Arrano sugezalea
Circaetus gallicus

Landazabal ireki eta eguzkitsuak behar ditu hegazti honek, zuhaitz sakabanatuekin. Hegazti bikaina da, lertxun hauskarak adinako hego-zabalera lortzen du baina nabarmen lirainagoa da. Hegan doanean, hegoen azpialdeko lerro koloredunak nabarmentzen dira, eta soilik distantzia laburretara, arbel koloreko mokoa eta oinak. Pausatuta dagoenean bere buru handia eta begi hori handiak nabarmentzen dira.

Circaetus gallicus

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Accipitriformes
Familia
Accipitridae
Deskribatzailea
Gmelin (1788)
Estatusa
lc

Deskribapena

Bere morfologian deigarriak dira moko txikidun buru handia eta begi handiak; horiak gazteetan eta laranjaxkak helduetan. Beste eguneko hegazti harrapariek baino frontalizazio maila handiagoa du, eta honek ikusmen binokular hobea eskaintzen dio ofidioen moduko harrapakin txiki eta mugikorrak urrunetik fokatzeko (Martin eta Katzir, 1999; Ferguson-Lees eta Christie, 2004).

Tamaina handiko eta kolore aldakorreko harrapari handia da, gazteak kolore argia izan ohi dute eta helduak oso ilunetik oso argiraino aurkitu daitezke (Ontiveros, 2005). Hegan doanean azpitik begiratuta kolore argiko lumaia ikusten zaio, marra ilunez betea erremige eta errektrizetan eta bularraren erdialderaino estal dezakeen txanoa du (Ontiveros, 2005). Dortsalki kolore iluna du, grisa edo arrea. Gazteek kolorazio argia dute eta ez dute ia marrarik aurkezten azpialdean, gainera ez dute helduetan isatsaren amaieran agertzen den banda subterminal grisa, eta txanoa ere helduetan baino argiagoa da (Forsman, 1999). Helduek punta beltzdun moko grisa dute, eta behatzak gris argiak edo gris urdinxkak azkazal beltzekin (Ontiveros, 2005).

Bere tamainako harrapari batentzat oso behatz motzak ditu; behatz motzak, eta hatzapar motz eta indartsuak erlazionatuta daude narrastien moduko harrapakin txiki eta iheskorrak ehizatzearekin (Ontiveros, 2005).

Badu dimorfismo sexuala, emeak zertxobait handiagoak dira kasu gehienetan (Ferguson-Lees eta Christie, 2004). Pisuari dagokionez arrek 1500-2000 g arteko pisua izaten dute eta emeek 1513-2110 g artekoa (Glutz et al., 1971). Beste hegazti handietan gertatzen den moduan ez ditu hegaldiko luma guztiak denboraldi berean aldatzen (Forsman, 1999)

Antzeko espezieak

Zapelatz liztorjalea

Zapelatz arrunta

Bonelli arranoa

Kantua

Oro har, hegazti isila da baina, batzuetan, kumatze garaian batez ere, oihu ozen karakteristikoa egiten du, jostailuzko ahatetxoen antzekoa.

Banaketa

Banaketa paleartikodun espeziea (Cramp eta Simmons, 1980). Europan, Iberiar penintsula ia osoan, iparraldean klima atlantikodun leku batzutan kenduta; Frantziako hegoaldean; Italiako mendebaldeko kosta guztian zehar eta Alpeetan; eta Europa ekialdean agertzen da (Peterson et al., 2006). Euskal Herrian ere banaketa orokorra du Bizkaiko kostako puntu batzutan kenduta (Ontiveros, 2005).

Garaia

Migratzaile transahariarra da (Ontiveros, 2005). Estibala da Iberiar penintsulan, irailaren erditik urriaren hasiera bitartean joaten da, eta martxoa eta apirila artean itzultzen da, baina zonalde epelenetan negua ere igarotzen dute banako batzuk (Ontiveros, 2005).

Habitata

Itsas mailatik 2000 m-ra kokatzen diren zonalde irekiak eta prezipitazio gutxikoak hautatzen ditu arrano sugezaleak (Ontiveros, 2005). Zuhaitz marduletan egiten ditu habiak, nahiko txikiak bere tamainarekin alderatuz, eta kasu bakanen batean arrokatan edo lurrean habia egiten ere ikusi da (Cramp eta Simmons, 1980). Iberiar penintsulan pinudi mediterraneoak hautatu ohi ditu, baina artadietan eta artelatz-basoetan ere egiten ditu habiak, eta neurri txikiago batean, baita harizti eta pagadietan ere (Román et al., 1996). Oro har, habia egiteko beharrezkoak dituen basoak eta ehizatzeko behar dituen azalera ireki edo sastrakadiak konbinatzen dituzten zonaldeak hautatzen ditu.



Habitat bereko espezie gehiago

Pipistrellus kuhlii
Microtus duodecimcostatus
Milvus milvus
Passer domesticus
Turdus philomelos
Ciconia nigra
Asio otus
Turdus merula
Falco peregrinus
Milvus migrans
Falco tinnunculus
Alauda arvensis
Lepus europaeus
Luscinia megarhynchos
Galerida cristata
Crocidura russula
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Jynx torquilla
Athene noctua
Suncus etruscus
Myotis blythii
Buteo buteo
Neophron percnopterus
Rhinolophus hipposideros
Tyto alba
Aquila chrysaetos
Aglais urticae
Ardea cinerea
Pica pica
Miniopterus schreibersii
Plecotus austriacus
Mus spretus
Micromys minutus
Tadarida teniotis
Mus musculus
Pipistrellus pipistrellus
Lanius senator
Oryctolagus cuniculus
Eptesicus serotinus
Anguis fragilis


Elikadura

Hegazti harraparien artean espezializatuenetakoa da dietari dagokionez; bereziki sugeak ehizatzen ditu, baina baita muskerrak, hegaztiak eta ugaztunak ere (Cramp eta Simmons, 1980). Egunez ehizatzen du normalean, baina tarteka iluntzean ere bai (Ojalvo, 1998).

