Lepahoria
Martes martes

Lepahoria Europan eta Siberian aurki daitekeen mustelido karniboroa da. Lepazuriarekin antzekotasun asko dituen arren, lepo azpiko orban horixka da batez ere bereizgarri egiten duena. Habitatari dagokiola espezialista da, antropizazio-maila txikiko lekuak aukeratzen dituelarik. Orohar animalia gautarra den arren, araldian egunez ibiltzen da. Aipatzekoa da mustelido gehienen kasuan bezala, lepahorian ematen den ugal-estrategia berezia: ezarpen atzeratua.

Martes martes

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Carnivora
Familia
Mustelidae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1758
Estatusa
lc

Deskribapena

Gorputz luzanga dauka (burutik buztanaren hasieraraino 42-52 cm) eta buztan luze eta lodia (22-27 cm). Gorputzadarrak laburrak dira. Orohar marroia den arren, sabelaldea argiagoa dauka eta hankak, berriz, ilunagoak. Lepaldean orban hori-laranja bat izaten du, gehienetan behe barailaren zati txiki bat baino hartzen ez duena. Belarri txiki eta borobilak ditu eta mutur zorrotza, sudur beltzarekin. Hanketan bost hatz ditu, erabat ilez estalita, baita oin zolak ere. Aipagarriak dira hatzen artean agertzen diren ileak, elur bigunaren gainean ibiltzeko erabilgarriak direnak; hau dela eta, aztarna bereizgarria dauka. Gainera, oin zoletako ilaiarengatik zaila izaten da aztarnak hautematea.

Dimorfismo sexualik ez egon arren, orohar arrak emeak baino sendoagoak izan ohi dira: arrek 1,2-2 kg pisatzen dituzte eta emeek 0,9-1,5 kg.

38 hortz ditu, honako formularekin: 3.1.4.1/3.1.4.2.

Antzeko espezieak

Lepazuria

Lepahoriaren itxura lepazuriaren oso antzekoa da, baina bigarrena pixka bat sendoagoa da, nahiz eta antzeko tamaina eduki. Hala ere, desberdintasun nagusia lepo azpiko orbana da: lepazuriaren orban pektorala zuria da eta ia gehienetan aurreko besoen hasieraraino iristen da; lepahoriaren kasuan, ordea, orbana horixka da eta hedapena txikiagoa izaten da. Gainera, lepahoriak belarri handiagoak dauzka eta muturra zorrotzagoa. Horrez gain, lepahoria ongi kontserbatutako basoetan agertzen da eta lepazuria, berriz, okerrago kontserbatutako guneetan agertzen da, antropizazio-maila handiagoa den guneetan.

Banaketa

Lepahoriak banaketa eurosiberiarra dauka: Iberiar Penintsulatik Ural Mendietaraino eta Italiatik Artikoraino hedatzen da. Islandian eta Grezian baino ez da falta.

Iberiar Penintsulan soilik iparraldean agertzen da, Galiziatik Lleida iparraldera arte. Kanariar Irletan ez dago eta Balear Irletan subespezie bat dago, Martes martes minoricensis.

Euskal Herrian Kantauri eta Mediterraneoko urak banatzen dituzten mendilerro handietan eta Karrantza eta Kantauri mendilerreotan baino ez da agertzen.

Martes martes Martes martes

Habitata

Lepahoria baso hostoerorkor, mixto eta koniferoetan bizi ohi da. Baso sakonean bizi da, giza eskumenetik aldenduta; bertan babesleku ugari aurkitzen ditu: zuhaitzetako zuloak, urtxintxen eta hegaztien habiak, harri tarteak, etab. Gehienetan, baso zaharrak atseginago izaten ditu gazteak baino. Habitat aldetik espezie espezialistatzat hartzen da. Adar altuez estalitako basoak aukeratzen ditu, harraparietatik babestu ahal izateko. Zenbait lekutan, ordea, espezie generalista gisa jokatzen duela ikusi da. Menorkan, esaterako, ez dauka lehentasunik habitata aukeratzeko orduan, sastrakadietan bizi da, zuhaitz estaldura edozein delarik ere. Badirudi honen arrazoia irla honetako harrapari eskasia dela. Eskozian, bestalde, habitat ezberdinetan bizi da: landatutako baso gazteetan, belardietan, txilardietan eta inguruetan.

Itsas mailatik 2.300 metroraino ager daiteke.



Habitat bereko espezie gehiago

Cyanistes caeruleus
Turdus philomelos
Meles meles
Alytes obstetricans
Oryctolagus cuniculus
Sorex minutus
Crocidura suaveolens
Apodemus flavicollis


Elikadura

Lepahoriaren dieta nagusiki karniboroa da eta espezie generalista da. Hegaztiez eta beren arrautzez elikatzen da, baita urtxintxa, arratoi, sagu, untxi, erbi eta abarrez ere.

