Partenogenesi izena ematen zaio ar baten beharrik gabe emeak kumeak izateari, eta horixe bera da Amerikako Estatu Batuetako krotalo suge basatietan aurkitu berri dutena. Partenogenesi fakultatiboa ohikoa da ornogabe askotan, eta hainbat ornodunetan ere gertatzen da: etxe-oiloetan, hainbat muskerretan, suge gutxi batzuetan eta marrazoetan, besteak beste. Kasu ia guztietan, ordea, gatibutzan zeuden animalietan deskribatu da fenomenoa. Tulsako Unibertsitateko (Oklahoma, AEB) ikerlariek, ordea, Crotalinae familiako sugeetan fenomenoa uste baino askoz ere arruntagoa dela azaldu berri dute.