Satain piriniarra
Microtus gerbei

Satain piriniarra (Microtus gerbei) Cricetidae familiako karraskari espezie bat da. Duela urte batzuk arte, Pitymis generoan sartzen zuten baina gaur egun subgenero mailara jaitsi dute.

Microtus gerbei

Phyluma
Animalia
Klasea
Mammalia
Ordena
Rodentia
Familia
Cricetidae
Deskribatzailea
Gerbe, 1879
Estatusa
lc

Deskribapena

Gorputz luzeko, 94.0-104.5 mm, eta mutur labur eta borobilduko animalia da. Hanken luzera 15.0-16.0 mm-koa da  eta isats nahiko motza izaten du,  27.5-3.0 mm tartean. Begiak erlatiboki txikiak ditu gainontzeko Pitymys subgenerokoak ez diren Microtus-ekin konparatuz. Belarriak ere txikiak dira 7.5-8.5 mm-koak eta ilajean barneratuta izaten ditu, M. duodecimcostatus-ek baino gehiago. Oro har, 18.0-24.0 g artean pisatzen dute animalia hauek. Ezaugarri guzti hauek lurrazpiko bizitzara moldatutako animalia dela adierazten dute, hau da, induskatzailea dela.

Ilajearen kolorea marroixka da, gorrixkagoa alde dortsalean eta grisaxkagoa alde bentralean. Isatsean ere kolore desberdinak bereiz daitezke, alde dortsalean ilunagoa eta bentralean berriz, argiagoa. Bi ugatz inginal izaten ditu eta kranioa txikia, itxura ahulekoa eta sistematikan erabili daitezkeen ezaugarri bereizgarririk gabea da.Haginak hipsodontoak, hazkuntza jarraitukoak eta sustrai irekikoak dira. Beheko baraileko intzisiboak luzeak dira baina ez dute inongo egitura aldaketarik sortzen goiko barailean. Espezie honen hortz formula 1003/1003 da.

Banaketa

Banaketa nahiko mugatu du, mediterranear ezaugarririk gabeko eremuetan bakarrik aurkitzen delarik. Microtus gerbei espezie endemikoa da Mediterraneoaren mendebaldean, Iberiar penintsularen iparraldean eta Frantziako hego-ekialdean (Shenbrot & Krasnov 2005).  Itsas mailatik  Pirinioetako 2000 m-taraino bizi daiteke (Palomo 1999). Euskal Herrian  Nafarroa hegoaldean izan ezik beste lurralde guztietan aurkitu daiteke.

Microtus gerbei Microtus gerbei

Habitata

Espezie honek mendi baldintzak behar dituen arren, ez dago eremu horietara latitudeagatik eta altitudeagatik mugatuta, faktore klimatikoengatik baizik. Urteko bataz besteko tenperatura 15-16º C baino altuagoa duten lekuetan ez da agertzen eta prezipitazio kopurua baldintza oso garrantzitsua denez, 1000 mm urtean baino gutxiagoko eremuetan ere ez da agertzen (Palomo & Gisbert 2002). Batez ere basoen soilguneetan, labore-larretan eta larre subalpinoak dituzten basoen ertzetan bizi da. Piriniotan Pinu beltz, Urki eta Pago basoen soilguneetan agertzen da 800-2000 m artean. Sastrakadietan, mendietako erreken ertzeko landaredian edo  larreen ertzeko harrizko hormetan ere agertu daiteke noiz behinka. M. duodecimcostatus, M.lusitanicus eta M. gerbei espezieek eratzen dituzten zulo eta galeria sistemak aztertuz elkarrekin bizi diren eremuetan, zenbait egitura bereizgarri aurkitu dituzte, espezieak harrapatu gabe desberdintzeko aukera ematen dutena.



Habitat bereko espezie gehiago

Sus scrofa
Ursus arctos
Parnassius apollo
Chionomys nivalis
Rupicapra pyrenaica
Tadarida teniotis
Garrulus glandarius
Glis glis


Elikadura

Animalia hauen elikatze ohituren inguruan ez dago informazio handirik. Herbiboroak dira eta batez ere hostoak eta dikotiledoneoen zurtoinak jaten dituzte.

Ugalketa eta ontogenia

Ugalketari buruzko datuak nahiko bakanak dira. Nafarroako piriniotan urte guztian aurkitu dira sexualki aktibo diren arrak, baina proportzio desberdinetan, udaberrian %100 izatetik neguan %25 izatera pasatzen baitira. Emeetan ugalkortasunak urtarokotasun markatuagoa dauka, sexualki aktibo dauden emeen portzentaje altuenak apiril eta azaro bitartean izanik eta baxuenak urtarriletik martxora bitartean. Elikagaien eskuragarritasuna da ugalkortasuna baldintzatzen duen faktore garrantzitsuenetako bat. Iberiar penintsulan kumaldia erlatiboki txikia da, 2-3 kume bitartean, balio baxuenak udan agertzen dira.

Bizimodua

Ez dago informazio handirik animalia honen populazioen inguruan. Dentsitateak emendatzeko joera dauka mediterranear influentzia duten eremuetatik eurosiberiarretara mugitu ahala. Frantzia erdialdeko eremuetan 100 ale/ha erregistratu dira (Palomo 1999) baina Iberiar penintsulan aldiz, populazioak txiki, isolatu eta lokalizatuak dira. Populazio frantsesen kontrara, piriniotakoak epigeoagoak dira (Giannoni et al. 1993). Kolonia txikietan bizi dira Pitymys subgeneroko beste animaliak bezala. Nafarroan sexuen banaketa orekatua da, nahiko orokorra horrelako animalietan. Seguruenik parekamendu monogamo fakultatiboa edo poligamoa izango dute eta ahaidetasunik gabeko indibiduo helduak nahiko oldarkorrak dira elkarren artean. M. duodecimcostatus eta M. lusitanicus-ekin agertzen den lekuetan mikrohabitat konkretuetan agertzen dira, adibidez, landaretza dentsoa eta lurzoru sakonak dauzkaten zonak.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Harrapari gehienak karniboro txiki eta ertainak dira, basoetakoak gehien bat. Hegoaldeko banaketetan harrapari ohikoa izaten da hontz zuria (Tyto alba).

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Giannoni S.M., Borghi C.E., Martinez-Rica J.P.. . Swimming ability of the fossorial iberic vole (Microtus (Pitymys) lusitanicus) (Rodentia: Microtinae). Mammalia, 57: 337-340

Palomo L. J.. 1999. Microtus gerbei. In: A. J. Mitchell-Jones, G. Amori, W. Bogdanowicz, B. Kryštufek, P. J. H. Reijnders, F. Spitzenberger, M. Stubbe, J. B. M. Thissen, V. Vohralík and J. Zima (eds), The Atlas of European Mammals, Academic Press.. London

Shenbrot G. I., Krasnov B. R.. 2005. An Atlas of the Geographic Distribution of the Arvicoline Rodents of the World (Rodentia, Muridae: Arvicolinae). Pensoft Publishers. Sofia

Palomo LJ, Gisbert J. 2002. Atlas de los mamíferos terrestres de España. Dirección General de Conservación de la Naturaleza. SECEM-SECEMU. Madrid
Egilea: | Sorrera: 2012/12/13 | Azken eguneraketa: 2013/03/12 | Bisita-kopurua: 1827 | Argazki nagusia: Agustin eta Jaime Ruiz

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...