Landa-sagua
Mus spretus

Landa-sagua eremu mediterraneoko sagutxoa dugu. Etxe saguarekin estuki ahaidetutako espeziea da eta, biak oso antzekoak diren arren, izenak dioen bezala, landa sagua arruntagoa da eremu mediterranearreko landa eremuetan eta etxe sagua, aldiz, antropizatutako lekuetan.

Mus spretus

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Rodentia
Familia
Muridae
Deskribatzailea
Lataste, 1883
Estatusa
lc

Deskribapena

Itxuraz etxe saguaren oso antzekoa da baina erraz bereiz daitezke, landa saguak askoz isats motzagoa baitu (5,9-7,3 cm-koa). Etxe saguak bezala ilaje marroia du eta azpialdea zuri edo beigea. Belarrietan eta isatsean ez dute apenas ilerik izaten. Tamainaz 7,9-9,3 cm-koa da muturretik isatsa hasten den lekuraino eta 15-19 g-ko pisua izaten du.

Sagu ar eta emeak ez dira erraz bereizten. Emeetan uzkiaren eta genitalen arteko distantzia askoz motzagoa da eta bost pare ugatz izaten dituzte; aldiz, arrek ez dute ugatzik. Heldutasun sexuala lortzen dutenean arrak euren barrabilengatik bereiz daitezke. Nahiko barrabil handiak dituzte gorputzarekin proportzioan baina, hauek gorputzaren barrurantz jaso eta bertan gorde ditzakete.

Antzeko espezieak

Mus musculus
Mus musculus

Etxe-sagua eta landa-sagua bereizteko erabiltzen den ezaugarririk arruntena isatsaren luzera da, landa-saguaren isatsa askoz motzagoa baita (5,9-7,3 cm-koa).

Banaketa

Europako ipar-mendebaldean eta Afrikako kostaldeko eremu mediterraneoko mendebaldean bizi da. Iberiar Penintsula ia osoan aurki daiteke baina, eskasagoa da iparraldean, eta Euskal Herriko iparraldean ere ez da horren erraza topatzea. Piriniotako ekialdetik Frantziako hegoaldera zabaltzen da eta Balear uharteetan ere topatu izan da. Afrikan, Magrebeko eskualdeetan da arrunta (Maroko, Algeria, Tunisia eta Libia).

Mus spretus Mus spretus

Habitata

Eremu irekiak nahiago ditu eta baso itxiak ekiditen ditu. Batez ere landa eremuetan da arrunta eta bertako belartxoen artean ezkutatzen da. Antropizatutako lekuak gustuko ez dituen arren, tarteka topa daiteke abandonatutako eraikinetan.



Habitat bereko espezie gehiago

Ardea cinerea
Oryctolagus cuniculus
Aquila chrysaetos
Neophron percnopterus
Tadarida teniotis
Lanius senator
Rhinolophus hipposideros
Pipistrellus kuhlii


Elikadura

Orojale oportunista dugu landa sagua eta,  batik bat belarren haziez, fruituez eta intsektu txikiez elikatzen da. Gainera, etxe saguak baino askoz ur gutxiago behar du bizirauteko.

Ugalketa eta ontogenia

Landa saguak urteko bederatzi hilabetetan zehar ugal daitezke, azarotik urtarrilera sexualki inaktiboak baitira. Gainontzeko bederatzi hilabete horietan ugal daitezkeen arren, bi araldi nagusi dituzte: lehena apirila edo maiatzean eta, bigarrena abuztu edo irailean. Lehen araldian, aurreko urtetik biziraundako aleak ugalduko dira eta, bigarrenean, lehen araldi horretatik sortutako kumeak eta berriro ere, ale helduak.

Ernaldiak 19-20 egun irauten ditu eta 2-10 (bataz beste 5) kume itsu, gor eta ilegabe jaiotzen dira kumaldi bakoitzean.

Bi edo lau egunen buruan kumeei ilea hazten hasten zaie, hiru edo bost egunen buruan entzuten hasten dira eta 12-14 egunetan zabaltzen dituzte begiak. Begiak irekitzen dituzten momentutik aurrera elikagai solidoak jaten hasi daitezke baina, erabateko titia kentzea ez da hirugarren edo laugarren asteraino ematen. Momentu horretan gazteek habia utziko dute.

Heldutasun sexuala 8-9 asterekin lortzen dute eta 15 hilabeteko biziraupena dute.

Bizimodua

Landa sagua batez ere gautarra da. Arrak lurraldekoiak dira eta bataz beste 340 m2-ko eremuak babesten dituzte. Eremu hauek inguruko emeen eremuekin bat egiten duten arren, ez dituzte inoiz beste arrenak inbaditzen. Etxe saguak baino bakezaleagoak dira eta dominantzia soilik keinuen bidez adierazten dute, biolentziarik gabe. Gainera, ikusi izan da euren lurraldeak txukun mantzentzen dituztela, gorotzak bertatik garbituz. Jokaera hau etxe saguekiko guztiz desberdina da.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Landa-saguak animalia askoren elikagai-iturri garrantzitsua dira eta besteak beste, hontzek, sugeek eta zenbait ugaztun karniborok jaten dituzte.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Blanco JC. 1998. Mamíferos de España. Planeta. Barcelona

Perez FP. 2002. Euskal Herriko ugaztunak. ADEVE.

Gray, S.J. et al.. 1998. Microhabitat and spatial dispersion of the grassland mouse (Mus spretus Lataste). Journal of Zoology, 246 (3): 299–308

Hurst, J.L. & Smith, J.. 1995. Mus spretus Lataste: a hygienic house mouse?. Animal Behaviour, 49 (3): 827–834
Egilea: | Sorrera: 2012/11/15 | Azken eguneraketa: 2013/02/01 | Bisita-kopurua: 1855 | Argazki nagusia: Vincent Prié

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...