Erreportajeak

2012ko azaroa
Onddoak, onddoetatik haratago

Euskal Herrian udazkena  da onddoak biltzeko urtaro egokiena, hau izaten baita fruitu gorputz gehien ekoizten den urtaroa. Onddo izenez ezagutzen ditugun izakiak oso talde zabala osatzen dute. Honen zabala da, non gaur egun arte, erreinuetako bat, landare zein animaliak bezala, osatzen zutela. Erreinu honek milaka espezie biltzen ditu, hauetariko batzuk aski ezagunak dira, galanperna eta kuletoa esaterako. Beste batzuk ordea onddoak direla ere esatea zaila gerta daiteke. Erreportaje honen helburu nagusia onddoen morfologia ezberdinei buruz zertzelada batzuk ematea da.

Onddoak, onddoetatik haratago

Aurreko hilabetearen azken 15 aldian sartu ginen udazkena deritzogun garai klimatikoan, bertan,  aldaketa handiak gertatzen dira ingurumenean. Zuhaitz ugarik beraien  haziak zein fruituak guztiz garatzen dituzte, eta heldutakoan lurrera jauzi hurrengo belaunaldiak bermatuz. Landatutako zuhaitzen artean aipagarriak dira mahats zein sagarren uztak orain jasotzen direla,  eta baita, basatiak diren elorri zuri zein elorri beltzen  fruituak momentu honetan biltzen direla. Honek adierazten digu garai desfaboragarri baten aurrean gaudela eta beraien oinordekoen  bizi iraupena sustatzeko asmoarekin erresistentzia egiturak hots, haziak, jaurtitzen dituztela.

Baina,  haurrez aipatu bezala ez da garai faboragarriaren amaiera naturako elementu guztiendako. Onddoak biltzeko garai optimoa orain da, fruitu gorputz gehien orain ekoizten baitira.  Orain dela hilabete batzuk belardi zein basoak lorez beterik zeuden, momentu honetan Crocus  ikusgarriak eta oteak soilik  aurki daitezke loretan pagadietan. Esan beharra dago pagadiek ez direla bereziki dibertsoak landareriari dagokionez.

Azken bi urteetako  udazken hasierak ez dira euritsuak izan eta  azken urte honetako uda oso lehorra izan da, “bereziki lehor” bezala katalogatu baitute. Honek, fruitu gorputzen  kopuruan eragina izan du eta gutxi agertu dira. Kalera irtendakoan, onddo biltzaileen artean entzuten den esalditako bat  hau da ”aurten ere ez dago onddorik”, eta alde batetik  arrazoia daukate, guk jaten ditugun espezietatik gutxi dauzkagu aurten baina onddoak egon badaude, ez onddo “tipikoak”  baina bai fungi erreinuan sailkatzen ditugun izakiak. 

Pertsona gehienendako onddoak, txapela eta  buztana duten izakiak dira, eta bai, jangarrik diren onddo gehienak eite hori daukate. Liburu asko bertara mugatzen dira. Hauek basidiomikotoak  dira. Onddoei buruz izan nuen lehen liburuan guztiak basidiomikotoak ziren. Liburu honetan ezagunenak diren onddoak agertzen dira, eta gaztetan  atentzioa deitu zidan esaldia kuleto faltsua deskribatzeko izan zen “es el hongo por antonomasia” hau da, onddoen erreferentzia. 

Erreportai honen helburua,  dauden onddo talde nagusiak eta beraien forma ezberdinak  ezagutaraztea da, mendian gaudenean zer den onddoa eta zer ez,  ohartzeko.

Zer dira onddoak?

Onddoak zer diren definitzen zaila da, oso talde anitza eta handia baita. Aipatu behar da onddo deritzon taldea ez dela monofiletikoa, beraz talde guztiek ez daukate jatorri berdina. Hala ere, eumikoto kontsideratzen dugu hondorengo ezaugarriak betetzen ditutzen organismo taldea:

  • Eukariotikoak
  • Heterotrofoak, klorofilarik ez baitute
  • Osmotrofikoak, xurgapenez elikatzen baitira
  • Firukarak normalean
  • Espora sexual zein asexualak ekoizten dituzte

Zenbat onddo daude?

Iberiar Penintsulan  ia 10.000 onddo daude aipatuta, ala ere Hawskworth-en estimazioen araberaa, gutxienez 21.000 espezie aurki daitezke Iberiar Penintsulan.  Euskal Herriko datuak begiratuz gero, bertan ia 1.800 espezie izan dira deskribatuak  Iberiar Penintsulako basidiomikotoen % 40a ia.  Esan behar da, ia ekosistema guztietan agertzen direla onddoak, lur gaziak eta ureztatuak izan ezik.

