Tuntun arrunta
Prunella modularis

Sastraken artean bizi ohi den hegaztia da tuntun arrunta. Euskal Herrian, arrunta da eskualde atlantiar osoan, klima mediterranearragoa duten lekuetan mendi inguruneetara mugatua dagoen bitartean.

Prunella modularis

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Passeriformes
Familia
Prunellidae
Deskribatzailea
(Linnaeus, 1758)
Estatusa
lc

Deskribapena

13-14,5 cm arteko hegazti honek moko fina eta hego motz biribilduak ditu. Gorputz gehiena marroi kolorekoa du, bizkarraldean eta sabelean marra ilunagoak aurkeztuz. Burua eta bularraldea gris urdinxkak dira, eta begiak marroi kolorekoak. Sexuen artean ez dago ezberdintasun nabaririk; gazteek, ordea, helduek baino marra gehiago izaten dituzte, buru eta leporaino heltzen direnak.

Antzeko espezieak

Prunella collaris
Prunella collaris

Mendi-tuntunak kolore gorriko lumajea izaten du hegoen azpian, eta mokoaren oinarrian orban horia dauka.

Kantua

Normalean, zuhaitz edo zuhaixka baten puntatik kantatzen du. Arrak zein emeak kantatzen duela ikusi da, beste sexukoen arreta erakarri nahian (Langmore & Davies 1997).

Banaketa

Ia Europa osoan agertzen da, Islandian izan ezik. Afrika iparraldean eta Asia mendebaldean ere aurki daiteke, eta Zeelanda Berrian sarrarazitako espeziea da (BirdLife International 2012).

Prunella modularis Prunella modularis

Habitata

Klima boreal, epel eta menditarretan bizi da. Iberiar penintsulan, iparraldeko eskualde hezeenean arrunta da edozein altitudetan, eta gainerakoetan mendietan soilik ageri da (Álvarez et al. 1985). Sastrakadi eta zuhaixkadietako espeziea da: zuhaixka baxu eta dentsoak gustuko ditu.

Euskal Herriko zonalde atlantiarrean arrunta da edozein mailatan: otadietako espezie nagusietarikoa da, eta basoetako ertzetan, palaxuetan eta soiluneetan ageri da. Pinus radiata espeziearen landaketa gazteak ere egokiak zaizkio. Zonalde subkantauriarrean arrunta izaten jarraitzen du mendietako pagadi, erkamezti, amezti eta artadien ertzetan, baina laborantza-lurretan bakanagoa da. Ezpeldietan, ordea, espezie dominatzaileetariko bat da. Zonalde mediterraneoan, aitzitik, mendi ingurunetik at arraroa da (Álvarez et al. 1985).



Habitat bereko espezie gehiago

Plecotus austriacus
Myotis emarginatus
Asio otus
Rattus norvegicus
Rattus rattus
Pipistrellus pipistrellus
Pipistrellus kuhlii
Aglais urticae
Luscinia megarhynchos
Crocidura suaveolens
Colias croceus
Rhinolophus hipposideros
Trachemys scripta
Passer domesticus
Caprimulgus europaeus
Scolopax rusticola
Lepus granatensis
Talpa europaea
Rana dalmatina
Vulpes vulpes
Phoenicurus phoenicurus
Erinaceus europaeus
Falco tinnunculus
Talpa occidentalis
Fringilla coelebs
Phoenicurus ochruros
Accipiter gentilis
Dendrocopos minor
Turdus philomelos
Turdus merula
Microtus gerbei
Microtus duodecimcostatus
Microtus lusitanicus
Sorex coronatus
Mus musculus
Cyanistes caeruleus
Rhinolophus euryale
Rhinolophus ferrumequinum
Mustela erminea
Micromys minutus
Microtus cabrerae
Myodes glareolus
Alauda arvensis
Crocidura russula
Troglodytes troglodytes
Mustela nivalis
Lepus europaeus
Athene noctua
Otus scops
Strix aluco
Picus sharpei
Dendrocopos major
Jynx torquilla
Tyto alba


Elikadura

Batez ere intsektuez elikatzen da, baina hazi txikiak ere jan ditzake. Lurretik gertu ibili ohi da hauen bila.

