Triku arrunta
Erinaceus europaeus

Trikua espezie arrunta da Euskal Herrian. Urte osoan zehar (bereziki aktibo dagoenean), ohikoa izaten da espeziea baso, errepide zein sastrakadietan begiztatzea. Horregaitik, nahiz eta populazioen joera ezezaguna izan, trikuaren kontserbazio egoera ona dela esan dezakegu.

Hala ere, trikua, errepideetan eraso gehien jasaten duen espezietariko bat da. Izan ere, ibilgailuen harrapaketak espeziearentzat arrisku faktore garrantzitsuenetariko bat kontsideratzen dira.

Erinaceus europaeus

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Erinaceomorpha
Familia
Erinaceidae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1758
Estatusa
lc

Deskribapena

Espezie honen itxura guztiontzat ezaguna da. Trikuak gorpuzkera potoloa eta hanka motzak ditu. Bere muturra luzea da eta begi beltz eta borobilak ditu.

Tamaina bereko beste ugaztunek ez bezala, trikuak bizkarraldean arantza arreak daramatza, harraparietatik babesteko balio diotenak. Arantza hauen luzeera 2-3 cm-koa da eta banako bakoitzak 16000 arantza inguru izan ohi ditu bere bizkarralde osoa estaltzen. Gainerakoa, muturra eta hankak ile arrez estalita daude. Sabelaldean aldiz, ile zuria du.

Trikua, arriskuan sentitzen den momentuan, sabelaldeko muskuluak uzkurtuz, arantzaz beteriko bolatxo bat bilakatzen da.

Gorputzaren luzeera burutik buztaneraino 290 mm-koa da. Orokorrean, emeak arrak baino zertxobait handiagoak izaten dira.

Banaketa

Trikua, Europa mendebaldean eta erdialdean bizi da. Bere banaketa eremu naturala, Polonia, Austria, Txekiar Errepublika eta Eslovenia arte iristen da. Hortik aurrera, beste triku espezie europar bat nagusitzen da Erinaceus concolor.

Espezie hau Iberiar penintsula osoan zehar zabaltzen da. Kanariar eta balear irletan ez dago.

Euskal Herrian ere banaketa orokorra du.

Erinaceus europaeus Erinaceus europaeus

Habitata

Trikua baso, laborantza lur, sastraka zein landazabaletan bizi daiteke; ez dago beraz, habitat konkretu batera lotuta. Hala ere, oso animalia lotsatia denez, babesa erraz aurki dezakeen eremuak nahiago ditu. Ondorioz, baso eta bereziki landazabaletan ugariagoa da, bertako hesiak gustoko baititu aterpe eta gordeleku gisa.

Eremu erdi-urbanizatuetan ere aurki daiteke (lorategietan).



Habitat bereko espezie gehiago

Rana temporaria
Salamandra salamandra
Rana dalmatina
Talpa europaea
Dendrocopos minor
Motacilla cinerea
Fringilla coelebs
Erithacus rubecula


Elikadura

Trikuaren elikadura, intsektu eta lur-zizaretan oinarritzen da. Noiz edo noiz, bere dietari beste harrapakin batzuk gehitzen dizkio: ornodun txikiak (txitak, karraskarien kumeak..) hegaztien arrautzak, fruituak...

Esaten da, sagar ugari dagoen eremuetan, trikua lurrean iraulkatu egiten dela sagarrak bere arantzetara itsatsi eta berekin eramateko.

Ugalketa eta ontogenia

Ugalketa garaia apiriletik abuztura luzatzen da. 35 eguneko kumaldiaren ondoren, 5-6 kume izaten dituzte. Kumeak itsuak jaiotzen dira eta bi aste barru begiak irekitzen dituzte. Lehenengo urtean, heriotza arriskua handia da (% 70), behin hori pasata 4-5 urte bizi ohi dira. Urte batekin heldutasunera iristen dira.

Bizimodua

Trikuak, animalia negutarrak dira. Azarotik martxora hibernatu egiten dute eta gainerako hilabeteetan aktibo mantentzen dira. Noizbehinka, hibernazioa bertan behera utzi dezakete, tenperatura aldaketen ondorioz edo beren loalditik esnarazten badiete. Horregaitik, batzuetan udazkena amaieran eta neguan zehar animalia hau begiztatzeko aukera izaten dugu.

Aktibo mantentzen den hilabeteetan zehar, trikua espezie gautarra da.

Gainerakoan, aniamalia bakartia da baina lurraldekotasunaren aldetik tolerantea. Lurraldearen tamaina 20-30 h-akoa izaten da arrentzat eta 10 h-koa emeentzat. Trikua ez da oso espezie oldarkorra; halare, batzuetan arren artean borrakak eman daitezke.

Trikuek, kabiak eraikitzen dituzte hibernazio eta ugalketa garairako.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Hontz handia (Bubo bubo) triku arruntaren harraparietako bat da; hala ere, espezi hau ez da oso harrapakin arrunta gainerako haragijaleen artean.

Kontserbazioa

Populazioen joera EAE-an ezezaguna da, dena den, aipamen ugariek espeziea arrunta dela adierazten dute.

Jakina da, ibilgailuen harrapatzeak espeziearen heriotza faktore garrantzitsuak direla. Halabaina, ez dakigu zein den faktore honen eragina populazioen egoeran.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


. . IUCN Red List. www.iucnredlist.org (2011/11/30)

Larrañaga J. 1996. Euskal Herriko fauna (ornodun lehortarrak): anfibioak, narrastiak, hegaztiak, ugaztunak. Elhuyar Kultur Elkartea.

Palomo JL, Gisbert J, Blanco C. 2007. Atlas y Libro Rojo de los Mamíferos Terrestres de España. MMA. Madrid

Palomo LJ, Gisbert J. 2002. Atlas de los mamíferos terrestres de España. Dirección General de Conservación de la Naturaleza. SECEM-SECEMU. Madrid
Egilea: | Sorrera: 2013/03/14 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 3963 | Argazki nagusia: António Rodrigues

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...