Onddoen historiako nabardura batzuk: 

Lurrean aurkitu diren onddoen arrastorik zaharrenak Estatu Batuetan aurkitu ziren eta duela 455 milioi urtekoak dira, hots   Ordobizikokoak. Glomales  taldeko hifak eta  esporak dira. Devoniarrean 408-365 milioi urteko landare (Rhinia, Longiophyton) fosilen arrastoak agertzen dira, eta horiekin bat Glomites izeneko onddoaren arbuskuluak erregistratu dira, landareen kortexean.  Garai honetakoak dira lehen askomikotoen erregistroak. Aurkitu den lehen basidiomikotoa Archaeomarasmius deritzo, gaur eguneko Marasmius familiaren oso antzerakoa. Erregistro hauek Kretaziko garaian, duela 94 m.u. inguru, agertu ziren.

Sarrera honen helburua onddoen aniztasunaz zertzelada batzuk ematea izan da,  orain gure ingurunean aurki ditzakegun onddoen morfologia ezberdinak aipatuko ditut, hurrengo baten mendian gaudenean ikuspuntu zabalagoa izan dezagun. Jarraituko dudan ordena, familiaren agerpena izango da eta errez ikus daitezkeenak nabarmenduko ditut.

Zygomycota

Fruitu gorputz txikia garatzen dituzten onddoak dira. Onddoen artean garapen maila baxuena daukatenak izanik. Talde nagusia hau da:

Lightbox Image

Mucorales

Onddo hauek nahiko ezagunak dira, lizun bezala ezagutzen ditugun onddoak baitira. Laborantza guneetan galera ekonomiko handiak eragiten dituzte. Talde honetako onddoak bio-industrian aspalditik erabiltzen dira, esate baterako "tempeh" eta "tofua" egiteko.

Espezie aipagarriak: Mucor mucedo, Rhizopus oligosporus.

Lightbox Image
 

Gilbertellaceae

Ustiatzen diren zenbait fruitutan galera handiak sortzen duen familia da, esaterako: Muxika, tomatea, udarea...

Lightbox Image
 

Dicranophoraceae

Familia honetako genero batzuk aukerazko bizkarroiak izaten dira. Gure lurraldean Mycena eta Inocybe generoeen bizkarroia den, Spinellus fusifer onddoa aurki genezake

Lightbox Image
 

Absidiaceae

Bertan Rhizopus generoa sailkatzen da, hau aski ezaguna izanik.

Glomeromycota

Lightbox Image

Talde garrantzitsua denez aipatzea ezinbestekoa dela iruditzen zait, ala ere naturan aurkitzea ia ezinezkoa da, ez bada horretara bideraturiko behaketarik burutzen. Onddo talde hau sinbionte hertsia da, hots, beti ostalariarekin batera agertzen da. Azken urteotan horren famatuak egin diren mikorrizak onddo talde honek barneratzen ditu. Beraien berezitasunen artean, aipagarrienetakoa, ez dutela fruitu gorputzik garatzen da. Mikorrizek onurak ekartzen dizkiete landareei, horren erakusle da egurkarak diren zuhaitz ia guztietan aurkitu direla mikorrizak eta belarkara gehienetan.

Ascomycota

Talde  hau oso handia da, ia 60.000 espezie barneratzen baititu. Talde honetako zenbait onddok fruitu gorputzak garatzen dituzte, hala ere Basidiomycota dibisiokoak  baino txikiagoak, salbuespenak salbuespen. Talde honetan preziatuak diren zenbait onddo daude, esate baterako karraspinak eta trufak.  Fruitu gorputzik garatzen ez dutenen artean legamiak daude. Hala ere ez ditut berriz aipatuko, begi hutsez ikustea ezinezkoa baita. 

Apoteziodunak

Talde handia da honako hau, morfologia ezberdineko zenbait famili eta espezie barneratzen ditu. Edozein kolorekoak izan daitezke, zuriak, gorriak, edo beltzak. Fruitu gorputzari dagokionez orokorrean nahiko handiak izaten dira eta gune emankorra apotezio formako egituran garatzen dute. Apotezioa kopa itxurako egitura da. Talde honen barruan karraspinak, mitrak, trufak eta mazoak daude, nahiz eta, kopa formarik ez izan.  Primarioki kopa forma daukate, baina, sekundarioki eraldaturik izaten dute, bizi estrategiak eraginda.  Talde honen ohiko forma Sarcoscypha, Peziza, Aleuria, Bisporella generoak daukate. Hots, disko forma duten onddoak dira.

