Gure lurretan ohikoa da askomikoto txiki hau. Deigarria den bere kolore urdin-berdea izan ezik ez dauka inongo bereizgarririk. Hostozabalen basoetan, lurrera eroritako adar ustelduen gainean aurkitzen da uda eta udazkenean. Fruitu-gorputza ikusten ez bada ere, bere hazkuntzak eragiten duen orbain urdin-berdea oso maiz topatzen da adarretan.
Artikuluari buruz
Egilea: Sorrera: 2013/09/07 Azken eguneraketa: 2013/09/14 Bisita-kopurua: 1222 Motzean
TaxonomiaDibisioa: AscomycotaKlasea: Pezizomycotina Ordena: Helotiales Familia: Helotiaceae Deskribatzailea: (Nyl.) Kanouse SinonimoakPeziza aeruginascens Chlorosplenium aeruginascens EkologiaSaprobio lignikolaJateko balioaBaliogabea |
Tamaina txikiko (2-5 mm) askoma garatzen duen onddoa da gardinga. Hasieran apotezioak kopa itxura dauka, baina alea heltzen doan heinean zabaltzen joaten da, ale zaharretan laua izanik. Onddo txiki honen bereizgarri nagusia bere kolore urdin-berdexka da. Erpinak zertxobait argiagoak izaten dira.
Onddo honek hanka laburra garatzen du, 2-3 mm-takoa. Koloreari dagokionez, karpoforoaren kolore berdinekoa da.
Mami gutxiko askomikotoa, zapore eta usain berezi gabekoa. Ehundurari dagokionez, hauskorra eta argizarikara da. Kolore uniformekoa da, urdin-berdexka.
6-10 x 1,5-2 µm-tako esporak fusiformeak dira. Espora hauek gardenak eta leunak dira. Esporaren erdialdean, ekidistanteki banaturik, hiru apaindura izaten dituzte.
Lurrean usteltzen ari diren hostozabalen adarretan hasten den onddoa da. Pago adarretan behatu da batez ere eta nolabaiteko preferentzia azaltzen du azalik gabe dauden adarrekiko.
Neguko hilabeteetan izan ezik beste hilabete guztietan aurki daiteke onddo hau. Hala ere uda eta udazken hasieran da ugariena.
Ez dauka inongo balio gastronomikorik, ez baitauka ez usain ez zapore berezirik. Horrez gain mami oso gutxikoa da.
Genero bereko bi onddo hauek, garapen faseko azken unean, hots, onddoak zaharrak direnean nahasgarriak suerta daitezke. Formaz antzekoak badira ere kolore ezberdina daukate. Gardinga urdin-berdexka kolorekoa den bitartean, C. cenagiumek kolore hori-oliba dauka. Printzipioz irizpide honi erreparatuz errazak dira ezberdintzen, baina gardinga zahartzen denean kolore horia hartzen du.