Kaio hauskara
Larus argentatus

Munduko kaiorik ezagun eta hedatuena da, ziurrenik kaio hauskara. Ipar hemisferioko kostaldeko herri eta hiri askotan ikus daiteke, eta oso zaratatsuak izan ohi dira. Euskal Herrian neguan ikus daitezke batez ere, iparralderagoko aleak hegoaldera migratzen dutenean, oso antzekoak diren kaio hankahoriekin batera.

Larus argentatus

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Charadriiformes
Familia
Laridae
Deskribatzailea
Pontoppidan (1763)
Estatusa
lc

Deskribapena

Tamaina handiko kaioa da, itxura sendoduna. 1200 g pisatzera irits daitezke, eta 1,3 eta 1,6 m bitarteko hego-zabalera izaten dute. Burua eta buztana zuriak dira, eta hegoen goialdea grisa, ertz beltzekin. Mokoa horia da, eta orban gorri bat izan ohi du behealdean. Bi sexuen artean ez dago ezberdintasun morfologikorik.

Ale gazteak arre kolorekoak dira, eta mokoa beltza izan ohi da. Heldu-itxura hartzeko lau urte inguru behar izaten dute.

Antzeko espezieak

Kaio hankahoria (Larus michahellis)

Antzekotasun morfologiko oso handia dute bi espezieek, baina erraz bereiz daitezke hanken kolorean erreparatuz gero. Kaio hankahoriaren hankak horiak dira, izenak dioen bezala. Kaio hauskararenak, aldiz, arrosa kolorekoak. Gainerakoan, hegoen gainaldeko kolore grisa markatuagoa izan ohi da kaio hankahorietan.

Banaketa

Ipar hemisferio osoan hedaturiko espeziea da, eta Ipar Amerikan, Asian, Europan zein Afrikan aurki daiteke. Kostaldean arruntagoa izan arren, kontinente barruetako lakuetan ere ohikoa da espeziea. Europan hegoalderen txitotzen duten aleak Bordele inguruan daude.

Larus argentatus Larus argentatus

Garaia

Euskal Herrian neguan ikusi ahal izaten dira, iparraldetik migratzen duten aleak iristean. Noizean behin udan ere ikusi ahal izaten da aleren bat edo beste.

Habitata

Kostaldeko eta lakuen ertzetako labarrak dira espezie honen habitat naturala, eta harraldean, hondartzetan eta paduretan oso ohikoak dira. Dena den, gizakiak sortutako hainbat egoerara moldatzeko gaitasun handia izan du. Hori dela eta, kostaldeko herri eta hiri askotan oso ugaria da, eta zabortegiak ustiatzen ere ikasi du, zenbait lekutan arazo handiak sortzeraino.



Habitat bereko espezie gehiago

Lymnocryptes minimus
Gallinago gallinago
Microtus cabrerae
Rattus norvegicus
Cuculus canorus
Mustela lutreola
Asio flammeus
Acrocephalus scirpaceus
Acrocephalus arundinaceus
Alosa alosa
Crocidura suaveolens
Gasterosteus aculeatus
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Mus musculus
Pandion haliaetus
Uria aalge
Bubo bubo
Chalcides bedriagai
Miniopterus schreibersii
Buteo buteo
Ardea cinerea
Phoenicurus ochruros
Alca torda


Elikadura

Larus generoko kaio gehienak bezala, hau ere omniboroa eta oportunista da. Arrainak, moluskuak eta insektuak dira ingurune naturaletan jaten dituen elikagaiak. Dena den, askok eta askok gizakiak sortutako zaborra jaten dituztenez, edozer irenstera irits daitezke.

Ugalketa eta ontogenia

Espezie monogamoa da, eta bikote gehienak bizi osokoak izan ohi dira. Habiak algekin eta lehorreko landareekin sortzen dituzte, eta taldean txitatu ohi dute. Emeak hiru arrautza inguru jartzen ditu eta hilabete inguruz inkubatzen ditu. Kumeak jaio ostean 35-40 egun behar izaten dituzte lehen hegaldia gauzatzeko, eta 3-6 hilabetez gurasoek elikatzen dituzte.

Heldutasun sexuala bost urte ingururekin lortzen dute. Bizi-luzetasuna 10 eta 20 urte bitartekoa izan ohi da, baina inoiz ezagutu den kaio hauskara zaharrenak 49 urte zituen.

Bizimodua

Monogamoak izan arren, talde handietan ibili ohi dira. Oso oldarkorrak dira, eta ohikoa da elkarren artean elikagaiagatik borrokan ikustea.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Espezie honen elkarrekintza nabarmenena gizakiarekin duena da.

Kontserbazioa

IUCN erakundearen arabera, espezie honen kontserbazio-egoerak ez du arriskurik. Gainera, zenbait lekutan arazoak sortzen ditu, eta plaga kontsideratzen da.

Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2012/02/27 | Azken eguneraketa: 2013/02/02 | Bisita-kopurua: 2197 | Argazki nagusia: Antton Alberdi

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...