Bizi estrategiari dagokionez gehienak saprofitoak dira, baina  Tuber  generoa esaterako mikorrizikoa da. Badira gutxi batzuk parasitoak direnak.

Periteziodunak

Talde  honetako onddoek gune emankorra peritezio izeneko egitura batean garatzen dute. Peritezioa botila itxurako egitura da. Talde honetan familia eta ordena asko barneratzen dira, nik orain mendian nahiko errez  ikusten diren genero edo espezie batzuk aipatuko ditut, nahiz eta beste asko egon, baina hauek arraroak edo ikusteko zailak dira. Leotiaceae, Geoglossaceae, Lecanorales (likenak). Koloreari dagokionez denetarik daukagu, baina kolore beltza nagusitzen da nahiz eta kolore bizikoak izan batzuk.

Ehundurari dagokionez denetik daukagu, zukutsuak direnetatik gogorrak direnetara, ikatza bezalakoa den Krechmaria deusta esate baterako. Asko lignikolak badira ere,  badaude beste izaki bizidunen  parasitoak direnak, baita eulienak ere.  

Pinuetan galera handiak sortzen dituen eta horregatik famatua den Fusarium generoa bertan  sailkatzen dugu.

Basidiomycota

Talde honek barneratzen ditu onddo bezala ezagutzen ditugun eta horren preziatuak zatzaizkigun perretxikoak. Normalean, mendira joaten garenean eta onddo bila goazenean bakarrik talde honetako onddoak bilatzen ditugu, gehienak jateko eta beste gutxi batzuk argazkiak ateratzeko. Laburbilduz onddo tipikoak talde honek barneratzen ditu, baina oso talde handia da eta morfologikoki oso ezberdinak. 

Aipatu bezala, talde handia da, 30.000 espezie baino gehiago ezagutzen  baitira. Nahiz eta batzuk mikroskopikoak izan, gehienak begi hutsez ikus daitezke. Espora sexuala basidiospora da eta urtar batzuk egon harren, gehienak lurtarrak dira. Klima guztietan aurkitu dira, tropikoetatik poloetaraino hedatzen baitira. 

Basidiomikota taldea 3 talde handitan banatzen dira. Urenomycetes (herdoilak),  Ustilagomycetes (Ikatzak) eta Hymenomycetes. Lehen biak atipikoak dira eta onddoak  direla sinestea ere kosta egin dakiguke.

Uredinales

Lightbox Image

Talde hau aspalditik ezagutzen da, lehen datuak bibliakoak baitira.  Taldea ezagutzea normala da, gizakiak landatzen dituen landaretan galera ekonomiko handiak eragiten baititu. Hala ere, ez zen ezagutzen onddoak zirenik. Horretarako ia 2.000 urte  igaro behar izan ziren, Tazzoti izeneko zientzialariak izaera independentea zutela aitortu arte. Gaur egun, talde honetako 8.000 bat espezie ezagutzen dira baina azken estimazioen arabera 20.000 arte iritsi daitezke. Espainian 300 bat espezie ezagutzen dira, baina erregistro hau oso baxua da, penintsulan 7.400 landare espezie erregistratuta baitaude eta onddo talde hau ostalariarekiko oso espezifikoa izaten baita. 

Talde honek ez du fruitu gorputzik  garatzen.  Ostalariak agertzen duen  sintoma bakarra, hosto zein zurtoinean garatzen dituzten orbainak dira. Hauek kolore ezberdina izateaz gain (marroia, beltza, laranja) ehundura ahutsakara daukate.  Zenbait espeziek bizi ziklo konplexuak dauzkate, zenbait espora mota ekoizten baitute eta  2 ostalari ezberdin behar dute zikloa aurrera  eramateko. 

Lightbox Image

Gure inguruan aurki daitezkeen landare espezie batzuetan aurkitzea oso erreza da, esate baterako Rubus eta Rosa familiak sarritan izaten dira soilduak. Lehenengoan  hostoen goialdean orbain moratuak agertzen dira eta behe aldean oilaur laranjak. Zoldurak sortzen dituen onddoa  Phragmidium violaceum  izaten da. Rosa  generoan oilaur laranjak agertzen dira, zoldurak sortzen dituen espeziea  Phragmidium mucronatum  delarik. Ikusgarriak dira ipuruak garatzen dituzten onddoak, izotz tenpano laranjak ematen baitute, espeziea  Gymnosporangyum claviriforme delarik. Gramineotan ere asko aurkitzen da. Oso ezaguna da  garia zoltzen duen Puccinia graminis,  galera ekonomiko handiak sortzen baititu eta oso ziklo konplexua dauka.

