Elur-lursagua
Chionomys nivalis

Ugaztunen, eta orokorrean animalien, artean banaketa geografiko berezia duen espeziea da honako hau, mendiguneei loturik baitago guztiz. Europako eta Ekialde Hurbileko mendietan soilik aurki daiteke karraskari txiki hau, eta Euskal Herrian ere Pirinioez gain, uren banalerroko mendigune gehienetan aurki daiteke.

Chionomys nivalis

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Rodentia
Familia
Cricetidae
Deskribatzailea
Martins (1842)
Estatusa
lc

Deskribapena

Tamaina ertaineko karraskaria da, 40-60 g inguruko pisuarekin. 9 eta 14 cm bitarteko gorputz-luzera izaten dute, eta buztanaren luzera gorputzaren luzeraren erdia izan ohi da, gutxi gorabehera. Ilajea dentsoa da, kolore aldakorrekoa da Bizkarraldea marroia edo marroi-grisaxka izan ohi da, eta sabelaldea argiagoa, gris-zurixka. 

Gainerako lursaguek baino bibote handiagoak dituzte, 40-50 mm izatera iritsi daitezkeenak. Belarriak luzeak eta ikusgaiak dira, ilajetik ateratzen baitira.

Banaketa

Europako hegoaldeko eta Ekialde Hurbileko mendiguneetan aurki daiteke. Pirinioak, Mazizo Zentrala, Alpeak, Apeninoak, Alpe Dinarikoak, Karpatoak, Anatolian, Anti-Libanoa eta Kaukaso dira mendigune nagusiak, baina entitate txikiagoko hainbat mendigunetan ere aurki daitezke isolaturiko populazioak (Mitchell-Jones et al. 1999).

Iberiar Penintsulan, Pirinioez gain, Kantabriar mendikatean eta Sistema Zentraleko mendietan ere aurki daiteke, eta Sierra Nevadan ere bada populazio isolatu bat.

Euskal Herrian, uren banalerroa ezartzen duen mendigune guztian aurki daiteke, inguruko kalkareoei lotuta, batik bat.

Chionomys nivalis Chionomys nivalis

Habitata

Europan altuera-hein zabalena duen ugaztun espeziea da, itsas mailatik (Kroazian) 4000 metroko altueraraino (Alpeetan) aurkitu baita (Krystufek & Kovacic, Zimmermann 1953).

Goi-mendiko harkaiztietan agertu ohi dira batez ere, eta landare-estaldura % 10 ingurukoa den egutera lehorrak hobesten dituzte. Pirinioetan 1300 eta 1900 metro bitarteko altueran ikus daitezke batez ere (Nappi 2002), baina Bizkaian 800-1000 metro inguruan ere aurki daitezke, Udalaitz mendian, esaterako.  

Gordeleku gisa, arrakalez eta arroka azpiez gain, gizakiak egindako mendiko txabolak eta harrizko hesiak ere erabil ditzakete (Janeau & Aulagnier 1997). Lurpean tunelak eraikitzen dituzte, eta horien sarrerak aurkitzea zaila izan ohi da, sarrerak arroken azpian egoten baitira. Lurpeko pasabideek hainbat kamera izaten dituzte, kumatzeko, janaria gordetzeko eta gorotzak pilatzeko, besteka beste (Janeau & Aulagnier 1997).



Habitat bereko espezie gehiago

Talpa europaea
Plecotus macrobullaris
Mustela nivalis
Bubo bubo
Aegolius funereus
Aquila chrysaetos
Myotis nattereri
Parnassius apollo


Elikadura

Espezie hertsiki herbiboroa da, eta landare-espeziearen arabera, haren zurtoina, hostoak, loreak, haziak edo sustraiak jan ditzake (Niethammer & Krapp 1982). Landare belarkaretaz elikatzen da normalean, eta gordeleku ingurura hurbiltzen dituzte inguruan jasotako landareak bertan lehortzera. Behin lehortutakoan, gordeleku barruan pilatzen dituzte (Hainard 1988).

Ugalketa eta ontogenia

Jaiotzeko sexu-ratioa orekatua da, baina emeak nekez iristen dira bigarren bizitza-urtera. Arrek, aldiz, 2 urteko bizi-luzetasuna izaten dute. Kumatze-garaia aldakorra izaten da ingurune geografikoaren eta altitudearen arabera, baina eme ernariak maiatzetik irailera arte aurkitu dira naturan (Janeau & Aulagnier 1997).

Ernaldiak 20-22 egun irauten du. Behin kumeak jaiotzean, 2-3 aste behar izaten dituzte gordelekutik ateratzeko. Kumaldia 1 eta 4 kume bitartekoa izan hi da, eta gazteen herena, gutxi gorabehera, ez da heldu izatera iristen (Janeau & Aulagnier 1997). 

Arrek urte oso bat behar izaten duten arren heldutasun sexuala lortzeko, udaren hasieran jaiotako eme batzuk gai izaten dira urtea amaitu aurretik kumaldi bat izateko (Leconte 1983).

