Sarrioa
Rupicapra pyrenaica

Sarrioa ugaztun artiodaktiloa da, bobidoen familiakoa. Euskal Herrian Nafarroako goimendietan bakarrik azaltzen den arren, Piriniotan hedatzen ari da. Kaprinoen subfamiliakoa da eta beraz ahuntz baten antza du, baina txikiagoa eta lirainagoa da. Europako eta kaukasoko gainerako mendiguneetan aurki daitekeen espeziea da, taldetan bizi ohi dena eta goi-mendietako larreetan bazkatzen dena.

Rupicapra pyrenaica

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Cetartiodactyla
Familia
Bovidae
Deskribatzailea
Bonaparte, 1845
Estatusa
lc

Deskribapena

Arrek eta emeek kako formako adarrak dituzte, baina arrenak lodiagoakdira eta punta aldean itxiagoak. Burua eta eztarria argiak dira, begiak estaltzen dituen maskara itxurako orban beltz batekin. Gorputzaren kolorea marroi iluna da bizkarraldean, bularrean, hanketan eta saihetsetan, eta argiagoa ipurtaldean eta sorbaldetan. 1,1-1,3 m-ko luzera du; isatsa laburra izaten da, 4cm ingurukoa. Jaioberritan 2 kg inguru pisatzen dute; heldutasunean 40 kg pisatzera iristen dira arrak, eta emeak normalean ez dira 30 kg-tik pasatzen.

Banaketa

Sarrioa Kaukasotik hasi eta Europa atlantikoraino banatuta dago, eta Europako mendikate gehienetan aurkitzen da. Iberiar Penintsulan bi nukleo nagusi daude: pirenaica subespeziea Piriniotan eta parva subespeziea Kantauriar mendilerroan. Euskal Herrian, Nafarroaren ekialdeko erpin altuenetan, eta Zuberoako eta Behe Nafarroako isurialde piriniarrean aurkitzen da. Nafarroakoak subespeziearen mendebaldeko muga dira.

Habitata

Basoen eta basoak baino goragoko larreen arteko mugan mugitzen dira. Udaberrian, elurra urtuz doan heinean, altitudean gora mugitzen dira elur orbanen artetik agetzen den belarraz elikatzeko. Udan bizi dira altitude maximoan, ganadu-taldeen kokapenaren gainetik. Neguan haizearekiko babesa duten mendialdeak hautatzen dituzte. Ehiza jarduera mantentzen den lekuetan gizakia ibiltzen den inguruak saihesten dituzte, baina parke naturaletan eta beste eremu babestuetan giza jarduerara ohitzen dira. Ihesbideen hurbiltasuna gustatzen zaie, harkaitzena edo basoena normalean.



Habitat bereko espezie gehiago

Talpa europaea
Plecotus macrobullaris
Mustela nivalis
Bubo bubo
Aegolius funereus
Aquila chrysaetos
Myotis nattereri
Parnassius apollo


Elikadura

Udan beren denboraren zati handia ematen dute jaten sarrioek. Gutxi mugitzen dira eta atseden asko hartzen dute. Horrela udan pisu dexente irabazten dute eta honek erreserbak ematen dizkie neguan bizirauteko. Espezie belarkarak egurtsuak baino gehiago hautazen dituzte, baita basoan dabiltzanean ere. Elurrak neguan larreak estaltzen dituenean soilik hasten dira sarrioak espezie egurtsu gehiago jaten. Baldintza hauetan koniferoak, erikazeoak eta elurretatik gailentzen diren beste zuhaiska batzuk jaten dituzte, eta tokiko sarrio dentsitatea altua denean kalteak eragin ditzakete basoko espezieetan.

Ugalketa eta ontogenia

Araldia azaroan hasten da. Urtea bakarrik pasa duten ar nagusiak eme taldeetara bilduko dira orduan, eta bertan arrik bada, eta aurre egiten badio iritsiberriari, borroka egingo dute eme taldearekin nor geratzen den erabakitzeko. Galtzaileak ihes egin beharko du taldea utziz. Borroka hauetan sabelean ere jotzen dizkiete kolpeak elkarri, eta hemen ikusten da zeinen garrantzitsua den adarren kako forma, bestela zauri larriak egingo lizkieke elkarri.

Kume bakarraz erditzen dira, oso arraroa bi kume izatea. 2 kg-rekin jaiotzen dira. Taldeen ugalkortasun tasa altua da (%70 - 80) eta gorabehera askokoa lekuaren eta urte sasoiaren arabera. Kumeen heriotza tasa altua lehen bizitza urtean, eta honek populazioak oso motel haztea eragiten du.

Lehenengo bizitza urtean %40 - 50eko heriotza-tasa dute, eta urte 1 eta 2 artean %10 - 40koa. Heldutasunean heriotza-tasa baxuak dituzte. Bizi-itxaropen altua dute, 20 urteak gaindi ditzakete. Hazten ari diren populaziotan 2 urteko emeen proportzio altu bat ugalkorra da; egonkortutako populaziotan aldiz ez dira ugalkorrak izaten 3 - 4 urterarte. Ez dira seneszentzian sartzen 11 - 13 urterarte.
 

Bizimodua

Eguneko jarduera dute. Talde desberdinak osatzen dituzte, baina talde egonkor bakarra ama eta kumearen artekoa da, bizitzako bigarren urteraino iraun dezake. Batera migratzen duten taldeak ere ikusi dira, baina ez dute luzaro irauten elkarte hauek. Emeen talde handitan “haurtzaindegi” izeneko egiturak ikusi dira, sarrio kumeak batera jarrita eta inguruan helduak hauek ikuskatzeko. Dentsitate altuek eme talde handiak eta ar taldeak egitea faboratzen dute, eta inguru basotsuek talde txikiak egitea; baina honetan ere ikusi dira salbuespenak.

Arrak eta emeak bereizita egoten dira araldian izan ezik. Joera lurraldekoiak ere ikusi dira 

Espezieen arteko elkarrekintzak

Sarrioak beste ungulatu basatiekin eta etxe-abereekin leihatzen du bazkagatik, baina ez du talde mixtorik osatzen hauekin. Sarrioa helduak ehiza ditzaken espezie bakarra otsoa da, baina kumeak azeriaren eta arrano beltzaren harrapakin ere izan daitezke.

“Queratoconjuntivitis”-a da azken urteetako epizootia zabalduena sarrioen artean. Zornadurak eragiten ditu begien inguruan, eta guztiz itsu utzi dezake animalia. Oso kutsakorra den arren patogenizitatea ez da oso altua. Pasteurella multocidak eragindako pneumonia ere gaixotasun ohikoa da, heriotzak eragin ditzake kume eta gazteen artean. 

Kontserbazioa

Sarrioaren egoera nahiko ona da, banako ugariko taldeak daude eta piriniotako talde batzuk zabaltzen ari direla ikusi da.  

Argazkiak

Sarrioa harkaitz artean
Antton Alberdi ( 2011/05/11 )
Sarrio bikotea adi
( 2009/11/01 )
Pirinioetako jaun eta jabe
( 2009/11/01 )
Esteka interesgarriak


Bibliografia


Pérez-Barbería F.J., García-González R., Palacios B.. 2010. Rebeco – Rupicapra pyrenaica. En: Enciclopedia Virtual de los Vertebrados Españoles.
Egilea: | Sorrera: 2012/01/09 | Azken eguneraketa: 2014/08/21 | Bisita-kopurua: 2370 | Argazki nagusia: Antton Alberdi

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...