Ustilaginales

Lightbox Image

Espezie kopuruari dagokionez Uredinales taldean  baino espezie gutxiago daude, hala ere,  talde handia da honako hau.  1.300 espezie barneratzen baititu, 80 bat generotan banatuta. Aurreko taldeak bezala  honek ere ez du fruitu gorputzik garatzen. Orden berezi hau ikatz edo tizoi bezala ezagutzen da.  Onddo hauek garrantzi ekonomiko handia daukate, landaketetan galera ekonomikoak eragiten baitituzte. Esate baterako ezaguna da  Ustilago maydis,  arto landareak zoltzen dituen espeziea.  Hala ere, uste zena baino,  espezie gehiagok zoltzen dituzte basa landareak. 

Talde honetako onddoek, hostoak, zurtoinak eta batez ere loreak zoltzen dituzte.

Basidiomikotoen bi talde handi hauek alde batera utzita, orain onddo “ezagunen” atalean murgilduko gara. Hauek,  ezagunagoak izango dira eta ordena mailan aipatuko ditut, nahiz eta  batzuk onddoak direla identifikatzea zaila izan daitekeen. 

Tremellales ordena

Talde honetako onddoek kolore biziko fruitu  gorputzak edo basidiomak garatzen dituzte.  Onddo hauek batik bat saprofito lignikolak izaten dira, honek zera esan nahi du, egurrean hazten direla, (zelulosa eta lignina degradatuz elikatzen direla) bai saprofitikoki bai parasitikoki. Talde hau errez bereizten da kolore biziko fruitu gorputzak garatzen dituztelako, esate baterako laranjak. Talde honetako onddoak garatzen duten  fruitu gorputza ez da ohikoa, hau da, ez dira pileo eta estipea dutenak. Ehundurari dagokionez jelatinakarak dira.

Auriculariales ordena

Lightbox Image

Aurreko taldeak bezala fruitu gorputz jelatinakara izaten dute, ala ere espezie batzuk larrukarak izaten dira. Koloreak ez dira horren biziak izaten eta  ez dute perretxiko baten forma tipikorik garatzen. Talde honetan aipagarri da Auricularia auricula-judae espeziea, jangarria baita eta Asian industrialki ekoizten baita. Esan behar da, hauek ere onddo lignikolak direla, bai parazitikoak bai lignikola hertsiak. 

Lightbox Image

Dacrymycetales ordena

Fruitu gorputz txikia garatzen duten onddoak dira. Hauek kolore bizikoak izaten dira eta adar foma izaten dute. Aurreko talde biak ez bezala saprofito lignikola hertsiak dira, ez da parazitikorik ezagutzen.

Boletales ordena

Fruitu gorputz handiak eta identifika errazak garatzen dituzte talde honetako onddoak. Hauek bai garatzen dutela begi bistaz errez identifikatzen diren fruitu gorputzak, bere txapel eta hankarekin. Talde honetako onddo gehienak himenio (txapelaren azpi aldea) poroduna garatzen dute, Boletus  generokoak bezala. Hala ere badaude talde batzuk himenioforo orriduna garatzen dutenak Paxillus eta Gomphidus  esate baterako. Beste batzuen fruitu gorputzean ez dira bereizten ez pororik ez orririk, hauek barruan garatzen baitute  gune emankorra, ezagunak diren astaputzak bezala, hauek forma gasteroidea daukatela esaten da. 

Ehundurari dagokionez,  fibrotsuak dira eta gehienak ektomikorrizikoak dira. Hau da, zuhaitz zein landareekin elkarrekintzak eratzen dituzte. 

Talde honetako zenbait espezie oso preziatuak dira jateko, esate baterako onddo zuria eta beltza; Boletus edulis, Boletus aereus hurrenez hurren. Hala ere, badaude espezie toxikoak:  Boletus satanas, esate baterako. 

Agaricales ordena

Talde honek espezie ezagunak barneratzen ditu, esate baterako “txanpiak, kuletoak...”.  Hauek dira irudi tipoa talde honetan, honekin zera esan nahi dut, talde honetako ale gehienek pileoa eta estipea daukatela. Aurreko taldetik ezberdintzeko himenioforoari begiratu behar diogu, hauek laminarra izaten baitute eta  boletales ordenenekoak poroduna.  Ala ere talde honen barruan badaude batzuk forma arraroa daukatena, esate baterako, Clavaria, forma adarkatuarekin eta  Lycoperdon forma gasteroidearekin.  

