Satitsu arrunta
Crocidura russula

Euskal Herriko satitsurik arruntenetariko bat da. Afrika iparraldean eta Europa mendebaldean hedaturik dago eta askotariko inguruneetan aurki daiteke, geruza belarkara garatua badago behintzat. Landa inguruneko herrixketan ere ohiko espeziea da, neguan eta altuera handienetan, batez ere.

Crocidura russula

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Eulipotyphla
Familia
Soricidae
Deskribatzailea
Hermann (1780)
Estatusa
lc

Deskribapena

Tamaina ertaineko satitsua da, 6-8 cm luze dena eta 7-14 g bitartean pisatzen duena. Buztanaren luzera, berriz, 3,5-5 cm bitartekoa izan ohi da, satitsuen artean erlatiboki laburra. Begi txikiak ditu, eta belarriak handiak eta agerikoak dira. Ilajearen kolorea adinaren, urte sasoiaren eta eremu geografikoaren arabera aldakorra da. Gazteen kolorazioa apalagoa, grisakoa, izan ohi da, udako kolorea arre-marroixka da normalean, eta neguan ilunagoa izaten da. Gorputz-alboetako kolorazioa bizkarraldearen antzekoa da, eta hankak ilunak dira. Emeek hiru titi pare dituzte iztaien inguruan.

Antzeko espezieak

Baratze-satitsua (Crocidura suevolans)
Crocidura suaveolens

Baratze-satitsua arrunta baino txikixeagoa izan ohi da, eta buztana luzexeagoa da. Gainerakoan hortzeriaren eta kranioaren azterketa morfometrikoa ezinbestekoa da espeziea zehatz-mehatz bereizteko. 

Banaketa

Espeziearen jatorria Afrika ipar-mendebaldean dagoen arren (Brandli et al. 2005), Europa mendebalde osoan ere hedaturik dago. Iparraldeko eta ekialdeko mugak Alemaniako Elba ibaiak ezartzen ditu. Kanariar Uharteetan ere aurki daiteke espeziea, gizakiaren sartzapen ondorio. Euskal Herriko lurralde osoan hedaturik dagoen espeziea da.

Crocidura russula Crocidura russula

Habitata

Mediterraneoko ingurune mota gehienetara ederki moldaturiko espeizea da, baina klimatologia ozeanikoa duten inguruneetan ere bizi da. Ingurune irekiak hobetsi ohi ditu, belar geruza garatua dutenak, baina askotariko inguruneetan aurki daiteke. Giza inguruneetan ere nahiko arrunta da, mendietako nekazal inguruetan eta neguan, batez ere.

Banaketa altitudinala eremu geografikoaren araberakoa da. Marokon 2800 metroko altuerarino aurki daiteke, baina Pirinioetan ez da sekula 1200 metrotik gora aurkitu. Mendigune mediterraneotan 2000 metroko altueraraino bizi da (Palomo et al. 2007).



Habitat bereko espezie gehiago

Plecotus austriacus
Turdus merula
Myotis emarginatus
Luscinia megarhynchos
Blanus cinereus
Canis lupus
Rattus norvegicus
Trachemys scripta


Elikadura

Ornogabe lurtarrek osatzen dute espezie honen dietaren oinarria: ehunzangoek, armiarmek, bareek eta lepidopteroen larbek. Landareak noizbehinka irensten ditu (Morris 1993).

Ugalketa eta ontogenia

Tenperaturaren eta hezetasunaren menpekotasun handia duen ugal biologia du. Euskal Herrrian otsailetik irailera bitartean ugaltzen da, baina ingurune mediterraneoetan urte osoan mantentzen du aktibitate sexuala. Ernaldiak hilabete inguru irauten du, eta 2-6 kume jaiotzen dira. Kumeak altrizialak dira, eta gramo bat inguruko pisuarekin jaiotzen dira. Hiru astez edoskitzen dituzte amek, eta bi asteren burua begiak eta belarriak garatzen amaitu eta ilajea garatzen dute kumeek. 3 asteren buruan independizatzen dira gazteak eta egun gutxiren buruan lortzen dute heldutasun sexuala.

Bizimodua

Espezie erlatiboki soziala da, eta hainbat alek gainjarritako eremuak izan ditzakete. Neguan tasa metabolikoa % 80 inguru murrizten dute, eta garai horretan hainbat satitsu arruntek habia bera partekatzea arrunta da. Gauez eta egunez aktiboak diren arren, aktibitate-orduak deskantso-orduekin tartekatzen dituzte, eta egunean zeharreko torporra ere ohikoa da espezie hauetan. Kumeak gazteak direnean  (2-3 aste) ilara deigarriak sortzen dituzte elkarri buztanetik helduta amaren atzetik mugitzeko. 

Espeziearen bizi luzetasuna 17-18 hilabete bitartekoa da, eta hainbat alek bi negu igaro ditzakete. Gatibutzan 36 hilabete arte bizitzeko gaitasuna dutela ikusi da, nahiz eta satitsuen % 40-ek ez duen lehen bizi urtea gainditzen (Palomo et al. 2007).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Gainerako satitsuekin lehiatzen da hainbat eremutan, baina bere izaera generalistak ingurune gehienetara moldatzeko gaitasuna eskaintzen dio, baratze-satitsuarekin (Crocidura suaveolens) batera dagoen eremuetan ingurune suboptimoak kolonizatuz.

Hegazti harrapari eguargitar eta gautar ugarik kontsumitzen duten espeziea da, hala nola, belatz txikiak (Falco tinnunculus), hontz zuriak (Tyto alba), hontz handiak (Bubo bubo), hontz ertainak (Asio otus), urubiak (Strix aluco) eta mozoloak (Athene noctua) (Mitchell-Jones et al. 1999). Katajineta (Genetta genetta), azeria (Vulpes vulpes) eta erbinude arrunta (Mustela nivalis) ere satitsu arruntaren harrapari ohikoak dira.

Kontserbazioa

Ez du kontserbazio arazorik eta IUCN erakundeak LC kontserbazio-maila esleitzen dio.

Bideoak



Esteka interesgarriak


Bibliografia


Brändli, L, Lawson Handley, LJ, Vogel, P, Perrin, N. 2005. Evolutionary history of the greater white-toothed shrew (Crocidura russula) inferred from analysis of mtDNA, Y, and X chromosome markers. Molecular Phylogenetics and Evolution, 37: 832-844

Morris P. 2003. A red data book for British mammals. Mammal Society. London

Mitchell-Jones AJ, Amori G, Bogdanowicz W, Kryštufek B, Reijnders PJH, Spitzenberger F, Stubbe M, Thissen JBM, Vohralík V, Zima J. 1999. The Atlas of European Mammals. Academic Press. Londres

Ballesteros F. 2007 In: Palomo L. J., Gisbert J., Blanco J. C. . Atlas y Libro Rojo de los Mamíferos Terrestres de España. Ministerio de Medio Ambiente. Madrid
Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2012/11/29 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 2434 | Argazki nagusia: Gabri Martinez

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...