Ugalketa eta ontogenia

Tuntun arruntak aldakortasun handia erakusten du bikotekidearekiko duen loturari dagokiola, monogamoa edo poligamoa izan daitekeelarik. Arrak ahalik eta eme kopuru handienarekin ugaltzen saiatzen dira, eta beraz arren ugal-arrakasta handiena poliginia ematen denean lortzen da. Hala ere, hori gutxitan lortzen dute, emeak beste arrekin ere ugaldu ohi baitira, poliginandria izeneko egoerara helduz (ar batek baino gehiagok eme bat baino gehiagorekin lotura izatea). Gainera, arren ugal-arrakasta janariaren eskuragarritasunaren araberakoa dela ikusi da: elikagai ugari dagoenean, emeek lurralde txikiak defendatzen dituzte, eta arrentzat errazagoa da hainbat emeren lurraldeak monopolizatzea (poliginia) edo beste arren batekin elkarbanatzea (poliginandria). Aldiz, janaria dispertsoago dagoenean, eme bakoitzaren lurraldea handiagoa da, eta arrek ezin dute monopolizatu, monogamia edo poliandria behatuz kasu hauetan (Davies & Lundberg 1984).

Paseriforme gutxitan behatu izan da poliandria, baina tuntun arrunt emeek ar batekin baino gehiagorekin ugaltzean onura lortzen dutela ikusi da. Eme horiek ez dute monogamoek baino arrautza gehiago jartzen, baina txitak arrautzatik ateratzeko eta lumatzerako orduan arrakasta handiagoa izaten dute, zaintza paternala ar batek baino gehiagok burutzen duelako (Santos & Nakawa 2013). Poliandria ematen den kasu hauetan, arren lurraldeak gainjartzen dira, eta elkarrekin defendatzen dituzte. Hala ere, hierarkia izaten da haien artean, ar bat emea monopolizatzen saiatuko baita (Davies & Lundberg 1984).

Habia zuhaixka baten babespean egin ohi du, eta bertan urdin koloreko bost arrautza ere jar ditzake. Hiru errunaldi izan daitezke sasoi bakarrean, lehena martxo edo apiril aldera. Txitaldiak bi aste inguru irauten du, eta soilik emea arduratzen da horretaz. Txitak jaiotakoan, arrak zein emeak elikatzen ditu, eta 12-14 egunen buruan lumatzen dira.

Bizimodua

Migratzaile partziala da. Gure lurraldean sedentarioa da, baina neguan altitude baxuagoetara jaistea gerta daiteke, txitatzeko erabiltzen duen zonaldea utziz (Álvarez et al. 1985).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Kukuak (Cuculus canorus) askotan arrautzak tuntun arruntaren habian jartzen ditu, eta jaiotzen den txitak gainerako arrautzak edo txitak habiatik botatzen ditu lehia ekiditeko.

Kontserbazioa

Nahiz eta nahiko hegazti arrunta izan, nekazaritzak eraginiko presioak eta garapen industrialak kalte egin dakioke.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


BirdLife International. 2012. Prunella modularis. IUCN Red List of Threatened Species. http://www.iucnredlist.org/details/22718651/0 (2014/02/04)

Davies NB, Lundberg A. 1984. Food distribution and a variable mating system in the dunnock, Prunella modularis. Journal of Animal Ecology, 53: 895-912

Santos ESA, Nakagawa S. 2013. Breeding Biology and Variable Mating System of a Population of Introduced Dunnocks (Prunella modularis) in New Zealand. PLoS ONE, 8(7): e69329

Langmore NE, Davies NB. 1997. Female dunnocks use vocalizations to compete for males. Animal Behaviour, 53: 881-890

Álvarez J, Bea A, Faus JM, Castien E, Mendiola I. 1985. Atlas de los Vertebrados Continentales de Álava, Vizcaya y Guipúzcoa (excepto Chiroptera). Eusko Jaurlaritza. Vitoria-Gasteiz
Egilea: | Sorrera: 2014/02/04 | Azken eguneraketa: 2014/10/29 | Bisita-kopurua: 1701 | Argazki nagusia: Paco Gómez

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...