Okil beltza
Dryocopus martius

Europako okiletan handiena da, Euskal Herrian aurki daitezkeen gainerako okilen tamainaren bikoitza baitu. Lumaje guztiz beltza du, burugain gorriarekin. Zuhaitz handi eta zahardun basoei loturiko espeziea da, eta Euskal Herrian du bere hegoaldeko muga, espezie kontinentala baita. Hegan doanean igortzen dituen soinuekin edo egurra zulatzean ateratzen duen zaratarekin identifika daiteke bere presentzia, eta baita zuhaitz handietan janari bila egiten dituen txikizioekin ere.

Dryocopus martius

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Piciformes
Familia
Picidae
Deskribatzailea
Linnaeus (1758)
Estatusa
lc

Deskribapena

Hegazti handia da, 40-50 cm inguruko luzera duena, eta hego-zabalera 80 cm-koa izatera iritsi daiteke. Pisua, berriz, 250 eta 350 g bitartekoa izan ohi da. Bi sexuen lumajea guztiz beltza da, baina buruaren kasko gorria askoz ere nabarmenagoa da arretan emeetan baino. Azken horietan orban gorria buruaren atzealdera mugatzen baita. Moko luzea du, 5-6 cm ingurukoa, oinarrian argia eta punta ilunagoduna. Begiak zuri-horiak dira.

Kantua

Hainbat kantu ezberdin erabiltzen ditu espezie honek, baina identifikatzeko erraz xamarrak dira, melodia, tonua eta indarrarengatik. Geldi dagoenean tonu altuko kree-kree-kree soinuak igortzen ditu, eta piuuu bakar eta ozenak ere entzuten zaizkio. Hegan doanean, berriz, garrasi karrankari jarraiak, irregular xamarrak, igortzen ditu.

Banaketa

Eurasiara mugaturiko banaketa dauka, eta goi-latitudeetako taigan daude populazio gehienak. 50 eta 60º-ko latitudeen artean hedatzen da Atlantikoko kostaldetik Pazifikoko kostalderaino, baina bi ertzetan banaketa hegoalderantz hedatzen da basoen hedapena dela eta. Europan, kontinentearen erdialdean eta Eskandinavian aurki daiteke, eta Britainia Handiko uharteetan eta mediterraneo inguruko lurraldeetan falta da.

Iberiar penintsulako populazio bakarrak Pirinioetan eta Kantauriar mendikateko inguruetan daude, eta espeziearen hegoaldea mugatzen dute mendikate horiek. Euskal Herrian Pirinioetako pagadietan eta pagadi-izeidietan ezagutzen dira bikote gehienak, baina Karrantzan eta Urduñan (Bizkaia) zein Gorbeian eta Elgean ere (Araba) populazio txikiak aurkitu dira azken urteotan.

Dryocopus martius Dryocopus martius

Habitata

Okil gehienak bezala, baso zaharrei loturiko espeziea da. Alde batetik, enbor handiak behar ditu habia egiteko, eta bestetik, espezie honen elikagai nagusi diren intsektu xilofagoen presentzia askoz ere handiagoa da baso zaharretan. Egur zaharra eta usteldua badago, espezie hau koniferozko zein hostoerorkorreko basoetan aurki daiteke (Carlson 1998).

Nafarroan 20 eta 25 metro bitarteko altuera duten pagoetan egiten dute habia, 100 eta 150 urte bitarteko adina duten zuhaitzetan, hain zuzen (Schwendtner & Larrañaga 2001).



