Lursagu lusitaniarra
Microtus lusitanicus

Lursagu lusitaniarra lurrazpiko bizimodura moldatutako mikrougaztuna da. Nahiz eta batzuetan lurzoruan sortutako lur mendixkek agerian uzten duten bere presentzia, oro har oharkabean pasatzen den espeziea da.

Microtus lusitanicus

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Rodentia
Familia
Cricetidae
Deskribatzailea
Gerbe, 1879
Estatusa
lc

Deskribapena

Tamaina txikiko karraskaria da, 77.5-105.0 mm-ko gorputza eta 17.0-30.0 mm-ko isats motza duena. Belarriak nahiko txikiak ditu, 6.5-10.0 mm-koak eta hankak 13-16 mm neurtzen dute. Lursagu hau 14.0-19.0 g-ko pisua izatera irits daiteke.  Animali honen morfologiak, buru handia, mutur borobildua, begi txikiak eta gorputz zilindrikoa besteak beste, bere ekologiaren isla argia dira. Izan ere, animalia lurrazpiko bizitzara moldatuta dago. Oro har gorputzaren kolorea grisa da alde bentralean eta argituz edo tonalitate marroiagoa hartuz joaten da alde dortsalean. Isatsak ere kolore desberdinak izaten ditu argituz baitoa alde dortsaletik bentralerantz. Batzuetan  gorputzaren alboetan erreflexu argiagoak izaten ditu. Ez da dimorfismo sexualik deskribatu kolorearen aldetik baina gazteek orokorki gris ilunagoak izaten dituzte helduek baino. Bi ugatz inginal pare dituzte eta hortz formula 1.0.0.3/1.0.0.3 da.
Banaketaren arabera, koloreak aldakortasuna daukala ikusi da  espezie honetan.  Altura handietan edo eremu hezeetan bizi direnak  ilunagoak dira. Eremu epelagoetan aldiz, zuloak sakontasun handiagoan eraikitzen dituztenez sendoagoak eta tamaina handiagokoak dira eremu hotzetakoak baino. Hau erlazionatuta egon daiteke deskribatu diren bi subespezierekin:  M.l. mariae, penintsulako ipar-ekialdeko eremu hezeetan deskribatutako espezie txikia eta M.l.lusitanicus, eragin mediterranearra duten hegoaldeko eremuetan deskribatutako tamaina handiagoko espeziea. Iberiar penintsulan M.l.pelanclonius eta M.l. planiceps subespezieak ere deskribatu dira.

Antzeko espezieak

Microtus duodecimcostatus
Microtus duodecimcostatus

Orokorrean Microtus duodecimcostatus Microtus lustanicus baino zertxobait sendoagoa da. Premaxilarra irtenagoa du M. duocecimcostatusek, beraz, mutur luzeagoa izango du. Gainera, M. lusitanicusen isatsa kolore bikoa izango da, argiagoa alde dortsalean eta ilunagoa bentralean, eta M. duodecimcostatusena aldiz guztiz grisa da.

Banaketa

Europan Iberiar penintsularen ipar-mendebaldean eta Frantziako hego-mendebaldeko muturrean agertzen da (Corbet 1978). Iberiar penintsulan ekialdeko banaketa-muga Nafarroa eta Huescan kokatzen da; hortik Errioxa, Soria eta Guadarramara, zein Gredos eta Gatako mendilerroetara jaisten delarik (Palomo 1999). Portugalen, Serra da Estrelatik sartu eta Setubalera arte iristen da, Lisboatik hegoaldera. Euskal Herrian, Arabako hegoaldean eta Nafarroako erdialdetik behera izan ezik beste eremu guztietan aurkitu daiteke.

Microtus lusitanicus Microtus lusitanicus

Habitata

Habitat oso dibertsotan agertzen da; naturaletan, erreka txikietako ertz, gaztainondo baso eta hariztietan besteak beste, zein laborantza lurretan ere (patata, azenario, arroz eta  fruta arbolen landaketetan). Lurzoru bigun, heze eta landaretza askoko eremuek mugatuko dute lursagu honen agerpena, itsas mailatik 2000 m-ra arte, Gredosko mendilerroan eta Piriniotan (Palomo & Gisbert 2002).



