Eskinko bostatza
Chalcides bedriagai

Eskinkoak, ziraunen antzeko itxura duten narrasti hankadunak dira. Euskal Herrian, bi eskinko baino ez ditugu: eskinko hiruatza eta eskinko bostatza, izenak dioen moduan, hatz kopuruan bereizten direnak. Eskinko bostatza Iberiar Penintsulako endemismoa da eta Euskal Herrian, soilik Nafarroako hegoaldean aurkitzen da.

Chalcides bedriagai

Phyluma
Chordata
Klasea
Reptilia
Ordena
Squamata
Familia
Scincidae
Deskribatzailea
Bosca, 1880
Estatusa
nt

Deskribapena

Narrasti txikia da, buru-gorputz luzera 87,5 mm-koa duena arretan eta 97,8 mm-ko emeetan, nahiz eta isatsarekin 166 mm neurtzera iritsi daitekeen (González de la Vega, 1988). Emeak arrak baino zertxobait handiagoak izaten dira, baina gehinetan arrek buru handiagoak dituzte. Helduek 3,5-9,5 g-ko pisua dute. Aldiz, jaioberrien buru-gorputz luzera 33,6-41,2 mm-koa da (Galán, 2003) eta 44 mm-ak lortzera iritsi daitezke.

Buru txiki triangeluarra dute gerora zabaldu egiten dena, eta mutur borobildua dute. Begietan betazal mugikorrak dituzte eta belarria ondo ikusten da, sudurzuloa baino handiagoa izaten baita (Salvador, 1997). Aurpegiko ezkata handia da, bi ezkata postnasal ditu alde banatara, 3-5 supralabial, 1-2 begiarekin kontaktuan, 2 frenokular eta 3-5 superziliar. Ez du ezkata prefontalik aurkezten, ezta frontoparietalik ere; bai aldiz, supranasalak.

Gorputza motza eta borobildua da, ezkata leun disdiratsuz estalitakoa. 22-30 ezkata serie longitudinal dituzte gorputzaren inguruan eta 66-84 ezkata bentral muturretik kloakaraino.

Hanka txiki pentadaktiloak dituzte, izenak dioen moduan. Isatsa borobila da eta gehienetan gorputza baino motzagoa. Kolorea populazioaren arabera alda daiteke baina arre-horixka edo oliba kolorekoak izaten dira eta bizkarraldean marra ilunago bat azaltzen dute. Muturreko ezkatek tonalitate argiagoak dituzte, gehienetan laranjak edo horixkak. Gainera, ozelo edo begi formako orban txuriak azaltzen dituzte, kolore iluneko ertz bat dutenak. Ozeloak buruaren alboetara, gorputzaren atzealdean eta isatsaren hasieran agertzen dira batik bat. Sabelaldeak kolore zurixka edo horixka du, batzuetan erreflexu urdinekin.

Udaberrian arrek kolore laranja-arrosak hartzen dituzte buru aldean eta jaioberrien kolorea ere desberdina izaten da: helduek baino kolorazio uniformeagoa azaltzen dute, populazioaren arabera helduena baino argiagoa ala ilunagoa.

Antzeko espezieak

Chalcides striatus

Izenak dioen moduan, genero bereko bi espezie hauek bereizteko erabiltzen den ezaugarri nagusia hatz kopurua da. Eskinko hiruatzak hiru ditu eta bostatzak, berriz, bost.

Banaketa

Iberiar Penintsulako espezie endemikoa da (Pollo, 1997) eta penintsularen iparraldean izan ezik (Asturias, Euskal Herriko iparraldea eta Kantauriar mendikatea) denean agertzen da (Pollo, 2002; Ceacero et al., 2007; Sillero, 2008). Populaziorik handienak eskualde bioklimatiko mediterranearrean aurkitzen dira, itsas mailatik 1.750 metroko altuerara mendi betikoetan. Euskal Herrian, soilik Nafarroa hegoaldean agertzen da.

Chalcides bedriagai Chalcides bedriagai

Habitata

Habitat desberdinetan agertzen da: landaredi gutxiko kostaldeko zonalde mediterranearretan (Pleguezuelos, 1989), sastrakadi mediterranearrean (González de la Vega, 1988), basoetako argiguneetan eta eremu harritsuetan (Hayley et al. 1987). 

Hala ere bizi den leku gehienetan substratu hareatsua egoten da, ezkutaleku ugari (harri, sustrai, orbel edo zuhaixkak) eta argi asko (askoz ugariagoa da hegoaldera eta mendebaldera orientaturiko eskualdeetan).



Habitat bereko espezie gehiago

Luscinia megarhynchos
Fringilla coelebs
Aquila chrysaetos
Aquila fasciata
Ardea cinerea
Aquila pennata
Erithacus rubecula
Canis lupus


Elikadura

Eskinko bostatza predatzaile oportunista da (López-Jurado et al., 1978) eta bere elikaduraren osagai nagusiak koleopteroak (15-47%), araknidoak (10-20%) eta isopodoak (4-22%) dira (Gil, 1992). Harrapakinaren tamaina 1-4 mm-koa izan daiteke baina batez besteko harrapakinak ez ditu 8 mm baino gehiago neurtzen (López-Jurado et al. 1978).

