Orreaga-Irati
Nafarroa, Iparraldea
Iratiko oihana Nafarroa Behereko, Zuberoako eta Nafarroa Garaiko basoa da; horrenbestez, Pirinioetako bi aldeetara hedatzen da, Orhiko gainetik (Pikatuetako mendatetik) Orbaizetako lurretaraino (Aezkoako mendebaldea). Euskal Herriko oihan handiena da, eta Europako pagadirik zabalena (17.195 Ha) du. Gainera, izeiak, pinuak, arteak eta flora aberatsa ditu.
Mitologiari dagokionez, basoa Euskal Herriko elezahar eta mitoen gune garrantzitsua da, batez ere Basajaunen bizilekuetako bat.
Argazkia: Juan García Herraíz
Artikuluari buruz
Egilea: Antton Alberdi
Sorrera: 2012/02/15
Azken eguneraketa: 2014/10/17
Bisita-kopurua: 5038
Motzean
Geografia
Hedadura: 172 km2
Udalerriak: Eiheralarre, Ezterenzubi, Lekunberri , Orbaizeta, Otsagabia
Mendiak: Ortzantzurieta , Txango, Urkulu, Mendilatz, Errozate, Mendizar, Okabe, Arthanolatze, Harsudurra, Orhi, Abodi, Idorrokia, Berrendi
Kontserbazioa
Figurak: Batasunaren Intereserako Lekua (BIL), Kontserbazio Eremu Bereziak (KEB)
Urtea: 2005-2006
|
Biologia
Orreaga-Iratiko basoak, zuhaitz hostoerorkorrez eratuta daude batik bat (%75). Horrez gain, larre alpetar eta subalpetarrak aurki daitezke (%15) eta zingira, txilardi, eta elur-jauziek eragindako eskualde harritsuak ditu tarteka. Hori dela eta, dibertsitate altua gordetzen dute.
Lurzorua azidoa dela eta, bereziki pagoak, haritzak, gorostiak eta haginak bezalako zuhaitzak hazten dira bertan. Horrez gain, Erica ciliaris eta Erica tetralix espezieek osatutako hainbat txilardi daude, zenbait zohikaztegi eta Rhynchosporion substatuen gaineko sakonuneak. Horrez gain, Euskal Herrian arruntak ez diren goi mendietako zenbait landare espezie hazten dira Orreaga-Iratiko basoetan, aipatzekoa, Rosalia alpina espeziea.
Oreinak dira oihanean bizi diren animaliarik handienak. Badira basurdeak, orkatzak, basakatuak, erbinudeak, azeriak eta azkonarrak ere, besteak beste. Gainera, babestutako zenbait hegazti espeziek dute bertan bizitokia, esaterako arrano beltzak, arrano sugezaleak, belatz txikiak, belatz handiak, zuhaitz-belatzak... Gainera, arriskuan dauden hiru saguzar espezie ere aurki genitzake bertan.
Animalia interesgarriak
Landare interesgarriak
Geologia eta geomorfologia
Erliebe topografiko konplexua dauka, malkar eta erreka ugari ditu, denak Irati ibaira isurtzen dutenak. Atlantiko aldera jotzen dute Errobi ibaiak (Ezterenzubiko mendietan sortua) eta Ezterengibel (Ezterenzubiko herrian biltzen zaio Errobiri) eta Lauribar (Donibane Garazin husten du ura Errobi ibaian) ibaiek. Mediterraneo aldera jotzen du Irati ibaiak.
Irati ibaia Urtxuria eta Urbeltza ibaiek bat egin ondoren jaiotzen da. Urrio ibaiaren urak hartu eta Irabiako urtegian sartzen da. Ondoren Aezkoan sartu, Orbaizeta, Orbara, Aribe eta Orotz-Betelutik igaro, Artozkin Usozko urtegia sortu eta Agoitzen Urrobiren urak eta Aosen Errorenak hartzen ditu. Ondoren Zaraitzu ibaiaren urak hartzen ditu eta Aragoira isurtzen da. Guztira 80 km luze da.