Arrautzak jateko modua oso berezia da: zulo luzanga bat egiten die eta bertatik xurgatzen du edukia. Arrautza gehiegi harrapatu baditu, goroldio azpian edota landareetan gordetzen ditu.

Neguan beleak elikadura-iturri garrantzitsua izaten dira eta batzuetan erleen habiak eta perretxikoak ere jaten ditu.

Ugalketa eta ontogenia

Mustelido gehienen kasuan bezala, lepahorian ezarpen atzeratua ematen da. Ugal garaia ekaina eta abuztua bitartean izaten da eta 15 bat egun irauten du. Baina garai honetan zigotoa blastozito mailara arte baino ez da garatzen. Emeak blastozitoa sabelean mantentzen du eta martxoa inguruan honen garapena ematen da. Blastozitoaren garapenetik 30 bat egunera kumeak jaiotzen dira (1-7). Hauek ilerik gabe, itsu eta 30 bat gramorekin baino ez dira jaiotzen. Jaio ostean emea arduratzen da kumeak zaintzeaz eta hauek, 12 aste dituztela, habiatik ateratzen dira. Hala ere, amarekin jarraitzen dute hau berriro ere araldian sartzen den arte.

Arrek heldutasun sexuala 15-40 hilabeteko tartean eskuratzen dute eta emeek 27 bat hilabeterekin. Sexu proportzioa 1:1 ekoa izaten da.

Urtean kumaldi bakarra izaten dute eta heriotza-tasa oso handia izaten da lehenengo urtean, %41era irits daitekeelarik. Gehienez 15 urte iraun ditzake bizirik gatibutzan.

Ugal garaian arren arteko borrokak egoten dira, emea zeinek eskuratuko. Garaile ateratzen den arrak emearekin jolastu eta borrokatuko du eta ernaldu ostean alde egiten du. Emea erakartzeko oin zolako eta uzkiko usaimen-guruinetatik sustantzia batzuk jariatzen ditu arrak.

Bizimodua

Animalia  gautarra da, baina araldian egunez ibiltzen da. Enborreko zuloetan, hegazti harrapari zein urtxintxen habietan edota arroketan izaten du bizilekua. Oso ongi moldatua dago basoko bizimodura, oso abila da zuhaitzetan gora igotzen eta zuhaitzetako adarretan zehar saltoka aritzen da. Lurrean normalean saltoka ibiltzen da eta igerian dakien arren, saihestu egiten du.

Animalia bakartia eta lurraldekoia da. Arrek emeek baino gune handiagoak defendatzen dituzte; hori dela eta, ar bakoitzak zenbait emeren guneak barnera ditzake. Beldurtzen denean ohikatu egiten du eta usain desatsegineko sustantzia bat jariatzen du, araldikoa baino biziagoa, normalean, lurraldea markatzeko erabiltzen duena. Horrez gain, gorotzak ere erabiltzen ditu lurraldea markatzeko.

Animalia harraparia da. Harrapakin bat ehizatu ostean, bere bizilekura eramaten du eta oso pisutsua izatekotan, segurua den leku batera eramaten du, lasaitasunez jan ahal izateko.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Etsai naturalen artean bera baino handiagoak diren ugaztun karniboroak (azeria, besteak beste) eta hegazti harrapariak (arranoak eta hontzak, esaterako) daude. Horiez gain, bizkarroiak ere izan ohi dituzte eta hauek izaten dira gaixotasun gehienen sortzaile. Hala ere, etsai nagusia gizakia da, bere larruagatik ehizatu edota autoekin harrapatzen baititu. Bestalde, gehiegizko baso ustiapenak ere kalte egiten dio espezie honi.

Kontserbazioa

Bernako Konbenioko III. kapituluan agertzen denaren arabera, espezie hau ez dago mehatxuan. Balear Irletan, ordea, populazioak giza eragin handia jasaten ari dira turismoa dela eta; horregatik, bere habitatarekin batera babesteko beharra dago.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Perez F. 2006. Euskal Herriko Fauna: Ugaztunak eta Hegaztiak. ADEVE.

. . Ministerio de Agricultura, Alimentación y Medio Ambiente. http://www.magrama.gob.es/es/biodiversidad/temas/conservacion-de-especies-amenazadas/murcie_nathusius_tcm7-21012.pdf (2013/01/30)

. . Fauna Ibérica. http://www.faunaiberica.org (2012/11/01)
Egilea: | Sorrera: 2012/11/08 | Azken eguneraketa: 2013/05/16 | Bisita-kopurua: 2971 | Argazki nagusia: Laurie Campbell

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...