Hartz arrea munduko hainbat tokitan desagertzeko zorian dago. Gaur egun, Europako, Asia epeleko eta Ipar Amerikako baso trinkoak ugaztun handi honen azken gordeleku bilakatu dira. Eremu zabal honetan tamaina eta kolorearen arabera zortzi subespezie bereiz ditzakegu. Hauen artean, euren tamaina handiagatik ezagunak diren Grizzly hartzak (Ursus arctos horribilis) eta Kodiak hartzak (Ursus arctos middendorffi). Iberiar penintsulan, Asturiasen daude azken hartzak, Somiedo eta Narceako natur parkeetan. Historikoki, Pirinioetan animalia hauek bizi izan baziren ere, gaur egun oso gutxi gelditzen dira.
Ugaztun handi honek munduan zehar dituen tamaina ezberdinen artean, Pirinioetakoa txikienetakoa da; 80 eta 250 kg arteko pisua hartzen du. Hala ere, ez da ahaztu behar pisu hau urtetik urtera aldatzen dela urte-sasoiaren, sexuaren eta beste hainbat faktoreren arabera. Arra emea baino dezente handiagoa da. Arrak, atzeko bi hanken gainean zutituz gero, 2 m-ko altuera izatera iristen dira.
Askatasunean, 25-30 urte inguru bizi ohi dira, eta gatibutasunean 47 urtera ere irits daitezke. 1,7-2 m-ko luzera eta 0,9-1 m-ko altuera (gurutzean) izan ohi dute. Ilajearen kolorea, krema-koloretik marroi iluneraino doa, baina hankak gehienetan beltzak ditu eta ile-muturrak ia-ia horiak. Kumeek, lepoaldean izan ohi duten eraztun zurixka lehenengo muda aldiaren ostean galtzen dute. Ilea 2-15 cm-ko luzerakoa da, buru eta sabelaldean motza eta gorputzean zehar luzeagoa. Ilajea urtean behin aldatzen dute. Ekainetik aurrera, 30–40 eguneko muda aldia hasten dute.
Ikusmena oso garatua ez duten arren gauez koloretan ikus dezakete. Gainontzeko zentzumenei dagokienez, aldiz, belarri fina eta usaimen zorrotza dute; distantzia luzeetara dauden elikagai iturriak eta araldian zehar gainontzeko indibiduoen egoera sexuala antzemateko funtsezkoak.
Barailean dituzten lau letagin zorrotz eta sendoek, haragia jaten dutenaren seinale argia dira. Hala ere, hagin zabal eta zapalek erakusten dutenez, orojalea dugu, eta neurri handi batean landarejalea.
Europako, Asia epeleko eta Ipar Amerikako baso trinkoetan dago hedatuen. Hala ere, oso banaketa desorekatu eta barreiatua du. Iberiar penintsulan, Asturiasen daude azken hartzak, Somiedo eta Narceako natur parkeetan. Euskal Herriari dagokionez, gaur egun, Piriniotan, Erronkariko Ibarrean, Esloveniatik ekarritako zenbait hartzek desagertzear dagoen hartz-populazioa bizirik mantentzen dute.
Hartz arrek bizi eremu zabala behar dute bizirauteko, elikagaia eta babeslekua topatzeko txoko desberdin askoren premia baitute. Gehienbat hariztiak, pagadiak edo urkidiak bezalako baso misto hostogalkorrak aukeratzen dituzte hibernaziorako, hauek eskaintzen dieten erreserba iturri altuagatik. Ezkur eta pagotxak urriak diren urteetan, gaztainadiak bilatzen dituzte bazkarako. Gertaera honek, euren ohiko bizi-eremutik dezente urruntzea ekartzen die.
Aske bizi diren hartz bakanak nekez ikusten badira ere, udaberri-uda partean goi-mendietako larreetan dauden erlategiak, belazeak edo baiaz josiriko sastrakadietara hurbildu ohi dira. Negua heltzean aldiz, harkaitz arteko zulo eta kobak bilatzen dituzte hibernatu ahal izateko. Oro har, hartzak uzten dituen aztarna eta oin-markak topatzea izaten da ohikoena.
Elikaduraren % 75-80a belarrez, fruituez eta bestelako landarez osatzen da; beste % 25-20a animalia-jatorrikoa da. Honen barruan, ugaztun handiek % 12-15a osatzen dute, intsektuek % 7-9a eta mikrougaztunek % 1a (ugaztun handien sarraskietatik inurrietaraino). Aziendek dietaren % 6-8a osatzen dutenez, argi dago hartza ez dela azienda-hiltzaile amorratua, hainbat jendek hori badio ere. Inoiz edo behin basoko animaliren bat harrapa dezake, dena alde duela, eskuarki, orkatz eta orein kumeren bat, edo, bestela, ahitu edo gaixoturiko ugaztun helduren bat.
Hibernazioak lauzpabost hilabetez irauten du: azarotik apirilera bitartean. Negu gorriko pausaldi horretan hartzak jateari, edateari eta, kaka eta pixa egiteari utzi egiten dio baina, konstante funtzionalak mantendu egiten ditu udazkenean metaturiko gantzei esker. Dena den, garai horretan aktibitaterako gaitasuna badu eta estimulazioa dela eta esnatzea gerta daiteke. Are gehiago, epealdi horretan erditzen dira emeak eta, udaberrira arte hartz kumeak elikatu eta berotu egiten dituzte, lotan segitzen duten bitartean.
