Erbi europarra
Lepus europaeus

Aski espezie ezaguna da erbia; ohiko ehizakia da hainbat lekutan eta, ipuinetan eta mitologian ere sarri ageri da. Oraindik IUCNko arrisku-kategoriarik ez duen arren eta Euskal Herriko zerrenda gorrietan ageri ez den arren, Europa osoko populazioak beheraka doaz azken hamarkadetan. Horregatik, hainbat herrialdetan hasi dira arrisku-kategoriaren bat ematen. Nekazaritza intentsiboak eragindako habitat-aldaketak jotzen dira beherakada horren eragile nagusitzat. Konplexutasun genetiko altuko espeziea da eta hainbat subespezietan banatzen da.

Lepus europaeus

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Lagomorpha
Familia
Leporidae
Deskribatzailea
Pallas, 1778
Estatusa
lc

Deskribapena

Euskal Herriko bi erbi-espezieen artean handiena da, 50-60 cm-ko luzeera eta 4,5 kg-ko pisua izatera iristen da. Emeak arrak baino zertxobait astunagoak dira eta, neurri-desberdintasun txiki horretaz aparte ez dago alderik sexuen artean, beraz, bereizteko modu bakarra ageriko sexu-organoak begiratzea da. Kolore arre-horixka eta orban beltzdun erbia da, sabelaldea, berriz, zuria du; isats zuri-beltza eta belarrien punta beltzak ditu, eta neguan kolore grisaxka hartzen du. Zango sendo eta luzeak ditu eta oso belarri luzeak, 10 cm-rainokoak.

Antzeko espezieak

Lepus granatensis

Erbi europarra erbi iberiarrarekin nahas daiteke. Europarrak tamaina handixeagoa du, sabelaldeko zerrenda zuria estuagoa du eta, bere sabelalde eta bizakarraldeko koloreen arteko trantsizioa gradualagoa da. 


Oryctolagus cuniculus

Erbiak untxiak baino handiagoak dira, atzeko hankak eta belarriak luzeagoak dituzte, eta oro har, itxura lirainagoa dute. Erbiek belarri puntetan dituzten orban beltzak ere bereizgarriak dira.

Banaketa

Ia Europa osoan eta Asia hego-mendebaldean agertzen da, ondorengoetan izan ezik: Eskandinavia, Errusia iparraldea, Britaniar irlak eta ia Iberiar penintsula osoa, bertan beste erbi espezie batzuk ordezkatzen baitute. Gainera, gizakiak sartu du Britaniar irletan, Eskandinavia hegoaldean, Argentinan, Txilen, Estatu Batuetan, Australian eta Zelanda Berrian (Ballesteros 2007). Euskal Herriko iparraldean topatzen da, Ebroren erriberara arte, bertan erbi iberiarrak ordezkatzen baitu (Mitchell-Jones et al. 1999).

Lepus europaeus Lepus europaeus

Habitata

Askotariko ingurunetan agertzen da baina, Europa erdialde eta iparraldean zereal-estepa ireki eta zabalak hautatzen ditu, nahikoa dibertsitate espazial dutenak. Erlazio positiboa dago erbi ugaritasuna eta habitat-dentsitate eta -dibertsitatearen artean (Smith et al. 2005). Euskal Herrian sastrakadi, hesi bizi eta basoxka ugariko landazabaletan ageri da bereziki; halere, Ebro inguruko landaketetan aurki daiteke. Itsas-mailatik goi-mendiraino banatzen da, bereziki Piriniotan, 2000 m-raino iristen baita.



Habitat bereko espezie gehiago

Rattus rattus
Sciurus vulgaris
Apodemus sylvaticus
Cervus elaphus
Vanessa atalanta
Dama dama
Martes foina
Bubo bubo


Elikadura

Belarjalea da eta landare belarkarak jaten ditu, gramineoak bereziki, nahiz eta udaberrian loreak eta beste landare batzuen pujak ere jaten dituen. Udazkenean eta neguan, onddoak, fruitu batzuk eta zuhaitz eta zuhaixken kimuak ere jaten ditu. Landatutako zerealak ere elikagai-iturri ona dira berde dauden bitartean (Ballesteros 2007). Aukera duenean landare basatiak eta belar txarrak hautatzen dituela ikusi da, baina nekazal jarduerak horien galera eragiten duenean, landatutako espezieak jaten ditu (Reichlin et al. 2006).