Kontserbazio-figurak
1992. urteko 92/43/EEC Zuzentaraua, Eskualde alpetarreko goi mendiak babesteko sortu izan zen eta besteak beste, Euskal Herriko Iparraldeko Pirinio inguruko mendiak babesten zituen, horien artean, Irati-Orreagako basoak.
Zuzentarau horri jarraituz, 2005eko irailean Iratiko basoa, Organbidexka eta Zihigolatz mendiak Natura 2000 sareko Kontserbazio Eremu Bereziak izendatuak izan ziren, Pyrénées-Atlantiques departamenduaren eskutik, FR7212005 kodearen bitartez. Hilabete batzuk geroago, 2006ko apirilean, departamentu berdinak Iratiko basoa Kontserbazio Eremu Berezi izendatu zuen, FR7200753 kodeaz.
Erlazionaturiko araudia
Article L414-4 a l'evaluation des incidences Natura 2000 dans le Departement des Pyrenees-Atlantiques Council Directive 92/43/EEC, The list of sites of Community importance for the Alpine biogeographical region Nola iritsi
Bi bide nagusi daude Orreaga-Iratira iristeko, Aezkoakoa eta Zaraitzukoa. Aezkoakotik, Iruñea abiapuntua hartuta, Uharten N-135 errepidea hartu eta Zubiri eta Aurizberri igaro beharko ditugu. Ondoren, Aribera eramaten duen NA-140 errepidea hartuko dugu. Aribera ailegatuta, NA-2030 errepidea hartuko dugu Orbara-Orbaitzetara iristeko.
Aldiz, Zaraitzukoakotik, Iruñean NA-240 errepidea hartu behar da. Noain eta Elo igaro behar dira Judasen Bentara ailegatu arte. Bertan Irunberri eta Nabaskoze aldera eramaten duen NA-178 errepidea hartu behar da eta Otsagabiraino jarraitu.
Zer egin
Iratiko basoan ibilbide ugari dago, baina interesgarri eta bitxienetakoa Irabiako urtegia inguratzen duena da. Oihanaren bihotzean dago ur gardeneko urtegi eder hori.
Orreagatik abiapuntura heltzeko, hots, urtegiko dikera heltzeko, bidea hegoalderantz hartu behar da, eta Auritz igaro ostean, ezkerrera hartu Garraldarantz, Aribera heldu arte. Han, Orbaizetarako bidea hartu behar da, eta herria igaro ostean, arma lantegira iritsi aurretik, Arrazolara bidean eskuinera hartu, Irabiako urtegirantz. Arrazolatik, jada basoan gaudela, larreak eta pagadi sarriak zeharkatuko ditugu 7 kilometroz, urtegiko dikera iritsi aurretik.
Proposatzen dugun ibilbideak urtegia inguratzen du; ezkerreko ertzetik hasten da, eta erloju orratzen aurkako noranzkoari jarraitzen dio. Dikea gurutzatu behar da, eta eskuinerantz, pagadi eta izeidien artetik urtegia inguratzen duen bidexka hartu. Giro ona badago, ur urdin eta freskoan baina gaitezke; baina betiere, ur ertzetik asko urrundu gabe.
Ordubete inguruz ibili ostean, basetxera daraman zubira helduko gara, eta metro batzuk igaro ostean, Arrazola eta Elurretako Andre Maria lotzen dituen baso pistara ematen du. Hor gaudela, bi aukera ditugu: eskuinetara hartuta, Elurretako Andre Mariara iritsiko gara (joan-etorria 7 km gehiago); ezkerrera hartuta, urtegiaren eskuineko ertza hartuko dugu, eta abiapuntura iritsiko gara. Lehenengo aukera luzeegia izan daiteke, bi orduz baino gehiagoz ibiltzeko asmorik ez badugu. Bigarren aukera hartzen badugu, bidean ordu erdi egin ondoren bidegurutze batera iritsiko gara; Egurgio ibaiaren gaineko zubia zeharkatu, eta ezkerrerantz jarraituko dugu abiapuntura iritsi arte.
Ibilbideak
Argazkiak
( 2013/05/27 )