Lezkari karratxina
Acrocephalus arundinaceus

Lezkari karratxina, izenak dioen moduan, lezkadietan aurkitzen den txori txiki eta zalapartatsua da. Euskal Herrian udan baino ez dugu hegazti hau ikusteko aukera, isurialde mediterraneoko aintzira eta urmael inguruetan ugaltzen baita orduan. Txoritxo honen populazio ugaltzaile handienetako bat Nafarroan aurkitzen da, 200 bikote ingururekin.

Acrocephalus arundinaceus

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Passeriformes
Familia
Acrocephalidae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1758
Estatusa
lc

Deskribapena

Lezkari karratxina, karratxin espezieetatik handienetako bat da. 16-21 cm-ko luzera du, 25-30 cm-ko hego-zabalera eta 22-38 g-ko pisua (Martí & del Moral 2003). Helduek bizkarraldea marroia-gorrixka dute, azpialde hori-gorrixka eta papar eta bekainaldea zuri-horixkak. Kopeta laua du eta mokoa sendo eta zorrotza. Hankak gris-urdin kolorekoak dira.

Ar eta emeak bereiztea oso zaila gertatzen da eta lumajean oinarriturik behintzat, ezinezkoa suertatzen da biak bereiztea. Aldiz ale gazteek luma txikiagoak dituzte gorputzean eta luma ertainak hegoetan, eta hauen kolorea argiagoa da.

Antzeko espezieak

Acrocephalus scirpaceus

Lezkari arruntaren oso antzekoa bada ere, lezkari karratxinak tamaina handiagoa du eta bekainalde garatuagoa (Blasco-Zumeta).

Kantua

Lezkari karratxinaren soinua oso altua eta zalapartatsua da. Fase nagusian berriketa karrankari moduko bat sortzen du: karr-kri-kri-kri-jet-jet.

Arrek bi soinu mota nagusi erabiltzen dituzte komunikatzeko. Alde batetik segundo bateko luzera duten soinu motzak, silaba gutxikoak; eta bestalde, lau segundo inguruko soinu luzeagoak, silaba gehiagokoak eta altuagoak. 

Mota honetako soinu luzeak 450 metroko distantziatik entzun daitezke eta bikoterik gabeko arrek baino ez dituzte igortzen, eta hauek emea topatutakoan igortzeari uzten diote. Arren arteko lurraldekotasun lehietan, aldiz, lehenengo motako soinuak igortzen dira (Catchpole & Clive 1983).

Behin bikotekidea topatu dutela, beraz, arrek abesteari utziko diote eta beste ar baten aurrean lurraldea defendatzeko baino ez dituzte berriro soinu motzak igorriko. Beraz, soinua arrak bikotea duen ala ez aurresateko indikatzaile oso ona da (Catchpole 1986). 

Banaketa

Lezkari karratxinak banaketa paleartikoa du eta Europa kontinental osoan ugaltzen da, Eskandinavia hegoaldean hasi, Errusia, Afrika iparralde eta Asia erdialderaino. Hala ere, hegazti migratzailea da eta Afrika tropikalean hibernatzen du. 

Iberiar penintsulan udan baino ez da azaltzen eta arruntagoa da isurialde mediterraneoan. Euskal Herrian kostaldeko hezeguneetan ere ikusi izan den arren, batik bat Araba eta Nafarroako eskualde mediterraneoan da arrunta, eta azken honetan, hain zuzen, penintsulako populazio ugaltzaile handienetako bat topatzen da, 200 bikote ingururekin (Cantos 1992). 

Acrocephalus arundinaceus Acrocephalus arundinaceus

Habitata

Espezie honen izenak dioen moduan, lezkadiak dira txori honen habitat gogokoenak, behintzat kumatze garaian zehar. Phragmites eta Typha espezieko lezkadietan arrunta da, inguruan basoak dituzten hezeguneen ondoan, batik bat. Ur-ertzetako altuera handiko kanaberak eta ihiak aukeratzen ditu habiak eraikitzeko. Neguan aldiz, lezkari karratxina sastrakadietan, kanaberadietan, arroz landaketetan eta basoetako argiguneetan aurki daiteke. Eskualde menditsuak ez ditu gogoko eta ez da inoiz 1000 metrotik gorako altitudeetan azaltzen.