Hartzek 3–5 urte izan arte ez dute heldutasun sexualik eskuratzen, eta emeak lau urterekin erditu ohi dira lehenengo aldiz. Ugaztun handi hauek poligamoak dira. Araldia udaberri bukaeran edo uda hasieran izaten da (maiatza eta uztaila artean). Hain ale gutxi geratzen denez, ar eta emeen arteko topaketak zailak izaten dira eta, hauei ahalik eta etekin handiena ateratzearren, eragindako obulazioa garatu dute; hau da, arrak behin eta berriro estaltzen du emea honen obulazioa eraginez ernalketa gerta dadin. Haurdunaldiak bi hilabete irauten du. Hartz kumeak (bat edo bi) ama hibernazio zuloan dagoela munduratuko dira eta, handik urte eta erdira amarekin bizitzeari utziko diote. Erditze batetik bestera bi urtetako tartea izan ohi da.
Elikagaiaren bilaketak baldintzatzen ditu hartzaren bizimodua eta mugimenduak; animaliak azalera handia behar du gustura ibiltzeko, atseden hartzeko, babesa bilatzeko eta neguan hibernatzeko. Gehienez 20 – 30 km karratuko azalerak hartzen ditu beregain. Noizbehinka ibilaldi luze samarrak egiten ditu. Hara eta hona ibili ohi den ugaztun bakarti hau plantigradoa da, ibileran gorpuz karga osoa oinzoletan banatzen duelako. Bi hankaren gainean zutitzeko gauza den izaki bakanetako bat dugu hartza; dena den, horrela gutxi-gutxitan altxatzen da: emeengatiko borroketan edo bere burua arriskuan ikusten duenean soilik. Hartzari leporatu zaion oldarkortasun ospe hori debaldekoa da, erasoari nekez ekiten diote amaieran arerioa erailez.
Hibernazio-garaia heltzean, hartzak koba naturalak edo berarentzat propio induskatutako gordelekuak egokitzen ditu. Horretarako harkaitz artean, leku maldatsu eta bertara iristeko zailak direnak aukeratzen ditu. Gordelekuan ohea egiteko, goroldio, belar, hosto eta makiltxoez baliatzen da.
Hartz arreak basoko ekosisteman ez du inongo etsai naturalik, are gehiago ekosistemaren dominatzaileetako bat dela esan daiteke. Gaur egun, hartzak ezagutzen duen etsai nagusia edo bakarra gizakia da.
Hartzarekin elkarbizitzeak hainbat arazo sortzen ditu, ganadu edo aziendari eragiten dizkion kalteak, ehizarekin duen elkarreragina edo, azpiegiturak egiteko edo baso-ebaketak egiteko bere presentziak sortzen dituenak.
Edonola, elkarbizitza horretan hartza da galtzaile argia. Hona hemen hartzari gizakiak eragiten dizkion arazo larrienak:
- Isileko ehiza: hauxe da hartzaren mehatxurik handiena. Populazio txikietan buru bakar bat hiltzea bera ere atzera gabeko galera da. Bestelako piztiak harrapatzekoak diren, lakioen, lazoen, ehiza-partiden, eta antzekoen biktima izan daiteke hartza.
- Habitata desegin eta eraldatzea: baso-ebaketagatik, suteengatik, aire zabaleko meatzaritzagatik, bide-sarea zabaltzeagatik, eski-pistak ezartzeagatik, hari elektrikoak ipini eta elektrizitatea garraiatzeko azpiegiturak instalatzeagatik... Horiek guztiek hartz populazioen zatikatzea areagotu eta aniztasun genetikoaren galera eragiten dute.
- Turismoaren presioa eta enbarazua area sentikorretan: umeak dituzten hartz emeei eragiten zaizkien eragozpenak bereziki kaltegarriak diren arren, garai kritikoetan -hibernazioan, adibidez- egiten diren uxaldiak ere arras hondagarriak izaten dira.
Orain dela mende batzuk hartz arrea Europa osoan zehar zebilen arren, egun egoera erabat aldatuta dago, azken urteotako gertakarien erruz batik bat. Espainian, Italian eta Frantzian dira arrisku bizieneko hartz-populazioak. Espainiar hartzen egoera are larriagoa da, hartz arreak Europan dituen hiru eboluzio-lineetako baten eta mundu osoan diren bostetako baten ordezkari bakarrak baitira.
Egun, hiru populazio bizi dira; bata Mendikate Kantauriarrean eta beste bi Pirinioetan: bata Erdialdeko Pirinioetan, Aran eta Pallars haranetan eta Frantziako eskualde mugakideetan, eta, bestea Mendebaldeko Pirinioetan, Aragoi, Nafarroa eta Biarnon. Erdialdeko Pirinioetako populazioa Esloveniatik 1996an eta 1997an ekarri eta Frantzian inolako arazorik izateke sartutako hiru hartzetatik ugaldu da. Egokitzapen hori Europako beste hainbat lekutan ere gertatzen ari da, hala nola, oraindik orain Trentinon (Italia). Horrek garbi asko frogatzen du hartz asko dagoen toki batetik buru batzuk atera eta beste toki batera eramatea posible dela eta lekualdaketa hori maiz arrakastaz egiten dela.
Horiek horrela, gaur egungo hartzaren egoera hil ala bizikoa da. Populazio honen iraupenak sekulako garrantzia du eta, horretarako ezinbestekoa da habitata bere osotasunean mantentzea. Alabaina, hartzarentzat habitat egokia mantentzeko, leku horietan egiten diren jarduera guztiak arautu egin behar dira eta, ondorioz, interes ekonomiko asko gainditu edo birbideratu. Horrela bada, Pirinioen kasuan, ale berriak sartzea ez da espezie honen kontserbaziorako nahikoa, habitataren kalitatea eta lasaitasuna mantentzea ere betebeharreko ezinbesteko premisa da.