Habitat bereko espezie gehiago

Nyctalus noctula
Sus scrofa
Meles meles
Myotis bechsteinii
Hyla molleri
Garrulus glandarius
Apodemus flavicollis
Nyctalus leisleri


Elikadura

Espezie herbiboroa da eta geofitoetan oinarritutako dieta nahiago izaten du. Elikagaien hautespena belarraren bizi-zikloaren araberakoa izango da. Hazten ari denean, negu-udaberrian, hosto eta zurtoin txikiak jaten ditu eta udazken-udaran aldiz, Obalix pes-caprae eta Cyperus sp.-ren erraboilak, Avena sterillis-en haziak eta beste landare batzuen errizoma eta tuberkulo txikiak gehitzen ditu dietara. Beste zenbait landare ere jan ditzake, hala nola,  Poa annua, Cynodon dactylon, Medicago nigra, Beta vulgaris, Lupinus sp., Trifolium sp. eta Aegilops sp. (Mathias 1982).

Ugalketa eta ontogenia

Ugalketa baldintza klimatiko eta elikagaien aberastasunak mugatuko du. Baldintzak egokiak direnean, lursaguak aktibo mantentzen dira urte osoan. Hegoaldeko populaziotan, urtaro lehorreko belar freskoaren eskasiak, ugalkortasunean murrizketa eragingo du udaran.  Emeak bost astetan lortzen dute heldutasun sexuala eta arrek pixka bat beranduago, zazpi astetan. Kumaldi bakoitzeko enbrioi kopurua aldakorra da, 1-5 artean, nahiz eta oro har 2-3 izaten diren.  Kumeak biluzik eta itsu jaiotzen dira eta gutxi gora behera 1.5 g pisatu eta 15 mm neurtzen dute. Ilajea, jaio eta hiru egunetara hasten da eta bi astetan helduen itxura bereko animalia txiki bilakatzen dira. Gatibuan daudenean ikusi da araldi garaia dutela, ernaldiak 22-24 egun irauten dituela eta 28 egunetik behin erditzen dutela.

Bizimodua

Ez dago populazioen dinamikaren inguruko ikerketarik habitat naturaletan. Fruta-arbolen landaketetan ohiko dentsitateak 100-200 ale/ha izaten dira, baina baldintza egokietan 300 ale/ha-ko dentsitatea gainditu dezake (Palomo & Gisbert 2002).
Animalia honen antolaketa soziala ere ez dago oso ikertua. Beste zenbait lursagu espezietan bezala taldetxo txikietan antolatzen dela uste da, ugal-bikote bat eta adin desberdinetako gazteak osatzen dutena (Almaga 1973). Animalia induskatzailea da eta sortzen dituen galeriak funtzio desberdinak dituzte; lurrazaleakoak (15 cm-tarainoko sakontasunekoak), elikadurarako zein harraparietatik alde egiteko bideratzen dira, eta tunel sakonagoak berriz (40 cm bitartekoak), elikagaien metaleku eta habiak izateko. Landaredi askoko eremuetan edota lurzoruaren ezaugarriek zuloak egiten uzten ez dutenean, lurrazalean bizi daitezke, habiak harri txiki edo landare artean sortzen dituztelarik (Mathias 1999). Espezien presentzia belar artean uzten dituzten arrastoengatik edo induskatu ondoren geratzen diren lur mendixkengatik behatu daiteke.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Hontz zuriaren (Tyto alba) eta Urubiaren (Strix aluco) harrapakin ohikoa da, baita karniboro txiki eta ertain askorena ere.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Mathias M.L.. 1999. Morphology of the incisors and the burrowing activity of Mediterranean and Lusitanian pine voles (Mammalia, Rodentia). Mammalia, 54: 301-306

Palomo L. J.. 1999. Microtus lusitanicus. In: A. J. Mitchell-Jones, G. Amori, W. Bogdanowicz, B. Kryštufek, P. J. H. Reijnders, F. Spitzenberger, M. Stubbe, J. B. M. Thissen, V. Vohralík and J. Zima (eds), The Atlas of European Mammals, Academic Press. London, UK

Madureira M.L.. 1982. New data on the taxonomy of portuguese Pitymys. Arq.Mus. Bocage Ser. A, I: 341-368

Almaga C.. 1973. Sur la structure des populations des Pitymys iberiques. Rev. Facult. Cienc. Lisboa,, 17: 383-426

Palomo LJ, Gisbert J. 2002. Atlas de los mamíferos terrestres de España. Dirección General de Conservación de la Naturaleza. SECEM-SECEMU. Madrid

Corbet G.B. 1978. The Mammals of the Palaearctic Region: A Taxonomic Review, British Museum (Natural History). Cornell University Press, London and Ithaca, NY, :
Egilea: | Sorrera: 2012/12/23 | Azken eguneraketa: 2013/03/12 | Bisita-kopurua: 1640 | Argazki nagusia: Javier Grijalbo

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...