Satitsu txikia
Sorex minutus

Bere familiakoen artean txikiena, Euskal Herriko ugaztun ñimiñoenetarikoa da satitsu txikia. Generokideekin antzekotasun handia du, satitsu buztankarratuarekin batez ere, baina azken hori ez dago Euskal Herrian. Banaketa kontinental zabala duen espeziea da, eta gure ingurunean Nafarroako Erriberan salbu, gainerako lurralde guztian aurki daiteke.

Sorex minutus

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Eulipotyphla
Familia
Soricidae
Deskribatzailea
Linnaeus (1766)
Estatusa
lc

Deskribapena

Euskal Herrian aurki daitekeen Soricidae familiako espezierik txikiena da, gorputzaren luzera nekez iristen baita 6 cm-ra. Buztanaren luzera, berriz 4 cm ingurukoa izan ohi da. 3-7 gramoko pisua izan ohi dute animaliok. Morfologikoki gainerako sorizidoen oso antzekoa da, nahiz eta espezie honen burua gorputzarekiko txikiagoa izan ohi den. Bi koloretako ilajea du, eta kolorazioa sasoiaren arabera aldatzen da. Udan bizkarraldea arre kolorekoa izan ohi da, eta sabelaldea grisa; gazteek neguan ere kolorazio hori mantentzen dute. Neguko helduen kolorazioa ilunagoa izan ohi da. Hiru ugatz izan ohi dituzte iztaietan. 

Antzeko espezieak

Millet satitsua (Sorex coronatus)

Antzekotasun handia izan arren, Millet satitsuaren kolorazioa hiru kolorekoa da. Bizkarralde arrearen eta sabelalde grisaren artean kolore argiagoko orban bat izan ohi dute. Bestalde, satitsu txikia baino handiagoa da Millet satitsua.

Banaketa

Eurasiako kontinentean hedaturiko espeziea da, Portugaldik Txina eta Errusia ekialderaino, nahiz eta bere banaketa ez den Ozeano Pazifikoko kostaldera iristen.  Banaketaren hegoaldeko lurraldeetan mendiguneetara mugaturiko espeziea da, ez baititu lehorteak eta bero handiak jasaten. Horren erakusle da Iberiar Penintsulan duen banaketa, non Kantauriar isurialdean, Pirinioetan eta Sistema Zentraleko mendietan besterik ez den agertzen.

Euskal Herriko ia lurralde osoan aurki daiteke espezie hau, Nafarroako Erriberan salbu. Iberiar Penintsulan 2000 metroko altueraraino harrapatu den espeziea da (Palomo et al. 2007), eta Alpeetan 2300 metroko altueraraino aurkitu da (Spitzenberger 2002)

Sorex minutus Sorex minutus

Habitata

Askotariko habitatetan topa daitekeen espeziea da, baina gutxieneko hezetasun-maila konstantea mantentzen duten inguruneetan bakarrik aurki daiteke. Urteko prezipitazio-tasa 600 mm-tik gorakoa izan behar dela estimatzen da (Palomo et al. 2007), eta ingurune hezeak hobesten ditu (Mitchell-Jones et al. 1999). 

Zelaietan eta basoetan aurki daiteke, eta harrizko egituretan gorde ohi da, hesietan edo hormatan, esaterako. Lur gaineko bizitza egiten duenez, landare-estaldura handiko lekuak hobesten ditu, harrapariengandik gorde ahal izateko.



Habitat bereko espezie gehiago

Glis glis
Myodes glareolus
Hierophis viridiflavus
Nyctalus lasiopterus
Sciurus vulgaris
Pipistrellus nathusii
Dendrocopos medius
Martes martes


Elikadura

Espezie karniboroa da, eta ornogabe lurtarretan oinarrituriko dieta izan ohi du. Milazangoak, armiarmak, kakalardoak eta lepidopteroen beldarrak irensten dituzte batez ere (Mitchell-Jones et al. 1999). Gatibutzan egindako esperimentuek egunean norbere pisua halako 1,25 janari irensten dutela erakutsi dute (Palomo et al. 2007).

Ugalketa eta ontogenia

Ugal sasoia apiriletik irailera bitartean hedatzen da. Emeek 22-25 eguneko ernaldia izaten dute, eta 2-8 kume izan ohi dituzte. Kumeeak altrizialak izan ohi dira, eta 0,3 gramo inguru pisatu ohi dute. Ilajea pare bat asteren buruan garatzen dute, eta begiak 18 egun igaro ostean irekitzen dituzte. Hiru bat astez edoskitzen dute, eta esnea hartzeari utzi eta berehala dispersatzen dira lurralde bila. Heldutasun sexuala bigarren urtaren hasieran lortzen dute (Palomo et al. 2007).

Bizimodua

Espezie bakarti eta lurraldekoia da, nahikoa oldarkorra. Udazkenean eta neguan nork bere lurraldea sutsuki defendatzen du, baina ugal sasoian eme bila aritzen dira arrak euren lurraldeak alde batera utzita.  Egunez zein gauez mantentzen da espezie hau aktibo, eta habiaren inguruan aktibitate-tarte motzak izaten ditu (Palomo et al. 2007). 

Bizi-luzetasuna 13-16 hilabetekoa izan ohi da, nahiz eta kumeen %50 baino gehiago lehen urte erdian hiltzen den (Palomo et al. 2007). 

Espezieen arteko elkarrekintzak

Hegazti harrapari gautarren ohiko harrapakina da, baina ez oso ugaria. Hontz zuria (Tyto alba) eta urubia (Strix aluco) dira satitsu txiki gehien harrapatzen dituzten espezieak. Karniboro txiki eta ertainek ere harrapatzen dituzte, hala nola erbinudeak (Mustela nivalis), erbinude zuriak (Mustela erminea), katajinetak (Genetta genetta) eta azeriak (Vulpes vulpes).

Kontserbazioa

Banaketa zabaleko espeziea da, eta ugaritasun handikoa gainera. Ondorioz, ez du kontserbazio arazorik eta IUCN erakundeak LC mailan katalogaturik du. 

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Spitzenberger F. 2002. Die Säugetierfauna Österreichs. Umwelt und Wasserwirtschaft. Band

Mitchell-Jones AJ, Amori G, Bogdanowicz W, Kryštufek B, Reijnders PJH, Spitzenberger F, Stubbe M, Thissen JBM, Vohralík V, Zima J. 1999. The Atlas of European Mammals. Academic Press. Londres

Palomo JL, Gisbert J, Blanco C. 2007. Atlas y Libro Rojo de los Mamíferos Terrestres de España. MMA. Madrid
Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2013/01/11 | Azken eguneraketa: 2013/03/17 | Bisita-kopurua: 1660 | Argazki nagusia: www.freenatureimages.eu

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...