Ugalketa eta ontogenia

Eskinko bostatza obobibiparoa da. Araldia Euskal Herrian apirila bukaeratik ekainera gertatzen da baina hegoaldean martxoan hasi daiteke (Galán, 2003). Erditzea azken kopulatik 33-59 egunera gertatzen da eta beraz, ernaldiak 78 egun inguru irauten ditu (González de la Vega, 1988). Urtean erditze bakarra gertatzen da, eskualdearen arabera maiatza bukaeratik (hegoaldean) urrira (iparraldean) (Galán, 2003).

Erditze bakoitzean 1-6 kume izaten dituzte (González de la Vega, 1988), baina kume kopurua amaren tamainarekin proportzionalki erlazionaturik dago (Galán, 2003) eta batez beste, 2-3 izaten dituzte. 

Euskal Herrian eta penintsularen iparmendebaldean eskinkoek 2-3 urterekin lortzen dute heldutasun sexuala, hibernazioaren ostean (Galán, 2003).

Bizimodua

Penintsulako zenbait eskualdetan, neguan ere aktibo egon daiteke (Galán eta Fernéndez-Arias, 1993) baina Euskal Herrian eta orokorrean, penintsularen iparraldean soilik apirila eta iraila bitartean egoten da aktibo (Galán, 2003).

Eguneko aktibitateari dagokionean, ezkutalekuetatik batik bat goizeko lehen orduetan edo ilunabarrean ateratzen dira, egunaren gainontzekoan arrakaletan sarturik egoten direlarik. Kostaldeako populazioak maiz hondarpean babesten dira.

Oso espezie lurraldekoia da eta arren artean maiz borrokak izaten dira, elkarri zauriak eraginez isatsean, hau guztiz galtzera ere iritsi daitezkeelarik.

Kontserbazioa

Espezie honen egoera ez da guztiz ona eta zenbait populazio arriskuan daudela proposatu izan da. Bernako Hitzarmeneko II Eranskinean (hertsiki babestutako fauna) zerrendaturik dago eta Espainiako Espezie Mehatxatuen Katalogoan "interes berezikoa" bezala dago sailkaturik. Eskinko bostatzaren mehatxu faktore nagusia habitataren asaldura da, bereziki kostaldeko populazioengan duena eragina.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Hayley A , Rose CA, Pulford E. 1987. Food consumption, thermoregulation and ecology ofthe skink Chalcides bedriagai. Herpetological Journal, 1: 144-153

Ceacero F, García-Muñoz E, Pedrajas L, Hidalgo A, Guerrero F. 2007. Actualización herpetológica de la provincia de Jaén. Herpetologia iberiarraren egoera: Lehen Herpetologia Kongressua Euskal Herrian. Munibe. 25. Eranskina

López Jurado LF, P Jordano, M Ruiz. 1978. Ecología de una población insularmediterránea del eslizón ibérico, Chalcides bedriagai (Sauria, Scincidae). Doñana, Acta Vertebrata, 5: 19-34

Gil M. 1992. Estudio de la comunidad de saurios de la vertiente meridional de la Sierra de Gredos. Doktoretza Tesia, Universidad de Salamanca. Salamanca

Galán P, Fernández-Árias G. 1993. Anfibios e réptiles de Galicia. Xerais de Galicia. Vigo

Pollo CJ. 2002. Chalcides bedriagai. Atlas y Libro Rojo de los Anfibios y Reptiles de España. Dirección General de Conservación de la Naturaleza-Asociación Herpetológica Española. Madrid

Sillero N. 2008. Chalcides bedriagai (Boscá, 1880). Atlas dos Anfíbios e Répteis de Portugal. Instituto da Conservaçao da Natureza e da Biodiversidade. Lisboa

Salvador A. 1974. Guía de los anfibios y reptiles españoles. Instituto Nacional para la Conservación de la Naturaleza (ICONA). Madrid

Galán P. 2003. Female reproductive characteristic of the viviparous skink Chalcides bedriagai pistaciae (Reptilia, Squamata, Scincidae) from an Atlantic beach in north-west Spain. Amphibia-Reptilia, 24: 79-85

Pollo CJ. 1997. Chalcides bedriagai (Boscá, 1880). Distribución y biogeografía de los Anfibios y Reptiles en España y Portugal. Monografíasde Herpetología, nº 3. Editorial Universidad de Granada y Asociación Herpetológica Española. Granada

Salvador A. 1997. Chalcides bedriagai (Boscá, 1880). Reptiles. Fauna Ibérica. Museo Nacional de Ciencias Naturales. CSIC.. Madrid

González de la Vega J. P.. 1988. Anfibios y Reptiles de la provincia de Huelva. Ertisa. Huelva
Egilea: | Sorrera: 2013/11/26 | Azken eguneraketa: 2014/01/05 | Bisita-kopurua: 2005 | Argazki nagusia: Javier Gállego

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...