Euskal Herrian Urdaibaiko eta Txingudiko hezeguneetan zenbait populazio ugaltzaile topatu ziren 1996. urtean baina 2006an egindako laginketetan ez zen populazio ugaltzailerik topatu (Galarza & Hidalgo 2006). Gainontzeko populazioak aintzira eta ibai ertzetan topatu ziren.



Habitat bereko espezie gehiago

Acrocephalus scirpaceus
Alca torda
Pandion haliaetus
Epidalea calamita
Rana iberica
Bufo bufo
Lissotriton helveticus
Uria aalge
Larus argentatus
Cuculus canorus
Alosa alosa
Asio flammeus
Microtus cabrerae
Rattus norvegicus
Miniopterus schreibersii
Mus musculus
Sympetrum fonscolombii
Rana dalmatina
Hyla molleri
Ardea cinerea
Gasterosteus aculeatus
Capreolus capreolus
Buteo buteo
Alytes obstetricans
Pelophylax perezi
Crocidura suaveolens
Pipistrellus nathusii
Mustela lutreola
Triturus marmoratus
Lymnocryptes minimus
Gallinago gallinago
Trachemys scripta
Natrix maura
Sus scrofa


Elikadura

Lezkari karratxina intsektiboroa da batik bat, hala nola, intsektuen larbak, sitsak, sorgin-orratzak, txitxi-burruntziak eta kakalardo txikiak jaten ditu. Hala ere armiarma, arrain txiki eta igelak ere lezkari karratxinaren dietaren parte dira (Ezaki 1992), eta neguan, fruta jaten ere behatu izan da. Txitoak diptero eta araknidoetaz elikatzen dira batik bat (Dyrcz & Flinks 2000).

Ugalketa eta ontogenia

Ugal sasoian, arrek kantuaren bidez erakartzen dituzte emeak. Zenbait ikerketen arabera, hala ere, arrik arrakastatsuenak neguko migrazioetatik lehenengoak iritsitakoak dira, antza habia eraikitzeko lekurik erakargarrienak beraiek aukeratzen baitituzte (Hasselquist 1998). Gehienak monogamoak badira ere, bikoterik gabeko arrak maiz emeekin ugaltzen dira eta bikotedunek ere, lezkadietako landarediaren mugimenduetaz baliatzen dira disimuluan beste eme batzuekin ugaltzeko (Hasselquist et al. 1995).

Emeek habiak kanaberetan eratzen dituzte, zurtoinean material hezea josiz, material hau lehortzean habi egonkorrak sortuko direlarik (Simms 1985). Bakoitzak 3-6 arrautza jartzen ditu, maiatza erdialdean hasi eta uztaila erdialderaino (Leisler & Wink 2000) eta inkubazioaz emeak baino ez dira arduratzen. Txitoak 14-15 egunen buruan jaiotzen dira eta 12-14 egun dituztela egiten dute alde habitik (del Hoyo et al. 2006).

Bizimodua

Lezkari karratxina espezie migratzailea da, udan Europan ugaldu eta neguan Afrika tropikaldean hibernatzen duena. Arrak nahiko lurraldekoiak izaten dira eta gehienetan bikote monogamoak eratzen dituzte, nahiz eta aldi berean bi edo hiru emerekin ugaltzen diren arrak ere topatu diren (del Hoyo et al. 2006).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Kukuak maiz lezkari honen habiak parasitatzen ditu (Moskát eta Honza, 2000).

Kontserbazioa

Euskal Herriari buruzko datu orokorrik ez dagoen arren, Arabako populazioa berrogeita hamar bikote ugaltzailetik beherakoa dela uste da. Urdaibaiko Erreserbako populazio habiagilea 6-8 bikotetan estimatu da (Franco). Nafarroan, aldiz, egoera hobea da eta 200 bikote ugaltzaile inguru daudela estimatu da.

