Erbinudea
Mustela nivalis

Erbinudea karniboroen ordeneko espezierik txikiena izan arren, ehiztari bikaina. Iberiar Penintsulan ilajea ez zaio aldatzen neguan, baina latitude altuagoetan, kolore zuria hartzen du urteko hilabeterik hotzenetan. Mundu osoan espeziea 10 subespezietan banatzen dela adostua dago, baina azterketa filogenetiko berrienek erbinudearen taxonomian aldaketak ekarriko dituzte datozen urteetan.

Mustela nivalis

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Carnivora
Familia
Mustelidae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1766
Estatusa
lc

Deskribapena

Erbinudearen ilea motza da, marroi argia alde dortsalean eta zuria bentralean, bi koloreak lerro zuzen batek banatzen dituelarik. Gorputza luzanga, buru estua, lepo luzea eta hanka motzak ditu. Buztana motza dela esan daiteke, gorputzaren % 30eko luzera eduki ohi baitu. Oinak zuriak edo kolorazio dortsalekoak izan daitezke. Dimorfismo sexual nabarmeneko espeziea da: arrek 92 – 263 g-ko pisua eta, buztana barne, 223 - 356 mm-ko luzeera izaten dute, eta emeek berriz 65 – 90,5 g-ko pisua eta 220 – 270 mm-ko luzeera.

Antzeko espezieak

Erbinude zuria (Mustela erminea)

Formaz oso antzekoak diren arren, erbinude zuria handiagoa da. Erbinude zuriaren buztan puntako orban beltza ere ezaugarri ona da bi espezieak desberdintzeko. Gure latitudean erbinudearen ilajea ez da aldatzen neguan, marroia da urte osoan zehar, beraz, neguan mustelido txiki zuri bat ikusten badugu, erbinude zuria izango da zalantzarik gabe.


Lepazuria (Martes foina) eta lepahoria (Martes martes)

Lepahori eta lepazuriaren azpialdeko orbana lepo ingurura mugatzen da, erbinude zuriarena, aldiz, azpialde osoan zabaltzen da.

Banaketa

Banaketa Holartikoko espeziea da. Europan, Islandian eta Irlandan ezik beste toki guztietan bizi da, nahiz eta Mediterraneoko zenbait irlatan (Mallorca, Menorca, Sardinia, Korsika, Sizilia eta Kreta) topa daiteken iraganean gizakiak bertara eraman izanagatik.

Mustela nivalis Mustela nivalis

Habitata

Habitata mikrougaztunen ugaritasunaren arabera aukeratzen du. Itsas mailatik 2.500 metrora aurki daiteke, baso irekietan, landa-lurretan, baserri inguruetan, zelaietan, ibaiertzeko basoetan eta goi-mediko larretan bizi da. Belar estaldura proportzio altuko habitatak aukeratzen ditu, harrapakinen ugaritasun handiagoarekin eta predatzaileekiko babesarekin erlaizionatuta.



Habitat bereko espezie gehiago

Myotis myotis
Tadarida teniotis
Rupicapra pyrenaica
Chionomys nivalis
Parnassius apollo
Vulpes vulpes
Myotis blythii
Sus scrofa


Elikadura

Erbinudea hertsiki karniboroa da eta mikrougaztunen ehizan espezialista, baina dietaren konposaketa zehatza tokiko harrapakinen dibertsiatearen araberakoa da. Harrapakinak garezurraren oinarriraino iristen den garondoan egindako hozkada batez hiltzen ditu. “Superplus killing” portaera duela esaten da, hau da, harrapakinen mugimenduei erantzuten die eta aseta egon arren, ahitu arte hil dezake.

Mikrougaztunak urriak direnean untxi, hegazti eta arrautzez elika daiteke. Noizean behin intsektuak, narrastiak, anfibioak, zizareak eta sarraskia era jaten ditu.

Ugalketa eta ontogenia

Ezarpen atzeratua gertatzen ez den mustelido bakarretakoa da erbinudea. Araldiaren maximoa udaberrian da eta kumeak, 4-8 inguru, 35 eguneko ernaldiaren ostean jaiotzen dira. Edoskitzeak 7 aste irauten ditu eta 2. edo 3. hilabetean gazteak independizatu arren, heldutasun sexuala aste batzuk beranduago eskuratzen dute. Harrapakinen eskuragarritasunaren arabera, urtearen gehiengoan mantendu daiteke sexualki aktibo eta urtean bi kumaldi izatera irits daiteke.

Bizimodua

Erbinudea animalia lurraldekoaia eta bakartia da. Kumeak jaio eta bi hilabetera amarengandik banantzen dira eta indibiduo bakoitzak bere lurraldea aktiboki defendatzen du. Arren lurraldeak handiagoak dira, eta zenbait emeren lurraldeak barneratzen ditu. Araldian mugak malguagoak dira, eta arrak eme bila beren lurraldetik atera eta urrundu egiten dira. Erbinudea egun guztian zehar mantetzen da aktibo, mugimendu eta deskantsu tarteak txandakatuz. Neguan ez du lozorrorik egiten baina udaberrian emeek aktibitatea jeisten dute ernaldian zehar energia aurrezteko.

Karraskariek edo beste ugaztun txikiek egindako zuloak erabiltzen dituzte gordeleku moduan, baita eroritako enborrak, harrizko paretak... ere.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Tamaina txikikoa izaki, zenbait hegazti harrapariren ehizakia da erbinudea, hala nola zapelatz arrunta (Buteo buteo), hontz zuria (Tylo alba) eta Hontz handia (Bubo bubo). Azeria eta etxe-katuaren harrapakina ere bada. Harraparien aurkako estrategia modura, erbinudeak usai desatsegin bat ekoizten du uzki ondoko guruinetan, eta mehatxatua sentitzen denan askatu.

Erbinudearen eta erbinude zuriaren lurraldeak egokitzen direnean, harrapakin nahikoa badago, elkarrekin bizitzen dira, eta, erbinudeak harrapakin txikiagoak ehizatzen ditu.

Bielorrusian egindako ikerketa batean (Sidorovich et al. 2008) erbinudeak eta erbinude zuriak mikrohabitat desberdinak erabiltzen dituztela ondorioztatu zuten: lehenengoak basoak eta baso-ertzak hautatzen ditu eta egunean zehar da aktiboagoa; bigarrenak, aldiz, gune irikiagoak eta padurak aukeratzen ditu eta egunsenti, ilunabar eta gauean da aktiboagoa.

Kontserbazioa

Ratizidek eragindako pozoidura sekundarioari sentikorra da erbinudea. Mehatxatuta egon ez arren, penintsula ipar-ekialdeko populazioak erregresioan daude. Beherakadaren kausa ez da zehazki ezagutzen, baina arrazoiak ondorengoa direla suposatzen da: habitataren suntsipena, harrapakinen eskuragarritasun txikiagoa, bisoi amerikarraren agerpena eta ratizida eta beste pozoien eragina.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Palomo JL, Gisbert J, Blanco C. 2007. Atlas y Libro Rojo de los Mamíferos Terrestres de España. MMA. Madrid

Palazón S. 2012. Comadreja – Mustela nivalis. Enciclopedia Virtual de los Vertebrados Españoles, :

Sidorovich VE, Polozov AG, Solevej IA. 2008. Niche separation between the weasel Mustela nivalis and the stoat M. erminea in Belarus. Wildlife Biology, 14: 199 - 210
Egilea: | Sorrera: 2013/01/24 | Azken eguneraketa: 2013/12/26 | Bisita-kopurua: 2527 | Argazki nagusia: nvizsla

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...