Otsoa
Canis lupus

Otsoa Euskal Herriko harrapari handienetako bat da. Betidanik gorroto handia izan dio gizakiak abereak ehizatzen zizkiolako, halere pizten duen gorrotoa gehiegizkoa da sortzen dituen kalte ekonomikoekin alderatuz; badira beste hainbat animalia kalte handiagoak sortzen dituztenak horrelako gorrotorik piztu gabe. Baliteke kulturalki otsoari jartzen zaion gaizto paperak eraginik izatea beraiekiko dugun ikuspegian.

Canis lupus

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Carnivora
Familia
Canidae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1758
Estatusa
lc

Deskribapena

Artzain-txakur alemaniar baten itxura du, baina pixka bat txikiagoa da. Belarriak proportzionalki motzagoak ditu, lepo sendoa eta anbar koloreko begiak helduetan. Lepoko, bizkarraldeko eta buztaneko ilea luzeagoa eta kolore ilunagokoa da, eta lerro longitudinal beltzak ditu aurreko hanketan. Neguko ilajea udakoa baino askoz dentsoagoa da. Ar helduek 33 kg inguru pisatzen dituzte eta eme helduek 28 kg inguru. Buruaren eta gorputzaren luzera 111 cm ingurukoa da arretan eta 106 cm ingurukoa emeetan.

Banaketa

Mundu mailan, garai batean ipar hemisferioko ugaztun ugarienetako bat bazen ere gaur egun asko murriztu da giza jardueraren eraginez. Kanadan, EEBBen, Alaskan, Europan eta Siberian agertzen da.

Europan populazio nagusiak ekialdeko herrialdeetan eta Iberiar penintsulako ipar-mendebaldean daude.

Euskal Herrian zeharo desagertzeraino iritsi zen, gerora agerpen puntual batzuk izan badira ere; Urbasan, Lerinen, Bardeetan... halere gaur egun Araban baino ez da geratzen, Burgosekin mugan, Salvada eta Urduñako mendietan.

Canis lupus Canis lupus

Habitata

Otsoa oso ingurune ezberdinetan bizi daiteke, Artikotik hasi eta Arabiako basamorturaino aurki daiteke, ia ingurune guztietatik pasatuz baso tropikala salbu.

Otsoarentzat habitat egokia izateko gizakiaren aurrean babesa eman behar dio, nahikoa elikagai izan behar du, eta otsoaren eta gizakiaren interesak elkarrekin gatazkarik ez sortzea baimendu behar du. Zona hauek ondorengo ezaugarriak izan ohi dituzte: landaredi dentsitate altua eta gizaki dentsitate baxua; orkatz eta basurde dentsitate altua, etxeko ganaduarekin otsoek gehienbat sarraski moduan jateko; ehiza larria ez da diru sarrera garrantzitsua eta ganadua ez da modu zabalean maneiatzen.

Azken finean otsoa oso animalia moldakorra da eta gizakiak berarekiko duen jarrera da bere banaketaren mugatzaile nagusia.



Habitat bereko espezie gehiago

Picus sharpei
Dendrocopos major
Jynx torquilla
Scolopax rusticola
Dendrocopos medius
Strix aluco
Rattus rattus
Sciurus vulgaris


Elikadura

Ekosistema naturaletan ungulatu ertain eta handiak ehizatzen ditu. Gizakiaren presentzia handiagoko ingurunetan berriz ungulatu basatiak, ganadua –normalean sarraski modura- eta, batzuetan, zaborra. Moldapen-gaitasun handiko animalia da. Hainbat ikerketatan ikusi da oso ganadu kantitate handiak ibiltzen diren ingurunetan bakarrik dela hau bere elikadura-iturri nagusia.

Ugalketa eta ontogenia

Orokorrean talde bakoitzeko ar eta eme menderatzailea bakarrik estaltzen dira. Martxoan jartzen dira araldian eta handik 63 egunera, maiatzean, jaiotzen dira kumeak. Kumaldi bakoitzean 5-6 kume jaiotzen dira. Talde bakoitzean kumaldi bat izaten da normalean baina elikagai askoko ingurutan bi edo hiru kumaldi izatera ere irits daitezke. Otsoa Canis generoko beste espezieekin ere gurutzatu daiteke hibridoak sortuz; halere ezezaguna da zakurrekin duten gurutzapen-maiztasuna eta honek duen eragina otsoen populazioetan.

Otsoek bi urte betetzerako lortzen dute heldutasun sexuala, baina –batez ere populazio saturatuetan– beranduago ugaltzen dira. Otso populazioek hilkortasun- eta jaiotza-tasa altuak dituzte eta ondorioz, berreskurapen-tasa azkarrak dituzte. Heriotza gehienak bizitzako lehenengo urtean gertatzen dira, eta otsoen portzentajea altu bat bost urte betetzerako hiltzen da. 6 eta 12 urte bitartean bizi ohi da.

Bizimodua

Bikote ugaltzaileak eta azken urteetan jaiotako ondorengoek osatutako talde lurraldekoietan bizi dira. 100 eta 300 km² inguruko azalerak erabiltzen dituzte, nahiz eta jarduera handiko azalerak askoz txikiagoak izan. Banako lurraldekoiez gain pasadizoko batzuk ere izaten dira. Otsoaren aktibitatea gautarra da, gizakiarekin kontakturik ez izateagatik neurri batean. Animalia monogamoa da.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Azeriei erasotzen die sarri, eta ekosistema naturaletan, batzuetan ungulatuen populazioak inguratzen dituzte. Zakurren gaixotasun berak izan ditzakete.

Kontserbazioa

60ko hamarkadan ia gure mapetatik desagertzera iritsi zen animalia hau gizakiaren etengabeko erasoengatik, baina halere esfortzu handirik egin gabe dezente hedatu da azken urteetan. Eztabaida ugari eragiten ditu aldekoen eta kontrakoen artean, eta beharrezkoa da otsoaren eta ganaduzaleen kontserbaziorako plan bat egitea.

Esteka interesgarriak


Egilea: | Sorrera: 2012/01/13 | Azken eguneraketa: 2013/12/30 | Bisita-kopurua: 8487 | Argazki nagusia: Antton Alberdi

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...