Ehundurari dagokionez aurreko taldekoaren antzerakoa da, hots fibrotsua. Taldean  onddo mikorrizikoak egoteaz gain saprofitoak daude. Saprofito hitzak, beste izaki baten hondakinetatik elikatzen diren izakiei egiten die erreferentzia. Talde honetan bolba edo eraztuna daukaten onddoak sartzen dira, esate baterako Lepiota eta Macrolepiota. Taldean, bolba eta eraztuna daukaten onddoak ere ageri dira Amanita generoa esate barerako

Tricholomatales ordena

Irizpide makroskopikoekin aurreko ordenatik banatzea zaila da, orridunak eta fibrotsuak baitira. Aipagarria da, talde honetan, pileoa eta estipea banatzea zaila dela, onddo homogeneoak baitira.  Himenoforoa zuria edo arrosa izaten dute. Talde handia da eta bertan MycenaClitocybe,Tricholoma bezalako generoak barneratzen dira.

Russulales ordena

Talde honek,  oso genero ezagunak barneratzen ditu, Russula  eta Lactarius. Genero hauek forma agarikoidea daukate, hau da pileoa, estipea eta himenio orriduna.  Ehundurari dagokionez, fibrotsuak izan beharrean bikortsuak dira. Onddo hau hartu eta zati  bat kentzean klariona bezala apurtzen da. Talde honetako onddo gehienak mikorrizikoak dira. Ala ere badaude espezie batzuk erresupinatuak eta lignikolak direnak. Ordena honetakoak dira bilatuenetarikoak diren zenbait onddo, esate baterako Lactarius deliciosusRussula cyanoxanthaRussula virescens. Russula eta Lactarius  generoen arteko bereizketa egitea  nahiko erreza da, lehena apurtzean ez baitu latex-ik isurtzen eta bigarrenak bai.

Cantharellales ordena

Talde honetako zenbait onddo nahiko ezagunak dira,  ziza horiak (Cantharellus cibarius) esate baterako. Taldean oso itxura ezberdina daukaten onddoak daude, batzuk pileo eta estipearekin eta beste batzuk tutu formarekin, ezagunak diren ziza horiak bezala. Beste batzuk, koral itxura izaten dute. Onddo hauek, ehundura fibrotsua izaten dute, hala ere lurrean denbora luzez irauten dute eta etxean lehortzeko errazak dira. Propietate hau barneko egiturak ematen die.  Saprofito humikolak zein mikorrizikoak izan daitezke. 

Koloreari dagokionez eta enbutu forma dutenen artean, zuritik beltzera doaz, tonu horiak nagusituz. Pileoa eta estipea dutenek himenoforo berezia izaten dute, hau horzduna izaten baita. Ezagunena agian tripakia (Hydnun repandum) izanik.

Hymenochaetales, Thelephorales, Poliporales ordenak

Esparru honetan  3 talde handi sartu ditut,  sistematikaren aurka doana, baina hau sistematika eta eboluzioaren testu bat ez denez eta testua larregi ez luzatzeko asmoarekin egin dut. 

Nahiz eta pileodun fruitu gorputza  duten onddoak egon, talde honetan normalagoak dira apo forma dutenak, ardagaiak esate baterako edo resupinatuak, hau da, oskol bat bezala hazten direnak, egurraren gainean. Talde honetan, egurraren usteldura eragiten duten onddoak aurkitzen ditugu, bai zuria bai marroia, honek zera esan nahi du, lignina eta zelulosa degradatzeko ahalmena daukatela. Parasitiko batzuk egon arren gehienak  saprofito lignikolak dira. Ehundurari dagokionez,  larrukarak eta gogorrak izaten dira, ardagaien kasuan egurraren antzeko egitura izaten dute.  Nahiz eta talde honetako onddoek forma bereziak izan, nahiko errez bereizten dira tamainaz, nahiko handiak baitira eta egurrean hazten direlako.

Phallales ordena

Forma oso berezia duten onddoak sartzen dira talde honetan. Bai kaiola forma, itsas izar edo zakil forma. Nahiko onddo bereziak dira, ikaragarrizko usain narratsa baitaukate, hau euliak erakartzeko erabiltzen dutelarik eta modu honetan esporak barreiatzen dituzte. Koloreari dagokionez, zuriak, berdexkak eta gorri biziak izaten dira.

Leave a comment

You are commenting as guest.

Irakurrienak

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...