Basurdea
Sus scrofa

Ia mundu osoan zabalduta dagoen ugaztun hau txerriaren senide basatitzat har dezakegu. Leku batzuetan desagertuta dago gizakiak akabatu duelako (Britainiar Irletan XIX. mendean desagertu zen); beste batzuetan, aldiz, gizakiak berak eraman du (Ameriketara eta Ozeaniara). Euskal Herriko basoetako animaliarik sinbolikoenetakoa dugu, animalia ederra izateaz gain, zinez basatia baita basurdea.

Sus scrofa

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Cetartiodactyla
Familia
Suidae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1758
Estatusa
lc

Deskribapena

Txerriaren gertuko ahaidea dugu basurdea. Ugaztun ertaina da buru luze eta handia duena. Begiak txikiak dira oso (ikusmena ez da animalia honen zentzumenik garatuena) eta lepo lodia erakusten du. Aipagarria da bere azpiko baraileko letaginen luzera, 20 cm-rainoko izatera hel daitekeena. Gorputza ere sendoa du eta hanka motzek are eta sendoagoa egiten dute. Txerriaren kasuan ez bezala, aurreko hankak zertxobait luzeagoak dira, bere ahaidea hain desiragarri egin duten atzeko hankak ez baititu hain garaturik. Ilaje trinkoa du, kolore gorri, marroi eta grisetatik erabateko beltza izaterainoko kolore aniztasuna erakusten duena.

Entzumen eta usaimen fineko animalia da, giza entzumenaren ahalmenetik at geratzen diren uhinak eta 100 metrotik gorako distantziara lurpean egon daitezkeen elikagaien (trufak eta bestelako fruituak) usainak hautematen baititu. 

 

Banaketa

Arestian esan bezala, munduko lau haizeetara joz gero basurdearen berri izan dezakegu. Salbuespenak salbuespen, oso hedaturik dagoen espeziea dela esan daiteke. Salbuespenak aipatzekotan, Afrikako zona ekuatoriala eta hegoaldea aipatuko genuke basurderik gabeko gune zabal nabarmen gisa. Hala ere, aipatzekoa da bertan basurdearen ahaideak (fakokeroak) topa daitezkeela. Siberia iparraldeko muturreko klimari aurre egiteko ere ez da gai.
  
Europa mailan mendialdeetan dago hedatuen, eta Eskandinaviar penintsula eta Britainiar Irlak salbu, hedapen zabala du kontinente osoan zehar. Euskal Herriari gagozkiolarik, mendialde eta basoetan oso hedatua da, baserri inguruetako baratzak ugari diren zonetan ingurune aberats eta segurua topatu duelarik. Gauetik egunera basurde eraso baten ondorioz makina bat baserritar gelditu da uztarik gabe!

Sus scrofa Sus scrofa

Habitata

Baso eta ingurune sastrakatsuak ditu gogoko basurdeak. Egunez animalia ezkutaria izan ohi da, eta beharrezko zaio ingurune itxi eta babestu samarra. Hala ere, itsasotik gertu eta ingurune irekietara osteratxoak egiteko zale ere bada.



Habitat bereko espezie gehiago

Chalcides bedriagai
Otus scops
Jynx torquilla
Strix aluco
Microtus duodecimcostatus
Rattus rattus
Cuculus canorus
Caprimulgus europaeus


Elikadura

Basurdea animalia hagitz orojalea da, denetarik jateko gai. Belarrak, sustraiak, fruituak,tuberkuluak, onddoak … bere dietaren parte dira. Batzuetan ehiztari ere bada eta zizareak, intsektuak, karakolak, narrasti txikiak, hegaztiak, ugaztun txikiak… atzeman eta jateko abila da oso. Azkenik, ez dio sarraskiari muzin egiten. 

Ugalketa eta ontogenia

Araldia azaro eta abenduan zehar izaten da, arren arteko hika-mikak ugariak diren garaian. Hiru lau hilabete inguruko kumaldia izaten du emeak eta gaztaroan zehar hiruzpalau basurde-kume izango ditu. Adinean aurrera doazen heinean kume kopurua jaitsiz joango da. Kume jaioberriek astebete ezkutalekuan pasako dute eta amaren esnea 3 hilabetez hartuko dute.
 
Basurde gazte emeak heldutasuna lortuko du 8 – 20 hilabete pasa ondoren. Arren kasuan heldutasun sexuala 10 hilabeteren ondoren heltzen da. Gatibutasunean 20 urtez bizi daitekeen arren, askatasunean 10 – 12 urte bizi dira. 

Bizimodua

Oso animalia soziala da eta ez du lurraldetasunarengatiko edota bestela mugarekiko inolako lehiaketarik burutzen. Egunez sedentario samarrak izaten dira, gauez, aldiz, 2 – 15 km burutzeko gai dira. Trosta arinez mugitzen dira normalean eta larrialdi kasuan abiadura azkartzeko gai diren arren, ez dira esprinta luzaroan mantentzeko gai. 

Talde txikitan migratzeko joera dute, eme eta kumeez osatuak. Taldeok 20 aletarainokoak izatera iritsi daitezke, baina orokorrean ez da dozena erdi basurde baino talde handiagorik topatzen. Arrak taldeen periferian bizi dira, araldian taldera jotzen dutelarik. Osterantzean bakartiak izaten dira, nahiz eta batzuetan ar zaharrak beste ar gazte baten konpainian ikusi izan diren arren.
 
Orokorrean behin-behineko ezkutalekuez baliatzen den izakia dugu. Hala eta guztiz ere, kumaldiaren amaieran pertz erako oheak osatzen ditu zuhaitz edota sastraken gerizpean. Bertan izaten ditu kumeak, bizitzako lehen egunetan ezkutatuta eta amaren begirada zorrozpean biziko direnak.
 
 

Espezieen arteko elkarrekintzak

Basurdeak basoko ekosisteman ez du inolako etsai naturalik, are gehiago, ekosistemaren dominatzaileetako bat dela esan daiteke. Basurdea mugagabe hedatu da eta leku askotan gehiegizko populazioa dela eta arazoak eragin ditu baratz eta flora basatian. Horrexegatik ehizaldiak antolatu izan dira, ekosistemaren orekarako beharrezkoa gertatzen baita basurde populazioa kontrolatzea.

Argazkiak

Basurdekumea
( 2012/11/17 )
Esteka interesgarriak


Egilea: | Sorrera: 2012/01/27 | Azken eguneraketa: 2014/09/12 | Bisita-kopurua: 5131 | Argazki nagusia: Jerzystrzelecki

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...