Iberiar penintsulan sugeek bere dietaren %95 osatzen dute: Malpolon monspesulanus, Elaphe scalaris eta Coluber hippocrepis dira bere harrapakin ohikoenak; eta neurrri txikiagoan Lacerta lepida, Natrix natrix, Natrix maura, Coronella austriaca, Chalcides striatus, Psammodromus algirus, Pelobates cultripes, Sciurus vulgaris, Bufo bufo eta Alectoris rufa (Gil eta Pleguezuelos, 2001). Suge handiak hautatzen dituzte txikiekiko (Gil eta Pleguezuelos, 2001). Ez dirudi pozoiarekiko inmunea denik, baina lumaje trinkoak eta ezkatek ofidioen erasoetatik babesten ditu; halere, sugegorrien moduko espezie pozoitsuak saihestu ohi ditu, hauek oso arraroak baitira bere dietan, nahiz eta ugariak izan arrano sugezaleak ehizatzen duen zonalde batzutan (Cramp eta Simmons, 1980).

Ugalketa eta ontogenia

Espezie estibala denez sarri aurreko urtean utzitako habia berritzen dute (Ontiveros, 2005). Bi bikotekideek hartzen dute parte habiaren eraikuntzan, arrak eraikuntzarako materiala inguratzen du eta emeak eraikitzen du habia (Boudoint, 1953). Sarri sai motzak (Aegypius monachus) utzitako habiak erabiltzen ditu Iberiar penintsulan (Galán et al., 1997).

Errunaldia arrautza zuri bakarrekoa izaten da (Glutz et al., 1971). Bigarren errunaldiak ikusi dira lehenengoa galdu den kasutan (Boudoint, 1953). 42-47 egun irauten du inkubazioak eta bi sexuek hartzen dute parte, baina hegazti harrapari gehienetan bezala emea da habian denbora gehiena igarotzen duena (Cramp eta Simmons, 1980).
  
Txitoa guraso biek zaintzen dute, baina emea da gehiena babesten duena euritik eta eguzkitik bere gorputzarekin (Ontiveros, 2005). Lehenengo asteetan txitoa mokotik mokora harrapakin zatitxoak emanez elikatzen dute, baina pixka bat hazitakoan, gai izango da harrapakinak (sugeak bereziki) tirata gurasoen paparotik ateratzeko (Cramp eta Simmons, 1980). Txitoa 70-78 egun egon ohi da habian, baina kasu batzutan 60 egunera uzten du (Cramp eta Simmons, 1980). Ez dago heldutasun sexuala lortzen duten adinaren daturik, baina 3-4 urterekin lortzen dutela uste da (Cramp eta Simmons, 1980). Aske 17 urte izatera iritsi daitezke (Glutz et al., 1971).

Bizimodua

Bakartia edo bikoteka normalean, baina migrazioan taldekoia izan daiteke, batzuta beste espezie batzuen konpainian (Ontiveros, 2005).

Araldiaren hasieran, bikoteek hegaldiak egin ohi dituzte, baina ez beste hegazti harrapari batzuenak bezain deigarriak; ez dira gorteko hegaldi tipikoak, banako bakarrak -batzutan harrapakin bat mokoan hartuta- egiten dituen uhin-mugimenduko hegaldiak baizik (Ontiveros, 2005). Espezie bereko banako baten aurrean berriz, mehatxu-hegaldi tipiko bat egiten du, kokoteko lumak harrotuta, hegoak guztiz zabalduta eta apur bat aurreratuta, buztana itxita eta apur bat jasota, eta oinak jasota (Cramp eta Simmons, 1980).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Gizakiaren enbarazuez gain, erroiak (Corvus corax) eta itsas arrano buztanzuriak (Haliaetus albicilla) beren arrautza eta txitoak jandako kasuak aipatu dira (Ivanovsky, 2002).
Hontza handiaren (Bubo bubo) harrapakinen artean aurkitu da arrano sugaezale bat Nafarroan (Arrano bat 2558 harrapakinen artean) (Donazar, 1989).

Bizkarroien artean nematodoak, trematodoak eta akantozefaloak aurkitu dira (Borgsteede et al., 2003), eta baita salmonelosia infekzioak ere (Reche et al., 2003).

Kontserbazioa

Interes bereziko espeziea da EAEn eta Nafarroan. Europan SPEC 3 kategorian sartzen da; beren populazioak Europan kontzentratzen ez diren, baina bertako populazioak kontserbazio egoera eskasean dauden espezieen kategorian.

Mehatxu-faktoreen artean, narrasti-populazioen beherakada eta nekazal inguruneetan basoen birsorkuntza aipatzen dira (Ontiveros, 2005). Elektrokuzioak ere faktore garrantzitsua dira (Ontiveros, 2005), eta azken urteetan tiroz hildakoak eta habietan egindako lapurretak ere aipatu dira (Sanchez-Zapata et al., 1995). Haize-errotek ez dirudi gehiegi eragiten dietenik migrazioan Gibraltartik pasatzen diren banakoei (De Lucas et al., 2004).

Esteka interesgarriak


Egilea: Iñaki Odriozola eta Garikoitz Perurena | Sorrera: 2012/01/02 | Azken eguneraketa: 2013/05/31 | Bisita-kopurua: 2301 | Argazki nagusia: Garikoitz Perurena

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...