Ur-satitsu hankazuria
Neomys fodiens

Euskal Herriko ur-satitsurik arruntena eta ugariena da, naiz eta ez den erraza izaten animalia honekin topatzea. Ur-inguruneetan bizi da, erreka inguruetan, batez ere, eta gainerako satitsuak baino tamaina handiagoa du. Ezaugarri kraniometrikoak kontutan hartuta bi subespezie banatzen dira: N. fodiens fodiens eta N. fodiens niethammeri (Bühler 1996), eta bigarren hori da Euskal Herrian aurki daitekeena.

Neomys fodiens

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Eulipotyphla
Familia
Soricidae
Deskribatzailea
Pennant (1771)
Estatusa
lc

Deskribapena

Iberiar Penintsulako satitsurik handiena da. 68-97 mm luze da buztan eta guzti, eta 25 gramoko pisua izatera iritsi daiteke, naiz eta normalean 10-20 gramo bitartean pisatu ohi duen. Bizkarraldea iluna da, ia beltza, eta sabelaldea zuri-grisaxka. Buztanaren kolorazioa ere kontraste handikoa da, goialde beltza eta behealde zuriarekin. Zenbait alek orban zuriak izan ohi dituzte muturrean, begien edota belarrien inguruan eta buztanaren oinarrian. Ingurune urtarretan ibiltzera moldaturiko morfologia du. Gorputzaren atzealdea zabala da, atzeko hankak handiak dira eta gorputz-adarrak eta buztana ile zurrunez estaliak ditu. Gainera, larru iragazgaitza du. Emeek 5-7 titi pare dituzte. N. fodiens niethammeri subespeziearen burua gainerakoena baino handiagoa da.

Antzeko espezieak

Cabrera ur-satitsua (Neomys anomalus)
Neomys anomalus

Bi espezieen antzekotasun morfologikoa oso handia da. Dena den, Neomys fodiens handiagoa da eta uretan ibiltzeko moldaerak nabarmenagoak dira; hanketako ileak, batez ere.

Banaketa

Ia Eurasia erdialde guztian hedaturiko espeziea da. Ozeano Atlantikoko kostaldetik Ozeano Bareko kostalderaino hedatzen da, eta iparraldeko muga Siberiako estepa izoztuek ezartzen diote. Hegoaldeko muga, berriz, Mediterraneo itsasoaren kostaldean dago. Iberiar Penintsulak isurialde kantauriarrean bakarrik bizi da, eta, ondorioz, baita Euskal Herrian ere. 

N. fodiens niethammeri subespeziea Euskal Herriko isurialde kantauriarrean eta Pirinioetan aurki daiteke, eta baita Kantabriako eta Asturiasko hainbat gunetan ere (Lopez-Fuster 1990).

Neomys fodiens Neomys fodiens

Habitata

Ingurune urtarrei estuki loturiko animalia da, eta Euskal Herrian erreka txiki eta ertainetan agertu ohi da, batez ere. Dena den, paduratan eta baso eta larre hezeetan ere topa daiteke noizbehinka. Itsas mailatik 2500 metroko altueraraino aurki daiteke (Stone 1995).



Habitat bereko espezie gehiago

Accipiter nisus
Cinclus cinclus
Alcedo atthis
Natrix maura
Mustela lutreola
Rana iberica
Luscinia megarhynchos
Coracias garrulus


Elikadura

Animalia hertsiki karniboroa da, eta zizareak, barraskiloak, krustazeoak, milazangoak, armiarmak eta intsektuak jaten ditu. Harrapakinak ehizatzeko hainbat segunduz ur azpian igeri egin dezake, eta arrain txikiak jateko gai ere bada (Sokolov and Orlov 1980).

Animalia honen listua pozoitsua da, eta harrapakinak tontotzeko gaitasuna du.

Ugalketa eta ontogenia

Ezer gutxi ezagutzen da ur-satitsu hankazuriaren ugal ohiturei buruz. Ernaldia 19-21 egun bitartekoa da, eta 8 kume  inguru jaiotzen dira ernaldi bakoitzean. Edoskitzeak hilabete eta erdi inguru irauten du. Urtean bi edo hiru kumaldi izatera iritsi daitezke.

Bizimodua

Populazioen dentsitatea asko alda daiteke urtetik urtera (Mitchell-Jones et al. 1999). Ez dute hibernatzen. Bizi luzetasuna 14 eta 19 hilabete bitartekoa izan ohi da.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Animalia honen harrapari nagusiak hegazti harrapari gautarrak dira: hontz zuria (Tyto alba), hontz ertaina (Asio otus) eta urubia (Strix aluco).

Gizakiagan pneumonia eragiteko gai den Pneumocystis carinii onddoaren eramaila izan daiteke.

Kontserbazioa

Bernako Ituneko III. Eranskinean dago. Espeziearen banaketa zabala dela eta, ur-satitsu hankazuriak ez du gaur egun kontserbazio-arazo globalik, eta IUCN erakundeak LC kategoria esleitzen dio. 

N. fodiens niethammeri subespeziearen banaketa oso murritza da, eta, ondorioz, haren kontserbazio-egoera askoz ere okerragoa da.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Lopez-Fuster MJ, Ventura J, Miralles M, Castién E. 1990. Craniometrical characteristics of Neomys fodiens (Pennant, 1771) (Mammalia, Insectivora) from the northeastern Iberian Peninsula. Acta Theriologica, 35: 269-276

Buehler P. 1996. Taxonomic status of the large-headed water shrew (Neomys fodiens niethammeri Buehler, 1963) from Spain and selection of a neotype. Bonner Zoologische Beitrage, 46: 307-314

Sokolov VE, Orlov VN. 1980. Guide to the Mammals of Mongolia. Pensoft. Moscow

Store RD. 1996. Eurasian Insectivores and Tree Shrews; An Action Plan for their Conservation. IUCN. Gland, Switzerland

Mitchell-Jones AJ, Amori G, Bogdanowicz W, Kryštufek B, Reijnders PJH, Spitzenberger F, Stubbe M, Thissen JBM, Vohralík V, Zima J. 1999. The Atlas of European Mammals. Academic Press. Londres
Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2012/10/20 | Azken eguneraketa: 2012/11/07 | Bisita-kopurua: 1760 | Argazki nagusia: Stephen Dalton

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...