Ugalketa eta ontogenia

Martxo inguruan arrak borrokan ikus daitezke emeren bat lortzeko; ernaldiak 40 egun inguru irauten du eta 1-3 erbikume jaiotzen dira kumaldi bakoitzean. Urtean 3-5 kumaldi izaten dituzte. Kumeak, normalean, otsaila eta iraila artean jaiotzen dira. 100 g inguru izaten dute jaioberriek, ilez estaliak egoten dira eta begiak irekita izaten dituzte. Amak egunean behin bisitatzen ditu eta titia ematen die; hilabete batekin independizatzen dira. Emeek 7-8 hilabeterekin lortzen dute heldutasun sexuala eta arrek 6 hilabeterekin. 12 urtez bizi daitezke askatasunean (Macdonald & Barrett 1993).

Bizimodua

Eguna landaredi artean ezkutatuta pasatzen dute, iluntzean hasten da euren jarduera eta ia gau osoan egoten dira aktibo. Nahiko animalia sozialak dira eta oso egitura sozial konplexua dute, banakoen arteko jerarkian oinarritzen dena. Jarduerako denbora gehiena elikatzeko erabiltzen duten arren, atseden hartzeko eta elkarrekintza sozialerako astia ere hartzen dute. 56 km/h abiadura har dezake zuzen lasterka doanean eta norabide aldaketa bizkorrak egiteko gai da harrapariei ihesi doanean. 

Espezieen arteko elkarrekintzak

Otsoak (Canis lupus), azeriak (Vulpes vulpes), basakatuak (Felis sylvestris) eta hegazti harrapari handiek ehizatu ohi dute.

Kontserbazioa

Azken hamarkadetan, espezie honen populazioek beherakada jasaten ari dira Europa guztian zehar. Habitat galera jotzen da beherakadaren errudun nagusitzat, landazabalak nekazaritza-guneekin ordezkatzea bereziki. Gainera, zenbait gunetan eraikitzeak edo nekazal-jarduera areagotzeak populazio marginal batzuk zatitzea eragin du.

Gehiegizko ehizak eta planifikazio faltak ere kalte handia egin diote espezie honi; paisajearen eta nekazal-jardueren dibertsitatea mantentzea funtsezkoa da erbiaren kontserbaziorako. Nekazaritza ugariko guneetan heskaiak eta basoxka txikiak mantentzeak babeslekua eskaintzen die erbiei, eta landaketak txandakatzeak elikadura-kalitatea hobetzen die.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Macdonald D., Barrett P.. 1993. Collins Field Guide: Mammals of Britain and Europe. HarperCollins Publishers. London

Reichlin T., Klansek E., Hackländer K.. 2006. Diet selection by hares (Lepus europaeus) in arable land and its implications for habitat management. European Journal of Wildlife Research, 52: 109-118

Smith R. K., Jennings N. V., Harris S.. 2005. A quantitative analysis of the abundance and demography of European hares Lepus europaeus in relation to habitat type, intensity of agriculture and climate. Mammal Review, 35: 1-24

Mitchell-Jones AJ, Amori G, Bogdanowicz W, Kryštufek B, Reijnders PJH, Spitzenberger F, Stubbe M, Thissen JBM, Vohralík V, Zima J. 1999. The Atlas of European Mammals. Academic Press. Londres

Ballesteros F. 2007 In: Palomo L. J., Gisbert J., Blanco J. C. . Atlas y Libro Rojo de los Mamíferos Terrestres de España. Ministerio de Medio Ambiente. Madrid
Egilea: | Sorrera: 2012/11/04 | Azken eguneraketa: 2013/12/27 | Bisita-kopurua: 3231 | Argazki nagusia: Naturfoto.cz

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...