Habitat bereko espezie gehiago

Cuculus canorus
Otus scops
Bubo bubo
Caprimulgus europaeus
Crocidura russula
Erinaceus europaeus
Accipiter nisus
Troglodytes troglodytes
Scolopax rusticola
Jynx torquilla
Martes martes
Strix aluco
Pipistrellus nathusii
Lacerta schreiberi
Dendrocopos medius
Dendrocopos major
Picus sharpei
Lepus europaeus
Talpa europaea
Vulpes vulpes
Ursus arctos
Phoenicurus phoenicurus
Martes foina
Aquila chrysaetos
Capreolus capreolus
Myotis emarginatus
Dama dama
Fringilla coelebs
Erithacus rubecula
Rana temporaria
Salamandra salamandra
Rana dalmatina
Dendrocopos minor
Motacilla cinerea
Accipiter gentilis
Coracias garrulus
Sciurus vulgaris
Glis glis
Garrulus glandarius
Hyla molleri
Anguis fragilis
Tyto alba
Buteo buteo
Miniopterus schreibersii
Rhinolophus ferrumequinum
Cyanistes caeruleus
Vanessa atalanta
Nyctalus noctula
Myotis nattereri
Plecotus auritus
Myotis myotis
Myotis bechsteinii
Meles meles
Turdus philomelos
Sus scrofa
Alytes obstetricans
Cervus elaphus
Nyctalus lasiopterus
Asio otus
Sorex coronatus
Pipistrellus kuhlii
Microtus gerbei
Myodes glareolus
Hierophis viridiflavus
Microtus lusitanicus
Sorex minutus
Crocidura suaveolens
Pipistrellus pipistrellus
Oryctolagus cuniculus
Mustela erminea
Nyctalus leisleri
Mus musculus
Apodemus sylvaticus
Apodemus flavicollis
Barbastella barbastellus


Elikadura

Egurraz elikatzen diren ornogabeek osatzen dute okil beltzaren dieta. Horiek harrapatzeko zulo handiak egiten ditu zutik dauden zuhaitzetan, eta intsektu bila zuhaitz baten hainbat metro txikitu ditzake. Bere tamaina dela-eta, gainerako okilek baino zulo handiagoak egin ditzake, eta egurrean barrurago dauden intsektuetaz elika daiteke bere moko luzea erabiliz. Hainbat astez jardun daiteke zuhaitz berean lanean.

Ugalketa eta ontogenia

Habia enborrean eginiko zuloan ezartzen du. Zuloaren forma obalatua izan ohi da, 9x12 cm ingurukoa. Habia prest dagoenean, apirila eta ekaina bitartean, emeak 2-8 arrautza erruten ditu (Hume 2009). Bi gurasoak arduratzen dira txandaka arrautzak inkubatzeaz, eta txitoak jaiotzean horiek elikatzeaz. Txitoek 3-4 aste behar izaten dituzte lumajea garatu, habiatik irten eta lehen hegaldia egiteko (Perrins et al. 1987). 

Bizimodua

10 urte arte bizi daiteke.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Okil beltzak habia ezartzeko egiten dituen zuloak beste hainbat espeziek erabiltzen dituzte behin okilak zuloa uztean, garrapoak (Sitta europaea) eta bechstein saguzarrak (Myotis bechsteinii), esaterako.

Kontserbazioa

Kontinente mailako banaketa zabala du, eta espeziearen habitata ondo kontserbaturik dago banaketaren parterik zabalenean. IUCN erakundeak, ondorioz, Least Concern kategorian sailkaturik dauke. Iberiar penintsulako banaketa mugatua dela-eta, kontserbazio-egoera zaurgarriagoa da espeziearen banaketaren hego-mendebaldeko mugan. Dena den, populazioen egoera egonkorra dela uste da (Carcamo 2006), eta hainbat eremutan hedatzen ari dela ere ikusi da. Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan Zaurgarri kontsideraturik dago; EAEn, berriz, Bakana.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Schwendtner O, Larrañaga A. 2001. Quinta revisión de la Ordenación Forestal del grupo de montes de Quinto Real. Gobierno de Navarra. Iruñea, :

Carlson A. 2000. The effect of habitat loss on a deciduous forest specialist species: the White-backed Woodpecker (Dendrocopos leucotos). Forest Ecology and Management, 131: 215-221

Perrins CM, Attenborough D, Arlott N. 1987. New Generation Guide to the Birds of Britain and Europe. University of Texas Press. Texas

Hume R. 2004. Guía de Campo de la Aves de España y de Europa. Ediciones Omega. Barcelona

Cárcamo S. 2006. Evolución de las poblaciones de pito negro (Dryocopus martius) y pico dorsiblanco (Dendrocopos leucotos lilfordi) en los montes de Quinto Real (Navarra) y su relación con la gestión forstal. Pirineos, 161: 133-150
Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2013/06/19 | Azken eguneraketa: 2013/06/20 | Bisita-kopurua: 2713

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...