira. Kolore zuri-kremako esporada 7-9 x 3,5-4,5 µm-tako esporaz osaturik dago.


Ekologia

Habitata

Onddo honek, uda zein udazkenean zehar garatzen du fruitu gorputza, bai hostozabalez bai koniferoz osaturiko basoetan. Gure inguruko basoetan oso espezie arrunta da.


Habitat bereko espezie batzuk:
Lakaria ubela
Laccaria amethystina
Orri zurbileko lakaria arrunta
Laccaria laccata
Kanpaitxo arbiusaina
Mycena pura
Ezko gibelgorria
Hygrophorus russula
Kukuma
Amanita ovoidea
Txakur-zakila
Mutinus caninus
Ganoderma pfeifferi
Lanperna horia
Amanita citrina


Jateko balioa

Ez dauka ingongo balio gastronomikorik. Zapore gozoa bada ere ez dauka usainik eta ehundura ez da oso atsegina. Kontu izan beharreko onddoa da, ez baitago oso argi intoxikazioak eragin ditzakeen edo ez.

Antzeko espezieak
Rhodocollybia butyracea var. asema

Orain dela gutxi arte bi espezie bezala sailkatzen ziren, alde batetik Rhodocollybia butyracea eta bestetik Collybia asema. Gaur egun ordea, autore nagusiak Collybia asema, Rhodocollybia butyracea-ren barietate bat bezala kontsideratzen dute, hots gaur egun onarturiko izena Rhodocollybia butyracea var. asema izango litzateke. Asema barietateak duen berezitasuna kolorean datza, honek tonu askoz ere argiagoak baitauzka.


Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...