Mika
Pica pica

Bere kolore eta hegaldi ederrarengatik bezain ezaguna da txori hau bere kantu lehor eta errepikakorragatik. Egoera onean dagoen hegaztia da eta Euskal Herri guztian aurki daiteke, kostaldeko gune hezeetatik hasi eta isurialde mediterraniarreko ingurune lehorretaraino.

Pica pica

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Passeriformes
Familia
Corvidae
Deskribatzailea
Linnaeus (1758)
Estatusa
lc

Deskribapena

Tamaina ertaineko hegaztia da, 43 eta 50 cm bitarteko luzera eta 60 cm inguruko hego-luzera izan ohi baitu. Arrak emeak baino apur bat sendoagoak dira, lehenengoak 200 gramo pasatxo pisatu ohi baitute, eta bigarrenek apur bat gutxiago. Kolore zuri eta beltzeko lumajea oso bereizgarria da eta ar zein emeetan oso antzerakoa. Burua, lepoa, bizkarraldea, buztana eta paparra beltzak dira,  mokoa eta hankak bezala. Tripa ingurua, berriz zuria da eta hegoak bi koloreetakoak. Hegoak motzak dira, oinarri zabalekoak eta mutur borobildua izan ohi dute.

Banaketa

Iparramerika mendebaldean, Europa osoan eta Asia erdialdean hedaturik dagoen hegaztia da. Iberiar penintsularen hegoaldeko muturrean salbu gainerako lurralde guztian aurki daiteke, iparraldean batez ere, eta Euskal Herrian ohikoa da kostaldetik Pirinioetako txoko altuenetaraino.

Habitata

Baso handi itxi, eta gune oso irekietan salbu, edozein ingurunetan habia egin dezake eta itsas mailatik 1.400 metroko altueraraino bizi ohi dira, nahiz eta Granadan 2.400 metrotan ere behatu diren (Pleguezuelos 1992). Nekazal inguruneak atsegin dituzte eta hiri eta herrien barnean habia egin duenik ere ezagutzen da (De Juana 1980; SEO, 1994).



Habitat bereko espezie gehiago

Ardea cinerea
Oryctolagus cuniculus
Aquila chrysaetos
Neophron percnopterus
Tadarida teniotis
Lanius senator
Rhinolophus hipposideros
Pipistrellus kuhlii
Buteo buteo
Anguis fragilis
Crocidura suaveolens
Colias croceus
Myotis myotis
Eptesicus serotinus
Suncus etruscus
Turdus merula
Jynx torquilla
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Galerida cristata
Alauda arvensis
Luscinia megarhynchos
Lepus europaeus
Falco tinnunculus
Milvus migrans
Ciconia nigra
Falco peregrinus
Milvus milvus
Passer domesticus
Circaetus gallicus
Asio otus
Aglais urticae
Mus musculus
Micromys minutus
Mus spretus
Microtus agrestis
Sorex coronatus
Sorex minutus
Pipistrellus pipistrellus
Mustela erminea
Vulpes vulpes
Myotis blythii
Vanessa atalanta
Tyto alba
Miniopterus schreibersii
Cyanistes caeruleus
Microtus gerbei
Microtus lusitanicus
Lepus granatensis
Mustela nivalis
Talpa occidentalis
Talpa europaea
Plecotus austriacus
Asio flammeus
Accipiter nisus
Troglodytes troglodytes
Lacerta schreiberi
Microtus duodecimcostatus
Lymnocryptes minimus
Athene noctua
Crocidura russula
Turdus philomelos


Elikadura

Hegazti omniboroak dira, nahiz eta intsektuak diren beren dietaren ardatzak, udaberri eta udan, batez ere. Txitei jaten emateko ere erabiltzen dituzte. Era guztietako ornogabe txikietaz elikatzen dira eta baita narrasti txiki, hegazti eta mikrougaztunetaz ere. Haziak eta fruituak ere ugariak dira hegazti hauen dietan. Sarraskia ere atsegin dute eta nahiko ohikoa izaten da hegazti hauek errepide bazterretan hiliko animalietaz elikatzen ikustea. 

Elikagai asko dagoen kasuan habiatik gertu metatzen dute, izan sarraskia edo haziak. Jakiak lur edo orbelaren azpian ezkutatzen dituzte eta egun gutxi batzuetan janaria gordetako lekua gogoratzeko gai dira.

Ugalketa eta ontogenia

Mikak bi urterekin ugaldu ohi dira lehen aldiz, nahiz eta gutxi batzuek lehenengo urtean ere egiten duten.  Gaztetan talde handietan bizi ostean bikotekide bat lortzen dute. Hala ere, bikotekidea ez den eme batekin kopulatzea nahiko zabaldua dagoen joera dela behatu da.

Habia handia izan ohi da eta arraren kalitatearen erakusle izan daitekeela pentsatzen da. Habiaren tamainaren arabera, errunaldia ezberdina izan ohi dela ere behatu da, emeek txita kopurua habiaren tamainara egokitzen dutelarik.

Araldia martxotik ekainera bitartean ematen da eta errunaldia, normalean, maiatzean ematen da. Emeak 6-8 arrautza jarri ohi ditu, eguneko bat, normalean. Arrautza asko galduz gero, beste errunaldi bat eman ohi dela ere ikusi da. Inkubazio aldia 17 egunekoa da eta txitek 25 egun inguru irauten dute gurasoen habian. Bi gurasoek elikatzen dituzte eta txitaren tamainaren arabera, tamaina ezberdineko jakiak eskaintzen dizkiete.

Bizimodua

Hegazti monogamoak izan arren, nahiko sozialak dira, orokorrean. Udazken eta neguan talde handietan bildu daitezke gaua igarotzeko. Gazteek talde handiak sortzea ohikoa da eta kasu hauetan erlazio hierarkikoak behatu izan dira. Arrek, normalean, emeenganako dominantzia erakusten dute eta gazteen taldeetan maila sozial altuenak dituzten horiek izan ohi dira lurraldea eskuratu eta ugaltzeko aukera gehien izaten dutenak.

Hegazti sedentarioa da, nahiz eta gazteek hedadura-hegaldi batzuk burutzen dituzten. Gazteak, ordea, ez dira beren jaiotza lekutik 30-40 km baino gehiago urruntzen.

15 urte bizi izan diren banakoak ezagutu diren arren, gehienak ez dira 3 urte baino gehiago bizi.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Mikaren etsai nagusia kukua da, bere habia erabiltzen baitu arrautzak erruteko. Parasitismoaren ondoriozko presio hautagarriak eraginda, populazio askotako mikek defentsa-mekanismoak garatu dituzte, arrautza arrotzak ezagutu eta kanporatzeko gaitasuna lortu dutelarik. Kukuak parasitaturiko habiatan, normalean, ez du mika bat berak ere bizirauten.

Mika helduen harrapari nagusiak hegazti harrapari eta ugaztun haragijaleak dira. Arrautzak berriz, bele, erroi, miru eta bestelako hegaztiek jan ditzakete. Sugea, katajineta eta karraskariak ere miken arrautzetaz elikatzen dira.

Kontserbazioa

Espezie generalista izateagatik, eta banaketa eremu zabala eta populazio handia osatzeagatik espeziea mehatxurik gabe sailkatuta dago.

Esteka interesgarriak


Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2012/01/05 | Azken eguneraketa: 2013/03/12 | Bisita-kopurua: 2704 | Argazki nagusia: Wikimedia Commons

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...