Bizimodua

Animalia territorialak dira eta emeen eremuak (200 m2 inguru) ez dira normalean gainjartzen. Arren eremuak (350 m2 inguru), berriz, hainbat emerenak gainjartzen ditu (Nieder & Bocchini 1994). 

Aktibitate handiko animaliak izan ohi dira, eta egunez zein gauez aktibo egoten dira. Aktibitateak, gainera, urte osoan irauten du, eta euren eremuak elurrez estaltzean elurpeko tunelak sortzen dituzte. Altitude-migrazioak egiten dituztela ere ikusi da zenbait lekutan, nahiz eta horien luzera txikia izan.

Altitude baxuko populazioak sakabanatuagoak eta dentsitate txikiagokoak izan ohi dira. Altuera handian, aldiz, dentsitate altuko populazioak (20 ale/ha) ohikoak dira. Dentsitate baxuena udaberrian izaten da, neguan animalia asko hiltzen direlako, eta altuena, berriz, udazkenean (Nieder & Bocchini 1993).

Dentsitate-aldaketa txikiak, helduen biziraupen-tasak, ugalkortasun txikiak eta heldutasun sexuala lortzeko luzerak adierazten dutenez, gainerako lursaguak (Microtus generoa) baino k-estrategaagoak dira elur-lursaguak (Leconte 1983, Nieder & Bocchini 1993).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Ezer gutxi ezagutzen da espezieen arteko elkarrekintzaz. Sarrioek (Rupicapra pyrenaica) eta marmotek (Marmota marmota) jaten duten elikagai berberaz elikatzen dira.

Ektoparasito eta endoparasito asko ezagutzen zaizkie; tartean hainbat arkakuso, zorri eta akaro espezie (Beaucournu & Launay 1990).

Gainerakoan, elur-lursaguak hainbat animaliaren dieta-azterketetan agertu dira; hala nola, hontza handia (Bubo bubo), Tengmalm hontza (Aegolius funereus), hontza zuria (Tyto alba), belatxinga mokohoria (Pyrrhocorax graculus), azeria (Vulpes vulpes), erbiñude zuria (Mustela erminea) eta erbiñude arrunta (Mustela nivalis) (Kahmann & Halbgewachs 1962, Wagner & Springer 1970, Aulagnier & Rivière 1983,). Dena den, elur-lursaguaren presentzia espezie horien dietan oso ezohikoa da (500 harrapakinetik 1, gutxi gorabehera), bizi diren inguruneak babesteko aukera handia ematen baitie (Janeau & Aulagnier 1997).

Kontserbazioa

IUCN erakundearen arabera, kontserbazio-arazorik ez duen espeziea da. EAEko espezie mehatxatuen katalogoan Bakan gisa katalogaturik dago.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Wagner G, Springer M. 1970. Zur Ernährung des Uhus im Oberengadin. Onithol. Beob., 67: 77-94

Aulagnier S, Rivière P. 1983. Un campagnol des neiges, Microtus (Chionomys) nivalis (martins, 1842), en Dombes?. Bièvre, 5(1): 121-123

Nappi A. 2002. Vertical distribution of the snow vole Chionomy nivalis (Martins, 1842) (Rodentia, Arvicolidae) in Italy. Hystrix, 13(1-2): 42-52

Leconte M. 1983. Ecologie de Microtus (Chionomys) nivalis en milieu alpin.. Actes du VIIbme Colloque de Mammalogie, Grenoble, : 155-164

von Kahmann H, Halbgewachs J. 1962. Natürliche Feinde und Parasiten der Schneemaus Microtus nivalis (Martins), 1842. Z. Säugetirk, 27(2): 117-120

Zimmermann K. 1956. Die Schneemaus, ein Felsentore. Jahrb. Ver. Shutz. Alpenpflanzen Tiere, : 46-51

Janeau G, Aulagnier S. 1997. Snow vole - Chionomys nivalis (Martins 1842). Ibex - Journal of Mountain Ecology, 4: 1-11

Mitchell-Jones AJ, Amori G, Bogdanowicz W, Kryštufek B, Reijnders PJH, Spitzenberger F, Stubbe M, Thissen JBM, Vohralík V, Zima J. 1999. The Atlas of European Mammals. Academic Press. Londres

Niethammer J, Krapp F. 1982. Handbuch der Säugetiere Europas, Band 2: Nagetiere. Aula-Verlag. Wiesbaden

Krystufek B, Kovacic D. 1989. Vertical distribution of the Snow vole Microtus nivalis (Martins, 1842) in Northwestern Yugoslavia. Z. Säugetirk, 54: 153-156

Nieder L, Bocchini M. 1994. The home range of Microtus (Chionomys) nivalis (Rodentia: Muridae). Bolletino di Zoologia, : 56
Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2012/01/30 | Azken eguneraketa: 2014/08/22 | Bisita-kopurua: 2141 | Argazki nagusia: Mustafa Sözen

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...