Ez dago Iberiar penintsulari buruzko estimaziorik, hainbat eskualdetan espezie hau ugaria dela uste bada ere. Hala, Salamancako Agueda ibaian dentsitatea 10 ha-ko 33,3 bikotekoa dela azpimarratu behar da. Europako lurralde gehienetan nahiko ezezaguna da oro har, eta populazio txikiak aipatzen dira. 1000-10000 bikote inguruko populazioak aipatu dira Frantzian, 100.000koak Grezian eta 10000-11000koak, berriz, Estonian (Cramp 1992).

Litekeena da Euskal Herrian batetik murrizteak eta desagertze lokalak gertatu izana, eta bestetik, berriz, artifizialki sortutako kokaleku berrietan kokatu izana. Europa iparralde eta ekialdeko banaketa-eskualdea hedatu du, baina populazioek murrizte handiak izan dituzte azken hamarkadetan Europako lurralde askotan (Cramp 1992).

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Leisler B, Wink M. 2000. Frequencies of multiple paternity in three Acrocephalus species (Aves Sylviidae) with different mating systems (A. palustris, A. arundinaceus, A. paludicola). Ethology, Ecology and Evolution, 12 (3): 237–249

Simms E. 1985. British Warblers. Collins. London

Hasselquist D, Bensch S, von Schantz T. 1995. Low frequency of extrapair paternity in the polygynous great reed warbler, Acrocephalus arundinaceus. Behavioral Ecology, 6 (1): 27–38

del Hoyo J, Elliott A, Christie DA. 2006. Handbook of the Birds of the World. Lynx Edicions. Barcelona

Moskát C, Honza M. 2000. Effect of nest and nest site characteristics on the risk of cuckoo Cuculus canorus parasitism in the great reed warbler Acrocephalus arundinaceus. Ecography, 23 (3): 335-341

Blasco-Zumeta J. Zehaztu gabea. Carricero tordal. Laboratorio Virtual Ibercaja.

Cramp S. 1992. Handbook of the Birds of Europe, the Middle East and North Africa. Oxford University Press.

Hasselquist D. 1998. Polygyny in Great Reed Warblers: a long-term study of factors contributing to male fitness. Ecology, 79 (7): 2376–2390

Dyrcz A, Flinks H. 2000. Potential food resources and nestling food in the Great Reed Warbler (Acrocephalus arundinaceus arundinaceus) and Eastern Great Reed Warbler (Acrocephalus arundinaceus orientalis). Journal für Ornithology, 141 (3): 351–360

Catchpole C. 1986. Deceit among the songbirds. New Scientist, 1504: 45-47

Catchpole C, Clive K. 1986. Song repertoires and reproductive success in the great reed warbler Acrocephalus arundinaceus. Behavioral Ecology and Sociobiology, 19 (6): 439–445

Cantos F. 1992. Migración e invernada de la familia Sylviidae en la Península Ibérica. Doktoretza Tesia, Universidad Complutense de Madrid.

Galarza A, Hidalgo J. 2006. Diagnosis de la fauna vertebrada asociada a los carrizales de la Reserva de la Biosfera de Urdaibai: censo y cartografía de la avifauna (2005/2006). Argitaragabea.

Ezaki Y. 1992. Importance of communal foraging grounds outside the reed marsh for breeding great reed warblers. Ecological Research, 7 (1): 63-70

Franco J. Kudeaketa proposamena. Estudio de la fauna silvestre asociada a los ecosistemas de la Reserva de la Biosfera de Urdaibai. Informea. Eusko Jaurlaritza

Martí R, del Moral JC. 2003. Atlas de las aves reproductoras de España. Dirección General de Conservación de la Naturaleza-Sociedad Española de Ornitología. Madrid
Egilea: | Sorrera: 2014/01/03 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 2534 | Argazki nagusia: Andrej Chudý

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...