Erbinude zuria
Mustela erminea

Karniboro txiki hau gurean ikusi ahal izateko Bizkaiko mendebaldea edo Nafarroako Belagua bisitatu beharko dugu. Erbinude zuriaren bereizgarri nagusia buztan puntan duen orban beltza da; ezaugarri hau da, gainera, beste mustelido txikiengandik desberditzeko ezaugarri bistakoena. Neguan, ilajea erabat zuria duenean ere, buztan punta beltza mantentzen du.

Mustela erminea

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Carnivora
Familia
Mustelidae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1758
Estatusa
lc

Deskribapena

Erbinude zuriak gorputza luzanga eta gorputz-adar motzak ditu. Lepo luzea du, buru zapala eta belarri txiki borobilduak. Buztanak gorputzaren luzeraren % 37 izan dezake eta kolore beltza du alde distalean. Udan ilaje motza "txokolate" kolorekoa da alde dortsalean eta zuri-horixka alde bentralean. Neguan aldiz erabat zuria bihurtzen da baina buztan puntak beltza izaten jarraitzen du. Dimorfismo sexual handia ageri du, emeak arrak baino % 40 txikiagoak izan daitezke: arrek 180-330 g-ko pisua eta, buztana barne, 336-402 mm-ko luzeera izaten dute, eta emeek berriz 110-205 g-ko pisua eta 291-350 mm-ko luzeera.

Antzeko espezieak

Mustela nivalis
Mustela nivalis

Erbinude zuriak buztan puntan duen orban beltzak bereizten du bereziki erbinudetik. Erbinude zuriak gorputzarekiko buztan luzeagoa du, eta orokorrean, handiagoa da (King 1983).


Martes foina
Martes foina

Erbinude zuriak lepazuriak ez bezela buztan puntan orban beltza dauka. Lepazuriaren azpialdeko orbana lepo ingurura mugatzen da, erbinude zuriarena, aldiz, azpialde osoan zabaltzen da.


Martes martes
Martes martes

Erbinude zuriak lepahoriak ez bezela buztan puntan orban beltza dauka. Lepahoriaren azpialdeko orbana lepo ingurura mugatzen da, erbinude zuriarena, aldiz, azpialde osoan zabaltzen da.

Banaketa

Banaketa naturala zirkunboreala du, baina XIX. mendearen amaieran Zelanda Berrian sartu zuten. Europa osoan aurki dezakegu baina Iberiar penitsulan banaketa zatikatua du. Penintsula mendebaldean Galizian, Portugal iparraldean, Asturiasen, Kantabrian, Gaztela Leon iparraldean eta Bizkaiko mendebal muturrean banatzen da; Gorbeia eta Urkiola mendigunetan ere ikusi da. Penintsula ekialdean Pirinioetan aurki daiteke, Huesca, Lleida eta Girona probintzien iparraldean. Nafarroan Larra-Belagua inguruan soilik ikusi da. Iparraldeko banaketari buruz ez daukagu informaziorik.

Mustela erminea Mustela erminea

Habitata

Mota askotako habitatetan bizi da erbinude zuria. Baso ertz, sastrakadi, hesi-bizi, ibai ertzeko baso, hartxingadi zein mendi-larreetan aurki daiteke. Iberiar penintsula mendebaldeko populazioak itsas-mailatik hasita 1.800 m-ko altitudera arte iristen da; Piriniotako populazioak aldiz, mendi eta goi-mendiko larre eta, erreka eta laku ertzetan agertzen dira, 500-2.740 m artean.



Habitat bereko espezie gehiago

Parnassius apollo
Myotis blythii
Chionomys nivalis
Tadarida teniotis
Plecotus macrobullaris
Rupicapra pyrenaica
Pica pica
Mus spretus


Elikadura

Mikrougaztunetan oinarritzen da espeize karniboro honen dieta. Iberiar penintsulan ur-arratoi (Arvicola generoa) eta lursaguez (Microtus sp.) elikatzen da bereziki. Europa erdialdean aipatutakoez harrapakinez gain lagomorfoak, hegaztiak, intsektuak, narrastiak, anfibioak eta arrainak jaten dituztela ikusi da.

Ugalketa eta ontogenia

Arrek heldutasun sexuala 12 hilabeterekin lortzen dute, emeek aldiz sei hilabeterekin; hala ere, klima epeletan emeak jaio eta hilabete eta erdira ugal daitezke. Arrak udaberri erdialdetik uda erdialdera egoten dira araldian eta ugalketa maiatza eta apirila artean gertatzen da. Ezarpen atzeratua gertatzen da, ernalketa jazo eta lehen garapen faseak pasatakoan blastozitoa uteroan aske gelditzen da hurrengo udaberrira arte. Ezarpena gertatu eta hilabetera jaiotzen dira kumeak. Kumaldi bakoitzean 4-8 kume izaten ditu eta jaioberriek 2,7-4,2 g artean pisatzen dute; kumeak 3 edo 4 hilabeterekin independizatzen dira. 54 hilabe izatera irits daitezke.

Bizimodua

Egun osoan zehar 10-45 minutuko jarduera-tarte motzak eta 3-5 ordutako deskantsu-tarteak txandakatzen dituzte. Portaera lurraldekoia daukate erbinude zuriek, eta, ar eta emeak bereizita bizi dira urtearen zati handienean. Arren lurraldeak emeenak baino handiagoak izaten dira, eta emeren baten edo gehiagoren lurraldeak barnera ditzakete. Arrek lurralde-mugak uzki-guruinen usainarekin markatzen dituzte. (King 1983).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Azeriak, etxeko katuak eta tamaina ertain edo handiko hegazti harrapariek (besteak beste miru gorria, urubia eta hontza handia) ehizatu ohi dute erbinude zuria.

Parasitoen artean Taenia tenuicollis zestodoa eta zenbait nematodo ikusi dira.

Kontserbazioa

Iberiar penintsulan arraroagotzen ari da, arrazoi posibleak honakoak dira (Ruiz-Olmo 2010): banaketa oso mugatua du, honek berezko fluktuazioekiko sentikorra bihurtzen du; bere habitata murrizten egon daiteke; mundu-mailako banaketaren hegoaldeko mugan dago Iberiar penintsulan; oro har, mikrougaztunen ugarituasuna eta dibertsitatea murrizten ari dira.

Argazkiak

Erbinude zuria
( 2010/08/10 )
Erbinude zuria
( 2010/08/10 )
Esteka interesgarriak


Bibliografia


King, C. M. 1983. Mustela erminea. Mammalian Species, 195: 1-8

Ruiz-Olmo J.. 2012. Armiño – Mustela erminea. Enciclopedia Virtual de los Vertebrados Españoles, :
Egilea: | Sorrera: 2012/10/23 | Azken eguneraketa: 2013/03/18 | Bisita-kopurua: 4037 | Argazki nagusia: Vallone Piantonetto

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...