Millet satitsua
Sorex coronatus

Europa atlantiarrera mugaturiko espezie hau satitsu eurasiarraren (Sorex araneus) –Euskal Herrian ez dago- subespezie kontsideratu zen urte luzez, baina egun espezie kategoria esleitzen zaio. Sorex generoko gainerako satitsuen oso antzekoa da, baina hiru koloretako kolorazioak errazten du espezie hau identifikatu ahal izatea. Euskal Herriko eremu guztian aurki daiteke Nafarroako Erriberan salbu.

Sorex coronatus

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Eulipotyphla
Familia
Soricidae
Deskribatzailea
Millet (1828)
Estatusa
lc

Deskribapena

Tamaina ertaineko satitsua da, 7-7,5 cm bitarteko gorputz-luzera eta 4-5 cm-ko buztana duena. 12 eta 14 gramo bitarteko pisua izan ohi du. Kolorazioa eremu geografikoaren arabera aldakorra den arren, hiru koloreko ilaje bereizgarria du espezie honek. Bizkarraldea arre edo marroi iluna da, eta sabelaldea, berriz arre-grisaxka. Gorputzaren alboetan, ordea, ilaje horixka izan ohi du. Neguan ilajea ilunagoa izan ohi da. Emeek hiru ugatz-pare dituzte iztaietan.

Antzeko espezieak

Satitsu txikia (Sorex minutus)
Sorex minutus

Antzekotasun morfologikoa nabarmena izan arren, satitsu txikia eta Millet satitsua bereizteko ezaugarririk errazena azken horrek gorputzaren alboetan duen kolorazio argia da. Bestalde, satitsu txikia, izenak berak dioen bezala, txikiagoa izan ohi da.

Banaketa

Europa mendebaldean eragin atlantiarra duten eremuetara mugaturiko espeziea da. Hegoaldeko muga Ebro eta Tajo ibaien arroek ezartzen dute, eta iparraldean Jutlandiako penintsularen hegoalderaino hedatzen da. Ekialdean, aldiz, Oder ibaiak (Alemania) eta Alpeek mugatzen dute (Mitchell-Jones et al. 1999).

Euskal Herriko lurralde guztian bizi den espeziea da, Nafarroako Erriberan salbu.

Sorex coronatus Sorex coronatus

Habitata

Ezaugarri atlantikoak –hezetasuna eta tenperatura leunak- behar dituen espeziea da. Ezaugarri horiek betetzen dituzten askotariko habitatetan aurki daiteke, baso atlantiarretatik hasi eta goi-mendietako larretaraino (Mitchell-Jones et al. 1999). Pirinioetan 2000 metrotik gora ere aurkitu izan da (Palomo et al. 2007).



Habitat bereko espezie gehiago

Luscinia megarhynchos
Ursus arctos
Prunella modularis
Accipiter gentilis
Lepus europaeus
Dendrocopos minor
Garrulus glandarius
Glis glis


Elikadura

Espezie honek lurreko ornogabe txikietan oinarritutako dieta du, eta dipteroen larbak, ehunzangoak eta zizareak irensten ditu batez ere. Barraskiloak, armiarmak eta  kakarraldoak ere jaten ditu eta noizbehinka landareak ere irensten ditu (Mitchell-Jones et al. 1999). 

Ugalketa eta ontogenia

Iberiar penintsulan otsaila amaieratik azaroa hasierara arte luzatzen da ugal sasoia, eta aktibitate maximoa udaberrian gertatzen da (Palomo et al. 2007). Ernaldiak 24-25 egun irauten du, eta batezbeste lau kume izaten ditu kumaldiko eme bakoitzak. Emeek 3-4 kumaldi izan ditzakete euren bizitzan, eta 11-12 kume izan urteko. Lehen kumaldietan jaiotako arrek, urtea amaitu aurretik lortzen dute heldutasun sexuala, baina emeek urte oso bat behar izaten dute ugalketarako prest egoteko (Palomo et al. 2007).

Animalia hauen batezbesteko bizi-luzetasuna urtebete pasatxokoa da, nahiz eta hainbat ale 20-21 hilabete izatera iritsi daitezkeen (Palomo et al. 2007).

Bizimodua

Izaera bakartia duen espeziea da. Ugal sasoitik at oso territoriala da, eta indibiduoen arteko lurraldeak ez dira apenas gainjartzean. Ugal sasoian, aldiz, arren lurraldeak zabaldu eta gainjarri egiten dira. Egunez zein gauez mantentzen dira aktibo, eta ehiza azkarrak eta atseden hartzeak tartekatzen dituzte etengabe (Palomo et al. 2007).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Gainerako satitsu gehienen kasuan bezala, hegazti harrapari gautarrak eta karniboroak dira espezie honen harrapari nagusiak. Hontz zuria (Tyto alba), urubia (Strix aluco), hontz handia (Bubo bubo) eta hontz ertaina (Asio otus) nabarmendu behar dira. Karniboroen artean, beriz, erbinude zuria (Mustela erminea) eta ipurtatsa (Mustela putorius) aipa daitezke (Palomo et al. 2007).

Kontserbazioa

Ez du kontserbazio arazo berezirik.

 

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Mitchell-Jones AJ, Amori G, Bogdanowicz W, Kryštufek B, Reijnders PJH, Spitzenberger F, Stubbe M, Thissen JBM, Vohralík V, Zima J. 1999. The Atlas of European Mammals. Academic Press. Londres

Palomo JL, Gisbert J, Blanco C. 2007. Atlas y Libro Rojo de los Mamíferos Terrestres de España. MMA. Madrid
Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2013/01/23 | Azken eguneraketa: 2013/01/23 | Bisita-kopurua: 1604 | Argazki nagusia: www.freenatureimages.eu

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...